2008(e)ko uztaila 31, osteguna

Burdin itsasbidea 2008 - Urdazubi - Abuztuaren 2a

Larunbatean Burdin itsasbidearen helmuga beraz : URDAZUBI.

Herri huntan erreka asko ixurtzen dira Uregana ibaia osatzen dutela Dantxariena auzoan Ainhoatik hurbil.
Beti toponimiari behatuz burdin garaiaren lekuko : Masakoleta, Olabizkarra, Olaburukolanda burdinolen izenak kondatu gabe.

Monastegia eta Konpostelako beilarien artatzeko eraiki ospitalea XII. mendekoa dira.


San Salvador monastegiko olak :

1403an, Arraioz labe ttikiko ola aipu da.
1423an, Landibar auzoan zagon Olako arotza labe handiko ola batean ari zen lanean.
1577an, Baztan-Azpilikuetan bigarren ola baten aipamena, parte monastegiak eta parte aranak diruztatua. Haatik laster suntsitua izan zen. Berriz eraikia 1584an Bakeola izenarekin.
1641an, 200 langile ari ziren lanean oletan.
400 urte iraun ondoan 1840an burdinaren hotsa isildu zen.

Abuztuaren 2ko egitaraua Urdazubin :

10:00etan : Azkaine eta Zugarramurditik heldu idi karroaren desfilea, San Esteban de Alkerdi kaperatik Landibar-Ola barna.

12:00etan : Helmuga eta burdinaren errezebitzea Monastegiko abadearekin. Ordainketa fraile diruzainaren ganik.

12:30etan : Burdin itsasbidearen oroit-harriaren estreina. Oroit-harri hori Bizkaiko Gallarta burdinaren museoaren eskaintza Urdazubiko Herriari.

14:00etan : Bazkari herrikoia Urdazubiko Herriak eskainirik.

Burdin itsasbidea 2008 - Azkaine - Abuztuaren 1a

Burdina Donibane Lohizune, Ziburu eta Zokoara heldu zenean norabide asko hartzen zuen : Europa, Inglaterra, edo hurbilago Frantziako portuetara, baita ere barnealdera Urdazuri - Ur Hertsi ibaia zeharkatuz.
Ibai huntan ibil ziteken marea baliatuz edo zirga bidean idi pare batek tiratuz. Untzi berezi batzu betetzen ziren : "tilloles" deituak tillura edo ezkia zurez eginak baiziren edo berdin "courralin" deituak.

Azkaingo portua :

Untziola portu ondoan kokatua zen oletik eta egur erreserbetik hurbil.
Kaian bazagon eremu bat Urdazubiko peonada deitua Urdazubiko monastegiarena zena. Burdina eta beste salgai berezi batzu gerizatzen zituen. Lekuko toponimiak Olhaberrietako izena atxikia du, gaineko eta behereko ola deitu 2 burdinolen izena hain zuzen, XVIII. mendetik harat eihera bilakatuak.
Bizkaitik itsasoz Azkaingo porturaino bidali burdina Urruña Oletako burdinolan landua zen. Maiz ere Bizkaiko aginteek salaketak egiten zituzten kontrabanda ixtorioen  gatik.


Azkaine - Senpere - Urdazubi bidetik :

Gero haatik burdinaren garraioa bidetik egiten zen idi karroekin. Bide hortan, XVII. mendeko Madalena kapera Olha auzotik hurbil da, Olhabaratxa burdinola ondoan dagola eta "Erromano zubia" ere.
Saran, XII. mendean jadanik burdina lantzen zen tokiko olak ekoiztuz, desagertu zen XVIII.an oihanak bipilduak izan zirelarik. Hor ditugu oraino garai horren lekuko Olalde auzoa eta Olhaineko kapera.

2008(e)ko uztaila 30, asteazkena

Burdin itsasbidea 2008 - Donibane Lohizune-Abuztuaren 1a

Abuztuko lehen  orduetan ikusiko duzue  Brokoaren itzal ederra Donibane Lohizuneko badian Burdin itsasbidearen ondotik bere egoitzara pausatzea etorria.

Goizeko 11:00etan auzapezak ongietorria eginen dio eta burdina "courralin" deitu untzian kargatua izanen da arratsaldean Azkainera eramana izaiteko, egin ohi zen bezala.

Berriz historiari behako bat emanez, ohartzen gira inguruko izen frango ola hitza dakarrela.

