2009(e)ko urtarrila 31, larunbata

Buuzbu taldea Ziburun

2007an sortu Buuzbu taldearen ezagutzeko parada izan ginuen jaz Azkaingo Xoko-ona ostatuari esker.
Berehala, gustatu zautan lau mutil hauek botatu "mitxa" !
Eihalarreko bi lagun : Etxe (kantua & gitarra) eta Jakes (kantua & baxua), Xarxa garaztarra perkusioan eta David Arriola "Aiu" saxoan.
Publikoaren aitzinean,
bazterren harrotzeko eta animatzeko eginak dira. Euskal kantuak eta jada biziki ezagunak diren kantuak uztartzen dituzte eta nahasten DJ moduan, eta lortu emaitza bikaina atxemaiten dut.
2008ko ekainaren 6an, Ruper Ordorikarekin eman zuten kantu hau :



BUUZBU taldea, otsailaren 7an ikusgai Ziburuko ihauterietan, 23:00tan.

2009(e)ko urtarrila 30, ostirala

Sortetxeko pipa-loreak

Sortetxe ondoan zagon oihanean maite nuen ibiltzea : errekatxo baten bazterrean, urtarril-otsailan, lehen pipa -lore salbaiak agertzen ziren bai eta jazintak (hau haatik berantago). Lore urdin hunen usain goxoaz ez nintzen aspertzen.

  Ez nuen deus ederragokorik aurkitzen, ur biziaren musika alaia, lore sinple horien berriz atxemaitea urtero beti hitzordua hutsegin gabe hor zagonak.

Ez nuen gehiagokorik behar bihotza arintzeko : terapia baliosagorik ez da.





E
txe berria eraikitzean, hunen hegian dagon haritzpean sortetxeko lore tipulak landatu ditut, iraganeko oroitzapen goxoenen ikur keinuak.



Urtero, nere urtebetzekari loratzen zaizkit pipa-lore maitagarriak, ama zenak eskaintzen zautan opari estimatuena !

2009(e)ko urtarrila 24, larunbata

Ekaitza goiz hartan

Urtarrilaren 24a. Gaua. Haizea azkar ufatzen ari da. Ez da sorpresa bat, komunikabideetan, iragarria zen. Kolpez, teilatuan soinua : teilak lerratu edozer ?  Zer tenore da ? Behingoan, gelako leihoak zerratu ditugu, kanpoko argirik ez da sartzen. Kutsu lekuko lanpa ttikia piztu nahi eta itsu gelditzen zait : argindarrik ez. Ez da harritzekoa haizearen ufada bortitzek arbol bat bota dukete nunbeit, hain segur. 150 kilometro orenean, pentsa zer indarra !

Nahi nuke jakin ba ze ordu den halere ! Xutitu, garbi gelan eskuko lanpa bat atxeman, zazpiak ordularian, garajerat jautsi "compteur"a saltatua denetz ikusterat : arazorik ez hemen. Xirioak pixtu eta han-hemenka ezartzen ditut zoko-mokoak ilunpetik ateratzeko.

Beharrik furneoa badugula gosaria berotzeko, janaria labean erretzeko eta ere etxea argitzeko ! Azken modelo eder hunek, "Kidea" Ortzaizeko lantegian erosia, berinezko atea dauka suaren zaintzeko eta begiz gozatzeko. Sua piztu behar orain : "cageot" bat puxkatu dut zangoarekin lehertuz, ama zena gogoan. Aldiz, egur ertainak eskas, kanpoko aterbera joan behar ! Zinez haizeak bortizki jotzen du. Bi boliaden artean, banoa egur kixkita mehar eta ertainen xeka.

Dutearen ura berotu eta gosaltzen dut, tupin bat urez betea furneo gainean ezartzen, ur beroa beti eskumenean ukaiteko gisan.

Nahiko nituen ba berriak hartu, sukaldeko "transistor"ari pilak emanez, bainan debaldetan, ez ditut atxemaiten. Zaila zait komunikabideetarik moztua gelditzea : usaian, eguna hastean, nere lehen ekintza hauxe baita : irratia eman, berriak hartu, ordenagailuan prentsa irakurtu.

Egunak argitu du. Kanpoan, tola batzu han-hemenka, deus larririk iduriz.

