2012(e)ko urtarrila 31, asteartea

Birigarro sasoina

Lehen aldia da birigarro bat ikusten dutala etxe aitzineko xorien bazka aterbean ogi papurrak jaten ari.

biligarroa 3

biligarroa 2

biligarroa 1

Ze hegazti ederra!

 

Neguan girela eta hotzak ziztatzen duela erakusten du. Honi ihardokitzeko harro-harroa emana da, potolo-potolo itxura batekin.

 

Etxeko nagusiak hegaztietaz duen jakitateak beti harrituko nau: "Biligarro musikaria duzu. Sasoin huntan bikoteak uztartzen ari dira. Sukaldeko ordularian bietan kantatzen duen xoria da".

 

Elurra mendietan, euria eta hotza kanpoan, zein goxo den barnean supazter xokoan eta... oporretan!

 

 

2012(e)ko urtarrila 28, larunbata

Ludisia discolor orkidea loretan

Azkenean berriz loratu zait! nolako pazientzia behar den loreekin, bereziki orkideekin.

 

Hau "orchidée bijou" izendatua da ere. Ongi doakio bai izen hau.

 

Bere lore luze fin-fina sukaldean daukat, edergailu!

 

Ludisia Discolor

 

Ez dut halako xantzarik beste orkideekin... edo ikusiz nire lagun baten kausitzea (Bea zutaz ari naiz), saiatzen naiz berriro...

 

 

2012(e)ko urtarrila 21, larunbata

Faisai etxekotua

Joan den udazkenetik, ihiztarien sasoina idekitzearekin batean, faisaia agertu da Pialenbordako oilotegian.

faisan

Ondu orduko akabo gure marrubiak!!! jale naturalak nagusitzen zaizkigu, zozoak besteak beste, eta orai faisaiak ere!

faisan 5

Geroztik erregularki hor dugu oiloen, antzaren eta ahateen janarietarik bere doia hartzera heldu: arto bihi, gari, olo... ostatu bat zerbitzu librean, ze aukera paregabea!!!

 

Eta hori auzoko ihiztarien sudurra aitzinean!... (gu ez gira kasta hortakoa, ulertua dukezuen bezala...)

 

 

2012(e)ko urtarrila 2, astelehena

Louron ibarra

lac davajan

Avajan lakua - Arg. Office de Tourisme Vallée du Louron

 

Hautes-Pyrénées departamenduko mendiguneak eta ibarrak xoragarria dira omen. Omen diot ez baititut nire begiez gozatuak oraindik baina laster egi bihurtuko dela ez dut dudatzen, datorren udako bidai opor helburu baititut hango eremuak.

 

Internet kurritzen ari nintzela informazio eske, harrapatu dut berriki eraikia izan den gune berri hau: Vallée du Louron Pyrénées.

Ibar huni buruz zabalduak diren berrietan, hauxe atxeman dut (azkenean, zeren argazki bat xekatzen bainuen artikulu hau ilustratzeko) : flickr atarian daukaten fototeka zoragarria.

 

Baliatuko naiz bai, abuztuan, argazkiak nihaur hartzeko, horgoak bezain ederrak agian, ez bainaiz hola besteen menpe egonen!

 

Natura gune bakezale hauek gogoan noa ohera pausatzera, negu, lan giro eta egunerokotasunatik at...