Urruña :
Eremu handiko herria izana, Urdazuri ibaiatik Bidasoaraino Urtubiako bizkondearen menean.
Gaurregun ezagutzen ditugun auzo herriak eremu hortarik bereixi ziren : Ziburu 1603an, Hendaia 1654an eta Pausu ( Béhobie ) 1859an.
Oleta auzo oihantsuan kokatua zagon
Jean de Saut jaunaren burdinola aipu da preseski 1448an . Geroago  Olhaberrietan burdina landua izan da.

Donibane, Ziburu eta Zokoako portuak :


Zokoa, geriza naturala, ipar-mendebaletik naza ( digue ) batez zaindua da. Urruñatik datorren Untxin ibaia hor ixurtzen da. Kaia 1595an azkartua izan zen.


Donibane Lohizunek XVI. mendetik XVIII.ra aktibitate handia ezagutu du. Denek dakigun bezala, Ternua eta Norbegia aldera jotzen zuten arrantzaleek arrainaren ondotik, berdin ere portuz portu ibiliz itsas komertzioa garatuz. XV. mende ondarrean oldar azkar bat ezagutu zuen  Baionako portua arez bete zen garaian.
Ziburu aipatzerakoan Donibaneko portuaren garapenari lotua da nahitaez. Kaiak 1624an eraikiak izan ziren eta zubiaren eraikuntzak segitu zuen. Untziolak Azkaine-ri buruz zubi aldean kokatuak ziren.


2008(e)ko uztaila 29, asteartea

Zumaia eta Donostian barna - Uztailaren 31an

Historiaren ikuspegitik :

ZUMAIA

Itsasotik Zumaiara sartzeko Urola ibaiaren ahokotik pasatu behar da.  Pasai arriskutsua eguraldiaren  eta marearen eraginez.
Herria 1347an eraikia izan zen Alfonso XI.ren manuz.
Luzaz Erdi arotik gaur arte untzigintza eta arrantza nagusi izan dira Zumaian. Narruondoko ola bazaukan kaia eta biltegiarekin eta XVI.an Yarzakoa ere.


( Cestona )Beduako biltegia : Aspaldiko biltegi bat ikusgai da Beduan. Gipuzkoa hegoaldeko Mutiloatik zetorren burdina emaiten zen biltegi hortan. Urola inguruko burdinola guziak Beduatik pasatzen ziren. Burdina pisatua eta kargatua izaiten zen. Cestona herrian berean hanbat burdinola kondatzen ziren, besteak beste : Alzolara, Arrona, Arrubia, Bedama, Iraeta, Lasao, Lili. Eta baziren ere Azpeitian, Azkoitian, Zumarragan eta Legazpin.

 DONOSTIA

Hiri aberatsa maila askotarat begiratuz. Aipa dezagun laburzki portua.
Jadanik 1164an burdin merkataritza pilpilean zagon Nafarroako Zantxo Zuhurrak hiri foruan arautzen duen bezala. 1294an itsas merkataritzako ligan Gipuzkoa, Bermeo, Kantabria eta Gasteizekin   Kastilako artileen eta Nafarroako arnoen exportazioan 
parte hartzen du Europa eta  Ingleterrari buruz.
Portuko kaiak 1450an eta 1850an eraikiak izan ziren. Portuaren aktibitatea XVIII. mendean izan zen  bere goren-gorenean Karakaseko Gipuzkoako Errege Konpaniaren garaian.


Urumea ibaian, Hernani portuak Olaberri deitu beste ibaiaren urak errezebitzen ditu. Dozena bat burdinola baziren. 1790an, Erregearen ganik aingurak fabrikatzeko eta lantzeko baimena ukaiten du.
XIX.an ibai nabigazioa ttikitu zen.

Aitzineko mendeetan ibaien barna itsasoruntz urbideak erabiliak ziren komertzio bide nagusi eta ekonomikoenak bezala. Adibidez, Nafarroak zaukan arazo nagusia itsaso alderateko bide eza izan zen, horretarako hanbat iskanbila eta gerla sortzen ziren, komertzioak nagusitasuna eta aberastasuna baizekarren. Hala ere Endarlatza ibaia erabiltzen zuen Gipuzkoa alderat eta Ebro ibaia Mediteraneo alderat.

Bermeo-Zumaia-Donostia-Zokoa Uztailaren 31an

Bizkaiko burdina itsasoz portuz portu badabil arbasoaek egin ohi zuten bezala komertzioak diru iturri eta harreman trukaketa zekarrela.

