2012(e)ko uztaila 14, larunbata

Kamamila sendabelarra


Zendako hainbeste kamamila gure etxe inguruko soroan? ez dakit. Ez dut nihun holako fenomenorik ikusi nahiz ez den lore arraroa gure eskualdeetan.
Oroitzen naiz haur denboran amak igortzen ninduala gure eremuetako landa batetara kamamila biltzera (ez ziren gure gaurko etxean bezainbat halere). Aita zenak tentsioa beheititzeko horren tisana hartzen zuen.
Modernitatearekin batean, landareen erabilpena utzi dugu erremedio kimikoei lehentasun osoa emanez.

Egia erran, sendabelarren ezagutza murriztuz joan zaigu, transmisio eskasez. Landare hau nola erabili, zendako, zein neurritan? Hainbat galdera heldu zaizkigunak.

Kamamilaren kasuan osasun arazo askotan erabil daiteke: tentsiorako, azalerako, begietako narritadurarako (conjonctivite), hobeki lo egiteko, sukarra jausteko eta ilea horia atxikitzeko ahantzi gabe sabeleko minen kontra.
 

Lore buruak bildu, idortzerat eman, eta leku idor batean kontserbatu. Infusioak egiterakoan, ura berotu eta gatilu batean eman, lore buru batzu bota (hiruzpalau). Urak kolore horia hartua duelarik, loreak kendu eta edan emeki-emeki. Gostua eztitzeko eztia gehitu edo infusioa egin bi lore mota nahasiz (adibidez ezkia - tilura - loreak, loa hobetzeko kasuan).
Eraginkorra izaiteko, sendabelarren pratika areagotzea galdegiten du (maiz erabili, lore ezberdinen ezagutza egin etab.). Beste manera batez bizitzeko eta hobeki senditzeko.


2012(e)ko uztaila 6, ostirala

Begiurdin gogoan

Begiak urdin duenari ematen zaion izengoitia.
Horietaz inspiraturik, Iratzeder beneditanoak olerki bat idatzi zuen bere arreba bati buruz.
Hari beretik ere blog hunen izena. Begiurdin. Urdinak nire begiak, Begiurdin nire gatu batenak bezala.


2012ko ekainaren 30ean, duela aste bat, Begiurdin hil da. Eri zen. Azken orena sendi eta, ez da gorde. Usaian bezala, jan du nik emanikakoa, haatik nekezia handiz. Pixka bat pausatu eta, etzan da lorio azpian, nire bistan eta hor hil da.
Nire pena eta nigarrak! Haurtzaroko oroitzapen frango jin zaizkit gogora, aitamen solasak, nire babesteko hitzak familiako gazteena bainintzen. Baratzeko lore ederrena, usainduena, oria, eskaini diot Begiurdin-i. Etxeko nausiak etxe ondoko gereziondo pean ehortzi du. Ez zitaiken bestela.
Etxekoek ezagutzen zuten gure arteko harremana. Gatu hori erdi salbaia zen, etxe ondoko zabor-ontzian jendeek gatuak abandonatzen baitituzte. Pixkanaka bildua nuen (baliosa da gatua gure etxean, oilotegiko artoan eta garian sagu eta holako frango ibiltzen baitira).
Haren ferekatzea lortu nuen. Baina ez nion gehiagokorik galdetzen. Kanpoan bizi zen. Maite nuen haren nortasuna, libertatea, erdi salbaia, erdi hezia, ni bezala, mendiko pottokak bezala. Aldi berean, eztia zen eta goxoa.
 
Begiurdinen eskasa sendi dut, beste gatu lagunek sendi duten bezala (Felixi eta Killika). Etxekoak konsideratuak izanik eta bazkatuak, ez dute hurbiltzera errexki uzten.

Begiurdin ez zen gatu bat. Begiurdin zen.