2010(e)ko ekaina 28, astelehena

Zu gabe ezer...

 


... Urontzi bat naiz,
noraezean dabilen urontzia.
Mila arroken kontra jo dut
baina beti korronteak
zure kostaldera narama.

... Zu gabe ez naiz ezer.
Zu gabe zertarako bizi.
Bizitza hontan ditudan
helburu guztiak
ez dira ezer lortuz gero
zurekin konpartitzen ez baditut.


Zure begiek...
                             Mikel

2010(e)ko ekaina 27, igandea

Larrun mendiko borda berriak

larrun 01

 

Lehengo bordak, gehientsuenak bederen, desegin dira (ez baita gehiago artalderik ibilki Larrunen eta Azkaingo baserriak ttipitu baitira).

Andde Luberriagak bere auzapez garaian bulldozer-a igorri zuen xendrak zabaltzeko, mendiari zauri zarrazta handiak eginez. Jendea asaldatu zen eta hortan gelditu ziren bere xedeak. Geroztik, zorionez, denborak zauriak sendatu ditu.

Aldi berean, borda berriak eraiki zituen abereak aterbetzeko, horien artatzeko eta, berdin, mendizalea geritzatzeko eguraldi txarretan. Lehengo garaietan, bordak etxe nagusi bati lotuak baziren, gaurkoek ez dute funtzio hori betetzen alabaina. Baina mesede ekartzen diete segur pottoken hazleei!

Huna Larrun igotzean bidenabar atxemanen dituzuen borda batzuk:

larrun borda 01

larrun borda 02

Ihizelai ordokitik pasatuz:

larrun borda 03

larrun borda 04

Badira gorago, Hiru Iturrietan, beste batzu oraino...

Ondoko kronikan Larrun mendiko kapera aurkeztuko dizuegu eta han den oroit-harria!

larrun 02

2010(e)ko ekaina 19, larunbata

Antzara-zaintzaile

Pialenbordakoak antzara-zaintzaile bilakatu dira...

 

Antzara-zaintzaileak inspiratu ditu margolariak, eskultoreak, zeramistak, brodatzaileak...

gardienne d oies dupre

Thérèse Cotard Dupré margolariaren oihal tindua.

 

Aspaldiko baserri giroko errealitatea. Sarlat, Perigord eskualdeko herri ederra famatua izan zen bere antzara merkatuarendako.

Gure mahaietan orai, bestaburuko otruntzetan, indi-oiloak ordezkatua du.


Alta, zer abere ederra! batzuen gustuko, handixkoa! bainan ez du gauza handirik eskatzen: behia bezala, bazka maite du eta gisa berean alhatzen da:

antzarak 02

antzarak 01

antzarak 03

8-10 urte arteko bizi iraupena du. Omen gogotik xitan egoten dela. Ikusiko!

Gure 5 pentsioner berrietan, 2 Guinea arrazakoak dira (moko beltza) eta beste 3ak Tolosakoak.


Abereetaz okupatzean, nahitez, naturaz eta heien behar arruntetaz baizik ez zira arranguratu behar. Barne orekarentzat terapia ona.

2010(e)ko ekaina 14, astelehena

Mendiko asteburua 2010

2009ko irailan Lescun aldera joan eta, hain xoragarria atxeman genituen bazterrak nun erabaki genuen berriz aurten ibar hortara joatea asteburua pasatzera.

Larunbatean, Bedous herritik abiatu gira Teulère tontorra egiteko asmoarekin.

bedous

bedous pic teulere

Zerua lainotsu zagola, joan gira hala ere! Euri zirzil bat artetan jasan balin badugu, gure taldetxoa (bi taldeetan ginen), 1250 mtan inguru arte igo da. Lainoa lodi jautsi baita, erabaki dugu itzultzea. Ez zen jada gaizki guretzat!

Talde osoa (24 lagun) kanping-ean iragan du gaua, arrats zoragarri bat pasatuz bikotekide baten ezkontza champagne-a edanez ospatuz.

Biharamunean Sanchese ordoki zoragarrira joan gira ibilalditxo bat egitera bazkal aitzin. Xarmanki bukatu dugu gure asteburua, "cool-cool"!

benat ado

maite

plateau sanchese

gizonak kalakan eta gu pausan...

Antolatzaile kideak, nahi duzunean, gu prest gira berriz joateko!

2010(e)ko ekaina 6, igandea

Etxeko belar meta

etxeko belar meta 1

etxeko belar meta 3

Pello Zabalaren eguraldi iragarkiak euskal irratietan segiturik, laborariak ernatu dira belarren egiteko euria sartu aitzin.

Oraiko egunean, ez dute lehen bezala laguntzarik behar, dituzten traktore eta tresna modernoak ikustekoak dira! gero eta belar balota handiagoak egiten dituzte eta bi egunez soroa, linpio, utzia da!

Haatik, ez du nehork arrastelurik erabiltzen izaketan eta soro guzian gelditzen den belarraren biltzeko. Gure etxe ondoko soroko belarra kuxi baten gain da. Baliatu gira eskuz arresteluarekin soroa garbitzeko eta hara nun gure lehen belar meta egin dugun!! Ez dugula teknika ahantzia!! Ondoko egunetan, manatuak ditugun 5 antzarak azpian geritzatuko dira!