Brokoa txalupak  3garren egun huntan nabigazio eguna du goizetik arats egitarau trinko batekin :

10:00etan : Bermeo portutik abiatzea
13:00etan : Zumaiako portura allegatzea. Kaian bertan proiektuaren aurkezpena, ondotik bazkaria
15:00etan : Zumaiatik Donostiara
17:00etan : Kontxan barna ibili ondoan Donostiako portura. Kaian Burdin itsasbidearen aurkezpena. Aquariumaren eta Untzi museoaren bisita
21:00etan : Donostiako portutik abiatzea
Gauerditan :  Zokoara allegatzea

Zumaia eta Donostia 2 etapen aipamena eginen dautzuet ondoko artikuluan.

Burdin itsasbidearen antolatzaileak

Ez nintaike egon Uztailaren 29ko Sud-Ouest egunkarian agertu argazki ederra hemen eman gabe :


2 urteko ikerketa eta lanaren fruitua, egunez egun aipatzen dautzuet itsasbide hunen ibilbidea.
Orokorrean erran dezagun nundik pasatuko den nahi baduzue animazio eta ekitaldietan parte hartu
  • asteartean, Bilbon  Nerbion ibaian gaindi. Arratsaldean Portugaleten eta arratsean Plentzian
  • asteazkenean, Bermeon
  • ostegunean, Bermeotik Zokoara Zumaiatik  ( 13:00etan ) pasatuz eta arratsaldean Donostian ( 17:00etan ), hortik abiatzea Zokoara buruz ( 21:00etan ), Zokoara allegatzea gauerditan
  • ostiralean, goizeko 11:00etan burdina beste untzi batean emana izanen da  eta arratsaldean Azkaineko portura eramana
  • larunbatean, burdina Azkainetik Urdazubira karroz garraiatua izanen da. Ekitaldi berezia eta aipagarria bertan monastegiko abadiaren ongietorriarekin, burdin itsasbestaren oroigarriaren estreinaldia, ondotik 14:00etan bazkaria.
Oraina eta geroa memorian oinarritzen eta aberasten baita, balia eskainia  zauzuen parada  Herri Historiaz jabetzeko !!

2008(e)ko uztaila 28, astelehena

Burdin itsasbidea 08 - Bermeo - Uzt.30a

Bigarren eguna. Uztailaren 30a asteazkena.

Plentzia goizeko 10etan utzirik 4 orduz itsasoz ibili ondoan Bermeoko portua hunkituko du Brokoak.



BERMEOri behako bat :

1236an eraikia. Nazioarteko komerzio mugimendu handia ezagutu duen portua San Pedro kofradiaren sorkuntzarekin ( 1294 ). Kantabriako portuen ligaren partzuer zen Kastilako artileen exportazioaren garaian. 1480an irakur daiteke Bizkaiko foruetan aipatzen den Fernando V. aginduan " Bermeo Bizkaiko burua". Geroxago komertzio mailan Bilboko portuak lehentasuna hartu zion . Hala ere untzi eraikuntzan eta arrantzan beti indartsu izan da marinel eta arrantzale eskifai andana batekin.
Burdinolak Artika auzoan kokatzen ziren : Tribis, Olazarra eta Nafarrolan besteak beste.

Mundaka ibaiaren burdinolak :

Urdaibaiko urak marearen eragina sendi duen ibai huntan ixurtzen dira. Gernika arte nabiga daiteke Mundaka ibaian.
XVIII.an 14 burdinola kondatzen ziren : 4 Busturian eta Arrazuan, 3 Arteagan, 1 Bermeon, Mendatan eta Kortezubin.
XIX. erditsutan, bat bakarrik Muruetan eta 3 Busturian Altamirako auzoan Mape ibaian.

Burdin itsabidea 08ko ekitaldiak :

10etan Plentziako portutik abiatzea.
14etan Bermeora allegatzea. Bazkaria San Pedro kofradiako eta itsas munduko lagunekin.
16etan : Alarbin burdinolaren bisita Busturia-Axpen XVIII. mendeko bidexka bat segituz.
18:30tan Arrantzalearen museoaren bisita.
19:30tan : Museoko "Chili" gelan hitzaldia Joseba Agirreazkuenaga historia erakaslearen eskutik : " Le cabotage dans le port de Bermeo et la Ria de Mundaka".

Burdin itsasbidea 2008 - Plentzia - Uzt.29a

Uztailaren 29a, Burdin itsasbidearen lehen eguna. Arratsean Plentziara allegatuko da Brokoa txalupa burdinez kargaturik XVI. mendean bezala.

