2011(e)ko urria 20, osteguna

Aro berri bat Euskal Herrian, azkenean!

2011ko urriaren 20a. Egun historikoa euskaldunentzat. 
 
ETAk adierazi du borroka armatua definitiboki uzten zuela. Joan den astelehenean Donostiako nazioarteko konferentziak eskaturiko lehen baldintza.
 
Adierazpenak oihartzun handia ukan du nazioartean Argia.com-ek zabaltzen duen bezala. (Khadafiren erahiltzearen adierazpenarekin batean)
 
Hoinbeste erahiltze, preso, euskal gizartea barna kolpatu dituenak.
 
Zauriak sendatzea une batzuetan ezinezkoa gertatzen bada ere, agian borondate oneko ahal bezainbat jende bilduko da, agintari eta gizarte arruntekoak, behin betiko aro berri bat eraikia izan dadin Euskal Herriarentzat.
 
Bidea luzea izanen da, ikusiz partido politiko batzuen postura (PPkoa adibidez).
Orai, Donostiako nazioarteko konferentziak azpimarratua duen bigarren pundua, Frantziaren eta Espainiaren aurrera pausuen beha gaude!

2011(e)ko urria 16, igandea

"Coloquinte" basa-kuiattoa: edergailutzat soilik!

coloquintes

Urtero, etxeko nagusiak hazi berriak esperimentatzen ditu. Berak erein eta landatu, eta nik bildu.

 

Arratsalde huntan otarre koloretsu batekin itzuli naiz baratzetik, sobera jakin gabe nolako kuia mota ote zen. Ikustekoak direla ezin uka, ba itxuraz ala formaz. Natura udazkenez apaintzen den hori-laranja-ferde panel ezin ederragoan.

 

Nindagon ba jateko ona zirenez!. Saiatu naiz ere kanibetarekin moztea baina harria bezain gogorrak ziren. Iñaki semea aldiz: "Zer dituzu horiek? Ez da deusik jateko hortan! zendako dira?". Afera argitu beharrez, etxeko nagusiak (behingoan ez zuen botaia...) hazien papera atxikia zuen eta misterioak izen bat hartu du: coloquintes.

 

Eskerrak Wikipedia! berehala jakin baitugu coloquinte basa kuiattoa, jatorriz tropikala, landare kirets eta toxikoa medikuntzarako erabilia zela. Haatik edergailu gisa arrakasta badu, bildu ondoan, idortzerat utzi eta bernizatuta.

 

Baratzean, beste kuia moten ondoan, bereziki "courges" eta "courgettes"en ondoan arazaoak eragiten ahal ditu. Erleek bat besteetara ibiliz, coloquinte honek duen "cucurbitacine" elementu toxikoa pasarazten dute jaten diren beste barazkietara. Ondorioz ez dira hortarik sortuko diren haziak erabili behar.

 

Bainan ez kexa hala ere, duda bat baldin baduzue, "courgette"ak edo "courge" delakoak "cucurbitacine" baldin badu, ageri da berehala, gustu kiretsa du. Aterabide sinpleena: jateko on diren landarentzat urte batetik bestera hazi berriak erosi!

 

2011(e)ko urria 7, ostirala

"Hiri hartan izan zen" : Mikel Markez

Dagoeneko salgai dago Mikel Markez Errenteriako kantari-musikariaren azken diskoa eta 2011ko urriaren 7 honetan lehen bideoa plazaratua izan da.
 
Obra guztiz ederra, ontzen dakien gisakoa, lagun talendutsuez inguratu eta.
Nire blogean zintzilikatu gabe ez naiteke egon... Zuentzat opari!

Hiri hartan izan zen

ia maiteminez

lokartzen ginenean

esnez, atseginez

gose aseezinez

hordirik jakin-minez

heriotzaren hatsa

antzeman ezinez

 

Kalean ganibetak

tabernan babesa

ilargi eta argi

errima traketsa

esku baten zerbeza

etxerako pereza

amildegiratzea

zer gauza erreza

 

Zure irribarrea

lore basamortu

gudu eremu zabal

izarazko ortu

zure haserrea sortu

ta barkamena lortu

berriz zure azpian

nazazun zigortu

 

Nik ere maite zaitut

lehenengo aipuan

larru dardarak datoz

ontasun prestuan

atseginen estuan

lamiak apustuan

hankak zabalik eta

bihotza eskuan

 

Hitzak: Mikel Markez

Musika: Tradizionala , konponketak: Mikel Markez

2011(e)ko urria 1, larunbata

Itsasturiak : Itsas mundua lekuko

Itsas mundua, mundu bat. Frango ezezaguna.

 

Donibane Lohizunekoa izanik ere, ezagutzen ez nuena, bi mundu parez par baitira: lehorrekoa eta portukoa. Bien artean zubi guti.

 

Euskal kultur erakundeak "Eleketa" sailan (2007an hasia) adinekoen lekukotasunak biltzen ditu beren memoria gal ez zedin, transmizioa segurtatu beharrez. Baionako artxibategian atxikiak eta denek ikusteko gisan helburuarekin tratatuak dira.

 

Bilketa lan hori luzea baita, balorazio erakusketak antolatu ditu EKEk publiko zabalarentzat, asmoa jendartearen memorioa hari itzultzea baizik ez baita. 2009an "Amizkutarrak mintzo" erakusketak Donapaleu inguruko 30 lekukoen berri eman zuen.

 

2010an Donibane Lohizuneko portuko 26 pertsona filmatuak izan dira: arrantzale, arrantzale emazte, saregile, xaiero, arrain sal-erosle, patroi, platero, erizain, kontserbategietako langile. Itsasturiak, multimedia erakusketa bilketa berezi honen erakusleihoa dugu. 6 atal nagusi (arrantzalearen lanbidea, arrantza teknikak, itsasontzigintza, portuko lanbideak, Dakar, Donibane Lohizuneko portuaren antolaketa), horien ilustratzeko 72 bideo, ehundaka argazki lekukoek eta "Altxa Mutillak" Itsas Misioaren aldizkariaren fondoak emanik besteak beste, Sébastien Husté argazkilariaren potreta ederrak, ... hauek guziak erakutsiak lehen aldikoz Donibane Lohizunen irailaren 15ean (hilabete batendako), urririk.

 

Benetan ikustekoa eta entzutekoa, hain dira hunkigarri, erakaspenaz eta zuhurtziaz betea. Ze bizia!

 

Ez bazirezte hurbiltzen ahal, jakin ezazue erakusketa hori ibiltaria dela, abenduan Baionako artxibategian izanen dela, 2012ko udaberrian Donostian eta ondoko hilabetetan barnealdean ere nolaz ez. Ahantzi gabe interneten itsasturiak.com gunean lekukotasunak, lekukoen biografiak ikusteko parada duzuela! Har azue hastia portua gorpuzten duen jendeen ezagutza egiteko, balio du!          (jasta, zonbait argazki)

 

 

donibaneko portua 1935

dakar pardon 1956

1956ko azaroaren 4ean, "Pardon" meza portuan.

patrons dakar madre

 Dakarren, patroiak Madre generalarekin.

Beherean, laugarrena ezkerretik Jean de Aizpurua nire kuxia.

henri vagabond begnat