Modernitateak eskaini argindarra gabe, ez zauku errex bizitzea, elementuen hasarretzearen ondorioz zonbatetaraino galduak giren konturatzerakoan. Eta den ekintza xumeena ere ezin egin (bokata, lisaketak) edo ber-ikasi behar, argiturri hau denetan zabaldua baitugu.

Omen, egun erditsutan, jabalduko dela ekaitza ; anartean, trumoia, ximista, euria, eguraldi txarra nagusi. Beldurgarria ! Agian ez duen sobera desmasiarik eginen bazterretan !

Errekia labean sartzen dut. Banoa kanpora ikusterat ea bolanjerak ogia ekarri ahal izan duen ...

2009(e)ko urtarrila 15, osteguna

San Anton Handiaren besta tradizionala

Frantses egutegian ez da gehiago urtarrilaren 17an San Anton Handiaren besta agertzen Roselina sainduaren izena baizik. Haatik, ikastolako egutegiak erraiten dauku abereentzat bakantza eguna dela egun hori.






Gehienen gogora lehenik Padukoaren izena heldu da, hau ekainaren 13an ohoratua delarik.
San Anton Handia III. mendean 251an Egipton sortu zen. Tebaidako Basamortura erretiratu zen. 356an hil zen ermitaua.
 Leienda asko badago bere biziari lotua eta zernahi debozio saindu hunen inguruan, oraino bizirik daudenak eskualde frangotan, berdin Euskal Herrian. Ondoko itxuran bezala, maiz xerri bat oinetan agertzen da. Animaleen begirale eta sendatzaile gisa ohoratua da. Zintzurreko minaz babesteko ere galdegiten da sainduaren benedizioa, harizko lepoko bat emaiten ere.
Pixkanaka, XV. mendetik harat, San Anton Handiari lotu podereak eta aipamena Padukoari eman zaizkio biak nahasterainokoan.



Asteburu huntan, Bizkaian, Gipuzkoan, Nafarroan Saindua ohoratua izanen da. Adibidez, Urkiolan animaleak eramaiten zaizkio, bereziki xakurrak eta gatuak, benedika ditzan. Nafarroan, Elizondon beste gunetan bezala besta egiteko aitzakia izanen da, azoka, dantzaldi etabar luze batekin...Gipuzkoan, Getarian, Txakolinaren uzta berria jastatzea eta asteburu guzian bestak iraganen dira. Lesaka, Bera, Oihartzun eta inguruko herritarrek San Anton ermitara ibilaldia eginen dute.

Xarles Videgainek Izendegia bere liburuttoan erraiten dauku "Antonius" latinez "guziz estimagarria" erran nahi duela eta Euskal Herrian tradizio handiko beilatokiak badaudela Xiberoko Muskildikoa ahantzi gabe.

2009(e)ko urtarrila 10, larunbata

Maskaradak 2009

Badirudi negu betean gaudela, funtsean hala da, alta egunak hasia dira luzatzen.
Neguko solztizioari lotuak diren ihauteriak hasten dira jada bazterrak harrotzen.

Xiberuan ihauteriak maskaradak deitzen dira.
Aurtengo maskaradak Barkoxeko Etxahun elkarteko lagunek dituzte antolatzen. Urtarrilaren 11an Barkoxen hasita, Xiberuako hanbat herritan emanen dituzte apirilaren 12a arte, azkena berriz Barkoxen emanen dituztelarik.

Lapurtarren ikuspegitik, maskaradak bereziak dira, ez ditugu pertsonaiak ezagutzen, antzezlanaren erran nahia ez konprenitzen, ez baigira kultura hortan sortzetik murgildua izan xiberutarrak diren bezala. Alde batetik Gorriak,  horietan dantzari trebeenak Zamalzaina bezala :


Beste aldetik Beltzeria, kauterak, kherestuak, xorrotxak eta buhamekin (Pitxu famatua barne) :


2008ko azaroaren 8an Barkoxen iragan "Tradizioa eta sorkuntza" kolokioan, Jean-Michel Bedaxagar kantari eta txülülari famatuak (baditu maskarada andana bat animaturik txülülan) aurkezten zaukun preseski maskaraden ohitura :



Proposatzen dautzuet Bil Xokoa elkartearen bloga  link behatzera joaitea,  Xiberoa hobeki ezagutzeko zinez aberatsa baita.