Plentziako portua :
Hiria eta portua XIII. mendekoak dira. Marinelen kofradia 1524an sortu zen Plentziako eta auzo herrietakoak ziren untzien kapitain, piloto, jabe, patroi eta eskifai biltzen zituela.
XIX. mendean, portuko aktibitatea ttikituz zoala kofradia desagertu zen 1871an. Baina eskualde hortako Itsas Merkataritzako kapitain eta pilotoen eragina azkar egon da XX. erditsu arte.

XIX. arte, Plentziako portua Bizkaiko portu handiena zen.

Butron-go burdinolak :

Erdi arotik XIX. erditsu arte entzun da burdinaren hotsa Butron-en, burdinaren garraioak lan asko eman du Plentziako kofradiako marineleei  1814a arte ingeles burdina Bizkaikoari gaina hartu zion arte.

21:30 etan : Plentzia-Gorlizen Brokoa lokartuko da eta hunen marinelak KAI-EDER kluban pausatuko.


Biharamunean, Uztailaren 30ean Plentzia utzirik Bermeo aldera joanen da Burdin itsabidearen bigarren abenturarendako.


2008(e)ko uztaila 27, igandea

Douarnenez 2008 - Argazki kutxatik

Argazki ederrak ari dira agertzen argazkilarientzat gune paregabea suertatu baita Douarnenez itsas besta horien karietarat.
Huna nahas-mahas begien gozagarri :



Eneko Aurresku dantzatzen Mikel Epalza apeza txistuan estreinadi ekitaldian.

Ramuntxo Ado arrantzale ohia Brokoan orain marinel.              









                                                                                                   Pierre Cochet    
Itsas Begia elkarteko kidea.

   
Gure itsas ondarea bizirik dagola seinale eta balio duela haize guzien kontra ere jokatzea  luzaz iraun dezan eta hunen lekukoa pasa dezagun gure haurrei !

2008(e)ko uztaila 25, ostirala

Burdin itsasbidea 2008 - Portugalete - Uzt.29a

Lehen egunean beraz, Uztailaren 29an asteartearekin Brokoa burdinez kargaturik Bilboko zahar aldea utziko du Nerbion ibaia arraunez zeharkatzeko Portugalete arte .

18 : 00 etan allegatuko da Billeterosen auzapezaren bisitarendako.

Historia apur bat

 Kaiak 1530ean eraikiak izan ziren. Portu hortan biltzen ziren untzi piloto berezi batzu kofraditan antolatuak 1651tik landa.
Gune lanjerosa Nerbion eta itsas ertze artean uhainen eta leku aretsuen gatik. Untzi hondamen leku zorigaitzez !
Bilboko Konsulak ibaian barna komerzioaren monopolioa zaukan garapen guti utziz Portugalete portuari.
Burdinaren kalitatea zaindua zen eta Billeteroseko auzapezak burdinaren exportaziorako zerga biltzen zuen.


Portugalete-n beste animazio bat eskainia izanen da :

 D.Rafael Uriarte erakaslearen hitzaldia Rialia museoan 18:30tan

19 : 30 tan Brokoa abiatuko da  21 : 00 etan  Plentzian izaiteko. Lehen gaua bertan.

Ur Joko elkartearen bilana - Douarnenez 08

Ostegun arats huntan bildu gira "Xubero" trainerua eta haren erremorka garbitzeko eta ordenatzeko. Emazte, gazte eta helduagoak denak uros agertu dira Bixente elkarteburuak errekiak eta ttap eskaintzen zaukula .
 Oroitzapenak, irriak, uretan egun guziz goizez eta aratsaldez,  gaueko bestak... bakotxak bazuen zer konda eta aipa.
Hots umore ona nagusi. Gisa huntako ekitaldiak giza-harremanak tinkatu baizik ez ditu egiten.
Sandrinek interneten ezarri ditu argazki parrasta bat lotura huntan aurki ditzakezuna :

link

Anartean, horietarik  batzu jasta proposatzen zauzkitzuet, lehena Eneko Aurresku dantzatzen ari zaukula Mikel Epalza txistuan delarik estreinaldi ekitaldian :


Mementu hortan Brokoa txalupa, Hendaiako trainerua eta Ur Joko-ko trainerua uretan ginen :



Eta Brokoa maniobretan arraunez edo belak emanez :




Aaahhh !!! gure txalupak forma guziz ederra du, borobil borobila, bale baten sabela iduri eta "Xubero" ondotik !!!

