2012(e)ko azaroa 16, ostirala

Xilaba: lehia bertsularitzan

Xilaba 2012 xapelketa iragan berri da. Ia oraindik ikaragarria izan duen oihartzuna entzuten da, bai hedabideetan eta jendartean. 
Aldi bakoitzak berea ekartzen du. Aurtengoan, Amets Arzallusen nagusitasunaz gain, azpimarra nezazke Maddi Sarasua gaztearen ekarpena, eta Odei Barrosoren eta Sustrai Colinaren arteko lehia hestua. Baina denek beren aztarna utzi dute, eta entzun dira bertsu biziki ederrak eta pollitak, Xumai Muruaren eta Maddiren arteko elkarrizketa huntan bezala:
 
Finala komentatzean, Andoni Iturrioz bertsuzaleak zion "ez zela normala" 2 000 ikusle aurrean kantatzea.
Bai ariketa krudela, bertsuak ontzeko gaitasunaz aparte estresa eta presioa kudeatzeko gaitasuna eskatzen duena. Publikoa hortaz ongi konturatzen dela uste dut eta txalo bakoitzean nahi dio bertsulariari bere performantzagatik eskerrak bihurtu. 

Baina xapelketak berarekin dakar bai beste krudeltasun bat: lehiarena. Odei eta Sustrai-en artean puntu erdi bateko tartea bakarrik! Harrigarria! Hori da xapelketa, epaimahaiaren puntuazioa, eta hori onartu behar lehia denaz geroz!
Ez daude denak ados lehiaketak egiteaz bertsularitzan nahiz hastapenetik argi utzi duen Joana Itzaina Bertsularien Lagunak elkarteko lehendakariak: "Xapelketaren helburua ez da lehiaketa eta xapela banatzea" baizik eta "Euskaraz aritzearen harrotasuna transmititzea".
Bertsulari batzuk hautatu dute xapelketan ez parte hartzea nahiago baitute plazetako saioen, eta bertsu-bazkari edo afarien adixkidetasun giro goxoa eta atsegina.
Galdera bat haatik: ez bazen sariketarik eta lehiaketarik antolatu Iparraldean, zertan izanen ote zen bertsularitza?
Nahi nuke gogora ekarri Teodoro Hernandorenak egindako lan handia. Bertsularitza peko errekan ikusirik, 1945-1946an Iparraldeko 3 probintziak kurritu zituen bertsulariak deskubritzeko. 16 aurkitu zituen:  Goikoetxea, Ximun Ibarra Zubikoa, Felix Iriarte Berjinanto, Xalbador, Mattin, Etxahun Iruri, Intzabi, Iriarte et Xetre 3 hazpandarrak, Heletako Aintziart, Arrangoitzeko Gariador, Amikuzeko Etchechuri, Suhuskuneko Larramendi, Irisarriko Larramendi, Hendaiako Melchior Otamendi, Urruñako Errexil. Urtero, 1946-1960 bitartean, sariketak antolatu zituen. Gogoangarri ere bi aldiz Parisen antolatu zituen saioak (1958an eta 1960an). 1958koak (Basarri, Uztapide, Mattin, Xalbador eta Etxahun Iruri) telebista-irratiei esker nazioarte mailan ukan zuen oihartzun handia mundu guziari bertsularitza ezagutaraziz.
Lehiaketen bidez publiko zabala hunkitua da, ez adituak bakarrik, gehienik saioetara hurbiltzen direnak halakoak baitira.

Zer erran BEC-en biltzen diren 14 000 ikusleetaz Euskal Herriko Txapelketa nagusia kari? Publikoak osoki euskaraz bizitzeko parada badu, identitate berekoa dagon herri baten kontzientziak bildurik, ez baita guti!
Iñaki Murua, Euskal Herriko Bertsozale elkarteko lehendakariak, ñabardura hau gehitzen du haatik. Teknologia berrien ekarpenak (pantaila handiak etabar) bertsularitza bere esentziatik urruntzen duela pixka bat, hunen funtsezko muina, nortasuna eta soiltasuna zaindu beharrekoa litaikena bere ustez.
Kontutan hartzeko ikusmoldea 2013ko txapelketa nagusiaren atarian!