2010(e)ko urria 29, ostirala

Urruska landetxea

Nafarroa garaian, Baztanen. Elizondo Beartzun auzoan. Elizondo plazatik 10 kmtan kokatua, Beartzungo auzoaren azken etxea dugu Urruska baserria, mugatik bi urratsetan dagona, Urruxka (edo Urrixka Aldude aldean dioten bezala) mendipean.

urruska 2

Hara nora eramaten daukun bide ertsiak: Urruska etxearen kafira. Paper zaharrenetan agertzen den data (eta etxe aitzinean zizelkatua den gisara) 1873 urtean bermoldaturik izan zen, aitzinagokoa daitekena etxekoandere gaztearen arabera.

urruska 1

Duela 20 urte, 1990 inguruan beraz, Joxepi etxekoanderea hasi zen kanpokoeri baserriaren ateak idekitzen. Lehenik xumeki. Gaur 5 gela badauzkate alokatzen dituztenak, komoditate guziekin hornituak, urteek eman xarma handiz apainduak.


Geletara daraman eskailerako paretek hainbat zertifikata eta sari erakusten dizkigute, Joxepiri eskainiak. Egun, Joxepiren alabak, Maria Josefak, segida hartua du, nahiz ama, beti bezain erne, azkar laguntzen duen. Lau belaunaldi bizi dira Urruskan. Amatxi (96 urte), Maria Josefaren aitamak eta bere familia.


Artzaintzak ez du gehiago pagatzen. Triste dira ardien hazkuntzaz bakarrik ezin baitute gaur gehiago bizi.

Landetxe bilakatuz, konpromiso ona atxeman dute mendiko aktibitate xume hori atxikiz (eta lurrak entretenituz), turismoaren bidez etxeko mozkinak zuzenki baliatzen baitituzte.

Harrigarri da ikusiz mendi zoko galdu horretan nola, teknologia berriak lagun, Urruskakoak idekiak diren munduari. Internet gune bat badaukate lau hizkuntzatan (katalandar frango ukaiten dituzte): www.urruska.com

Berriki ere telefona eta telebista sateliten bidez ukaiten dituzte.

 

Bezeroak, gehienak mendizaleak, edo pausa eta atsedena bilatzen dabilen herritar edo hiritarrak dira, batzuk urrunetik heldu.

 

Urruskatik ez zira jin bezala joaten, jabeen nortasuna, begirunea hain hunkigarria eta arraroa den. Guk behintzat hala bizi izan dugu: egia erran euskara hizkuntzak berehala harremana errexten eta berotzen du.

Egia da bai Baztango eta Azkaingo euskarak eite frango baduela.

 

Bi gau baizik ez gira egon. Baliatu gira egun pasa Urruskatik Aldude Harguibelera joateko. Ondoko aldian kontatuko dautzuetana.

urruska 3

2010(e)ko urria 23, larunbata

Joanes Etxebarria, Barkoxekoa

Barkoxe, Xiberoko herririk emankorrena. Maskarada, pastorala ohiduretan azkar dirauena. 2010 urte huntan, herri guzia mobilizatu da, Patrick Queheille buru, Attuli eta beste herriko semeak goraipatzeko Xahakoa pastoralean. Bestetik, Barkoxek hazi ditu dantzari finak eta goimailakoak, belaunaldiz belaunaldi adinekoen ganik ikasia.

 

 

Barkoxe aipatzerakoan ere, Topet Etxahun koblakaria heldu zauku gogora. XVIII. eta XIX. mendeak haatik urrun dira.

 

2010eko XI-LA-BA, Xiberoko, Lapurdiko eta Baxenabarreko Bertsulari Txapelketak "XXX" lelo berezia zekarren "Bertsularien lagunak" elkartearen 30. urtemuga ospatzeko.

 

Gabadiko finalerdiaren biharamun honetan, azaroaren 13an iraganen den finalaren afitxa osatu da.

Edizio honen sorpresa handia, Joanes Etxebarria barkoxtarra sailkatua dela finala jokatzeko.

 

Sorpresa lehenik beretako, lehen aldiz parte hartzen baitzuen halako txapelketa batean.

 

Joanesekin XI-LA-BAk bere zentzu guzia eta osoa hartzen du, hitzaren lehen xilabarena hain zuzen.

Hutsune bat bete da eta koblakari bat sortu.

Mixel Aire Xalbador II lehengo eskolako ordezkari sutsua baldin badugu, beste guziak, gazteagoak, bertsu eskoletako umeak, Joanes Etxebarria bien artekoa dela definitu nezake.

Duela hiruzpalau urte hasia (26 urte ditu), bertsu eskoletan baino gehiago Barkoxeko ostatuetan kobletan ikasia duela dio.

 

Teknika baino haratago, beretik, barne-barnetik ari da Joanes. Batzuk idazten duten moduan, edo pintatzen, berak koblakari gisa ez ote duen barneko berri azaltzeko bidea atxeman?  Ez bakarrik bere izenean, baizik eta Barkoxe eta Xiberuaren kultur ondarearen haritik, kate luze horren katebegi.

 

Heldutasunean eta barnebizian, batzuetan sendimendu gazi-gozo eta lazgarrietan, oinarritzen da ene gustuko koblakari baten jeinua.

 

XI-LA-BAk bete du aurtengoa eta bere historiakoa: bertsogintza fruitu biltzen hasi da Barkoxe aldean.

2010(e)ko urria 14, osteguna

Maddi Zubeldia Euskadi Irratian

logo eitbcom2010eko irailaren 25ean Erlaitzeko bestan Abbadiako kaperan kantatu ondotik, hegoaldeko prentsa (Argia eta Euskadi Irratia) Maddiz interesatu da. "Arratsaldekoa" saioan, urriaren 14ean, Arantxa Iturbe ziburutar kantariarekin mintzatu da:



zubeldia maddi 08

Gu gira beraz azkaindar hobendun horietarik eh Maddi?


2010(e)ko urria 8, ostirala

Gotzon Garate idazleak bildutako atsotitzak

Deustoko unibertsitatean erakasle zen jesuita idazle euskaltzalea, 2008an hil zen.

 

Baserrietan ibiliz 30 urtez, Gotzon Garate-k ahotik belarrira atsotitzak bildu zituen, Euskal Herriko zazpi probintziak zeharkatuz.

1998an, liburu batean 27 173 atsotitz (horietan 14 458 euskal atsotitz) argitaratuak izan ziren.

 

2010eko urriaren 8an, Elgoibar herriak Gotzon Garate herriko semea ohoratu du. 600 pertsona, zahar ala gazte, elgarretaratu dira. Egun osoa, Garatek bildutako 6 000 atsotitz irakurriak izan ziren:

 

 

Hizkuntzarako altxor bat, ahozko ondarea eta literatura paregabea!
Jendarte modernoaren eraginez edo bizimoduaren aldaketaz galtzen ari zaukuna.
AEKn edo eskoletan merezi luke atsotitzei buruz lan berezi bat eramatea, berriz sar diten gure eguneroko mintzairan.
Oroitarazi nahi nuke ere Eneko Bidegain-ek argitaratu zuela 2001ean "Elkarlanean"-en "Euskal esaerak - Expressions basques" liburuttoa, beti ene ordenagailu ondoan daukadana.