2008(e)ko uztaila 23, asteazkena

Bilbo Somorrostroko EL POBAL burdinolaren bisita-Uzt.29a

                                                                                                                                                                                                                   Salazar jendeki ospetsuek
XVI. hastapenean eraiki zuten burdinola hau Muskizen oihan gune batean.
XVIII mendean aldiz, urtegia, kanala eta tunela.
1965a arte El Pobal burdinolak iraun du. 
Garai hortako lekuko bakarra gelditzen zauku  ehunka kondatzen ziren burdinolen artean.

                                                                                                                                                                                                        Burdin itsasbideak EL POBAL burdinola hau bisitatzeko parada eskainiko dauku Uztailaren 29an asteartearekin goizeko 10etan Somorrostron.

Ondotik, 12etan : Bilboko Itsas museoan Burdin itsasbidea 2008-ren estreinaldia, ibilbidearen aurkezpena Itsas Begiaren eskutik.
14etan : Nervion ibaiaren zeharkatzea Itsas museotik Bilboko San Anton zubiraino.
15etan : Bilbo Zaharrean burdinaren kargatzea.
Aingeru ZABALAren hitzaldia San Anton zubian.


Burdin itsasbidea 2008

Uda  frango kargatua da  Itsas Begia elkartearentzat.
Douarnenez-ko itsas bestak burutu bezain laster, hara berehala jautsi ondoan Bilbora buruz doala Brokoa bere txalupa enblematikoa Burdin Itsasbidearendako.

Zer da Burdin itsasbide hori  ?
XVI. eta XIX. mendeen bitartean, uda partean, Bizkaiko Somorrostrotik burdina untziz eta portuz portu garraiatua zen Donibane Lohizunetik barna Urdazubiko burdinoletara. Garai heietan komerzio bide ekonomikoena eta lasterrena itsasoz eta ibaiaz zen.

Bilbo - Urdazubi 2008 : itsasbide hau aurten berriz hartzeko, Gonzalo Duo  etnologo historialariaren ikerlanaz ( Burdin itsasbidea eta Plentziako San Pedro kofradia ) baliatu da Itsas Begia, Eusko Ikaskuntzaren laguntza ukan duelarik Gonzalo Duo-k.


Nundik nora :

BILBO - PORTUGALETE - PLENTZIA - BERMEO - ZUMAIA - DONOSTIA - DONIBANE LOHIZUNE - AZKAINE - URDAZUBI

Uztailaren 29tik Abuztuaren 2a arte.
Portu eta pasai guzietan, animazio ekitaldiak antolatuak dira. Komitatuak zirezte parte hartzera, aldi berean gure ondarearen hobeki ezagutzeko parada ezin hobea eskainia zauzuelarik.

Xehetasunak ondoko artikuluetan.

2008(e)ko uztaila 22, asteartea

Douarnenez-ko itsas besten arrakasta - V. partea

Gauaz, inguru guziko argiekin portua bere untziekin itxura magiko batez janzten da :



Eta aurtengo berritasuna "Aérobulle" konpaniak montgolfier eta irudimenezko pertsonai fantasmatikoekin itxuraldatu du gaua :


Kausitze ederra itsas bestako antolatzaileentzat egiazko animazioa sortu baitute portuan berean, portua baita alabaina besta hunen bihotz eta arima !

Bilanaren egiteko tenorean, 1200 untzi, 100 000 bisitari, kausitzea kantitate aldetik eta garrantzitsuena kalitate aldetik. Jean-Michel Le Boulanger Besteen antolatzaileburuak dioenaz : " Berraurkitu dugu 1986 eta 1988 urteko giroa. Azken ekitaldia 2006an hala-holakoa baldin bazen, aurtengoa erreusitu dugu. Haatik 2 baldintza zalantzagarri hor izaiten ditugu beti , eguraldia eta elkartearen buxeta ."
Ez da ez antolaketa ttikia izaiten, 1500 bolondres jotake ari direlarik 4 egunez !
Biba zuek eta 2010a arte !

Douarnenez-ko itsas besten arrakasta - IV. partea

Douarnenez portuan bildu untzien artean, ikus zitaken bapore untzi ttiki batzu egurrarekin ibiltzen zirenak :


Pollitak dira ez ? zurez, ongi bernizatuak, marinel pasionatuen obrak dudarik ez !
Euskaldunen gunea eskuin aldean ageri da ikurrina eta  karpa xuriekin :



Hego Euskal Herritik, batez ere Bizkaitik baziren etorriak :


Larunbat aratsaldean, lehiaketa bat antolatua zuten "à la godille" untzia arraun batekin aitzinaraziz ( hemen 3 untzi bat bertzearen ondotik ari dira ) :


Ondoko artikuluan gauaren magia aipatuko dautzuet.