Aurtengo maskarada batetara  joan nahi baduzue, huna emanaldien zerrenda eta egitaraua :

* Urtarrilaren 11n : BARKOXE
    * Urtarrilaren 18an : ESKIULA
    * Urtarrilaren 25ean : EZPEIZE
    * Otsailaren 1ean : URDIÑARBE
    * Otsailaren 8an: ATHARRATZE
    * Otsailaren 15ean: MUSKILDI
    * Martxoaren 1ean: ALTZÜRÜKÜ
    * Martxoaren 8an: LIGI
    * Martxoaren 14an: MAULE
    * Martxoaren 22an: LARRAIÑE
    * Martxoaren 29an : IDAUZE
    * Apirilaren 12an: BARKOXE

EGITARAUA

    * 9:00etan: Barrikadak, Keresturen jokia, aitzindari beltzen dantza
    * 15:30etan : emanaldi nagusia



2009(e)ko urtarrila 9, ostirala

Miñauten sasoina


Oroit naiz, haur denboran, elurrez bazterrak xurituak zirelarik, ihiztari bat etortzen zela gure etxera miñauten tirokatzera, mandarinak ekartzen zizkigularik aitameri urteko agiantzak ospatuz.
Egun hauetan, tropaka jautsi dira iparretik janariketa.
Neguko lehen hotzekin, lertxunak agertzen diren bezala.
Nik uste nuen xori ibiltariek GPS gisako ipar orratza berezi bat bazutela "integratua" gorputzean eta aitzinetik bazakitela hotza heldu zenean, eskualde beroagoetara buruz hegaldakatzeko hotzari ihes egiten balute bezala.
Saiak elkarteko kide batek esplikatu daut mugitzen hasten zirela hotzarekin janaria xuhurtzen ari zelakotz, beraz janari bila abiatzen dira.
Goiz huntan, ihiztariak entzun ditut tiroka ari, errex dute partida ! 
Xori ahulduak tropan arto landetan ibilki direlarik, elurrak bazterrak tapatzen dituela.
Preseski goiz huntan prefetak erabaki du 10 egunez ihizia debekatzea.
Badakizuiea duela gutti 40 000 kuple miñauta kondatzen zirela, eta orain 10 000, 15 000 ingurutara jautsi dela kopuru hori !
Adituek (eta bestek) badakite espezie hori mehatxatua dela, beste batzu bezala funtsean, baina halere segitzen da ihiztatzen eta ez da babestua.

Mementu berean, entzun dut irratian, Round Up pestizida famatuari buruz egin den ikerketan frogatu dela biziki kaltegarri dela osagarriarendako, Monsanto talde indartsu eta poderetsuaren mozkin pozoindua, askok maluruski erabiltzen dutena belar txarren garbitzeko.
Gure osagarria zaindu nahi badugu, lehenik naturari kasu gehiago eman behar ginioke, ba inguramen ba biziduner.
"La palisse" den egia hunek zenbat ikerketa zientifiko oraino beharko ditu kontzientziak pizteko ?

2009(e)ko urtarrila 3, larunbata

Beti bidean, bai, Mixu !

Ezagutu dugu eta hastepenetik, Pantxoa Santesteben-en ildotik aritu da plazak alaitzen, harrotzen, umorea eta giroa zabaltzen INDAR ikaragarri batekin.
Eta, ez dakit zuek zer diozuen, bainan ez zaut ari pentsatzean tristezia nagusitzen.
Mixu bizi izan da osoki, egunean egunekoa preziatuz a tope, bere betean.
Kantuaren mirakuilua zoin den badakigu : bihotza sendimenduz tinkatua delarik, aski da bularrak hantzea kantuz hastean, eta orduan penak eta hatsa libratzen dira, hortakotz euskaldunak kantuz a tope aritzea maite dugu elizetan edota berdin ostatu eta otruntzetan.



Clip Sustraia "Beti Bidean"
envoyé par Niko3182


Segur gogoetak egitera daramagula herio bakoitxak ; preseski balia gaiten, egun batez gure aldi izanen da eta ! Mixuk zion bezala, erran dezagun : en avant guingan, jo aitzina, bizia ederra da, egunero ohora dezagun biharamuna goaitatu gabe, berantegi gerta litaike eta !