2010(e)ko abendua 28, asteartea

2011 atarian, agiantzak

urte berri on maite

osagarri ezin hobeago batekin,

atxik burua ametsez betea

haur baten pare

eta ahal guzia egin horien obratzeko!

Bihotz osoa eman egiten duzuenetan

harremanetan eta ekintzetan,

Ruper-ek diona:

"Zaindu maite dituzunak"

eta begi onez har besteak,

Zaindu eskaintzen duzun irriñoa

eta begitartea,

barneko ispilu,

ta... oraino...


zure aldi,

segi zure agiantzak ematen

...

URTE BERRI ON DENERI!

 

 


2010(e)ko abendua 24, ostirala

Euskaldunak erresistentzian

Erresistentzia hitzak gerla giroari pentsarazten du.


Frantziak, 1939-1945ko gerlan, etsaien kontra gordeturik borrokan segitu zutenak aintzat hartu ditu. Bizia arriskutan emanez, nazioa salbatu zuten, Vichyko gobernuak herria saldua zuelarik, burua makurtuta.

 

Betidanik euskaldunok erresistentzian bizi gira, Frantzia eta Espainia zapaltzaileen artean. Horretarako irauten du gure herriak. Zenbat zapaldua eta hainbat xutik!


Berrikitan Frantziak Aurore Martin-en estradizioa onartu du, lege guzien gainetik, debru pakta beltza Espainiarekin egina duelakoan.

Badakigu ere Espainiak ez duela funtski ETAren su-etena eta bakerik nahi, alabaina terroristak tresnatzat baititu bere politika komertzioarendako. Batasuna debekatzean azkartu baizik ez du egiten. Pentsa! Frantzian Le Pen-en partida debekatua balitz, zein indarra har lezaken!


Erresistentzian eta klandestinitatean bizitzea behartua...

Azken finean, geroz ta gehiago mendekatuz, geroz eta Herriari atxikiago bultzatzen gaituzte!

Denak Aurore Martin gira.

Euroaginduari ez!

Segi honi buruzko sustengu gunea http://auroremartin.over-blog.com/

 

 

2010(e)ko abendua 12, igandea

Jacques Brel

Xabier Leteren heriotzarekin berriz Jacques Brel aipatu da. *Imanolek ere "Ez nazazu utzi" kantu ederra euskaratu zuen. Hizkuntzen gainetik, poeta handiak kurutzatzen dira errexki, heien talendu eta dohainei esker!

 

"La chanson des vieux amants" entzutean, poetaren eta kantariaren interpretazio jeinu ikaragarria ikusten da...

 

* Ikus eta irakur eranskinetan Iruñeko Mikel Tabernak eman daukun zuzenketa: ez du Imanolek itzuli Brelen kantu hori baizik eta Xabier Letek (beste bertsio bat egin zuen ere Andoni Lekuonak). Milesker Mikel Tabernari!

2010(e)ko abendua 5, igandea

Xabier Lete: Maite izan dituenen berraurkitzearen esperantzan sartua

xabier lete25 urtez eritasunaren une latzak bizi ondoren, 2010eko abenduaren 4ean, larunbat arratsean, lur honetako biziari amor eman dio.

 

Joan da duela bost urte galdua zuen Lurdes bere emaztearen gana.

Hara zer zion Letek:

«Nik behar handi bat sentitzen dut mundu honetan maite izan ditudan haiek nonbait, ez dakit non eta nola, berraurkitzeko, bereziki Lourdes [Lourdes Iriondo emazte zena]. Ideia horretan gero eta sendoago nago, eta neure burua behar horretan estutzen dut, edo esperantza horretan bermatzen» (Berria, 2007-03-03 ).

 

Idazle, poeta, kantugile eta kantaria. Ez du zerrendaren luzetasunak gizonari balioa ematen, baizik eta bere izaeraren barnatasunak. Gure hizkuntzan bi hitzez laburbiltzen duguna, erranez: "Norbait zen!"  .

 

Prentsan aurkituko dituzue artikulu andana bat. Hemen Berria eta eitbk iragarritako artikuluak hautatu ditut, Felix Zubiak Xabier Leteri egin elkarrizketa filmatua eta haren biografia eitb-n.

 

Bai, agur eta ohore zuri.

 

 

(Xabier Leteren biografia, eitb, 2010-12-05)

2010(e)ko abendua 1, asteazkena

Nun zaude Lilo maite?

Igande goiza. Azaroaren 28a. Goizik jeikia bainintzen, Lilo enekin zen, eta usaian bezala ateetan zarrapoka ari zen geletan sartu beharrez... Semeak ez iratzartzeko, kanpora eman dut... Saiatu da ba berriz sartzea eta kanpoko atean patekin zarrapoka behin eta berriro...

Eta geroztik gure Lilo gatu maitea desagertu da, ez dugu nihun atxeman. Astelehenean, Txomin ibili da ondoko landan, bazter ikuska, debaldetan...

 

Berriki operatua izan zen, minbizia zuela eta... baina azken garai honetan arrunt pixkor zen eta, beti bezala, gatukume bat bezala, saltoka eta jostetan ari zen, batez ere Txominekin.

Omen animaleak gordetzen dira heriotza hurbil sendi dutelarik... Zertako ez gaitu abisatu? Hain maite ginuen, ttiki-ttikia etorri zen gure etxera (2002ko ekainaren 21a zen, oroitzen naiz, maiatz hastapenekoa zen), abandonatua zen. Gure etxeko gatuarekin hazi ginuen... behar ziren xertoak etabar guzia egin ginituen... semeak bereziki hari atxikiak ziren. Orai diote "bizia hala dela", "bizi eder bat ukan duela"...Baietz ba natura da bai baina...

Orai ni naiz gelditzen nigarra begietan... Lilo ile bola goxoa gogoan, munduko tristezia guziak nahas-mahas sendituz bihotzean...

lilo gatua