2008(e)ko uztaila 21, astelehena

Douarnenez-ko itsas besten arrakasta - III. partea

Dakizuen bezala, ohorezko komita Euskal Herria izan da aurten Douarnenezko itsas bestetan. Harreman bereziak sortu dira gure artean, dela arrantza dela kontserbategi eta ondorioz  jende harremanetan 300 famili baitira ezagutza eta harreman horien fruitu.
Ortziralean zen Euskaldunen eguna bestetan, estrenaldi ofiziala goizean egina izan delarik delako 4 mastako untzi errusiar erraldoian. Mikel Epalza bestako aitabitxiaren hitzaldi barnakor , suhar eta  bihozdunaren ondotik Eneko gure arraunlari lagunak Aurresku dantzatu du oin hutsik.
Egun osoa - eta bistan dena gauaz- bestak segitu du. Lehenik uretan goizean lehia erakusketa eman dugu Hendaiako eta Ur Joko elkarteko arraunlariek. "Le télégramme" egunkarian agertzen ginen biharamunean :


Angeluko Ibaialde elkarteko musikari eta kantari batzuk bidaia egina zuten ere bazterrak animatzeko :


Aratsaldean, Euskal Kultur Erakundeak ekarrarazia zuen Patxi & bere konpania euskal giroa emaiteko :


Brokoa txalupa leku apartekoa izan da zintzur bustitzearendako :




Ondotik kanpoan berean eguraldi goxoa lagun,bestako antolatzaileek  euskalduneri afaria eskaini diete. Momentu arraroa - ez dira beti argazkiak hartzen, bizia gozatzen baita -, kantu, musika, hots giro beroa !!!
Gaua aitzina zoala, gutarteko dantzariek atzeman dute "festnoz" egiteko manera karpa pean 15 musika trebeek alaiturik :



Eta noizbait etxerako ordua iritsi zaigu...Mikel Markez-ek kantatzen duen bezala !

Douarnenez-ko itsas besten arrakasta - II. partea

Portu aldetik urrun hauxe ikus zitaken , bela untzi kate edo ezin bururatuzko desfilea :


Ttiki, handi, masta gabekoa, 2 edo 3 edo 4 mastakoa ; belak haizeari eskainiak.
Untzi horien artean, ederrenetako bat, "La Cancalaise" Bizkaiko euskal untzia denboran eta ondotik bretoinek planak galdeturik moldatu dutena ( frantsesez bisquine deitzen da ). Arrakasta gaitza bildu du portura sartu delarik bela guziak hedatuak :


Kruzenshtern 4 mastako untzi errusiarrak ere arrakasta handia bildu du animalia baita 200 marinel dituelarik
( alemana zen hastapenean ) :



Pen Duick famatuetarik 3 ere hor ziren :


Hots eskualde orotarik jinak, denak bat bertzea bezain eder :




Jendea kaietan, marinelak untzietan, portuetan itsas gizon-emazteen artean aurkitzen den giro ezin sano batean, bai besta ongi hasten zen !

Douarnenez-ko itsas besten arrakasta - I. partea

Bai aurten ere, arrakastatsuak izan dira itsas bestak Douarnenez portuan. Itsasoa eta untziak maite dituztenek izan dute ba nun noiz zer goza !
Rouen hirian - 5 urtetarik antolatzen dena- untzi erraldoien armadarekin, Brest hirian  ere - 4 urtetarik haatik hau -  jende gaitza bildu da eta Uztailaren 17an horko untziak Douarnenezra joan dira - hau 1986tik goiti 2 urtetarik antolatzen den itsas besta .

Douarnenez-n, ostegun goizean bazterrak kalme ziren oraino eta pixkanaka aratsalde hastepenetik goiti zoko guziak bete dira ikusliarrez, denak argazki tresnekin edo katalosekin.




 Eguraldi apartekoa Brestetik Douarnenezra untzien parada ederrarentzat. Beha hemen urrun agertzen dela Brest-en badia asteazken aratsaldean :


"Tas de pois" deitu harkaitz famatuen pasaia beti asteazkenean :


Eta orain ostegunean untzi guziak hortik pasatzen direlarik Brestetik Douarnenezra joaiteko :


Douarnenez-n allegatze eder hori beti ikusgarri arraroa izaiten da, begiek ez dakitelarik nora begira !!