2015(e)ko urtarrilaren 29(a), osteguna

1914ko gerlan hil Azkaindarrak (1)

Hilen oroitarria Azkainen.

Hilen oroitarria Azkainen.

Azkaingo elizaren bisean-bis duzue 1914-1918 eta 1939-1945ko gerletan hil direnen oroitarria (sarean daukazue Christine Fagaldek bildu zerrenda). 61 gizon, horietan berrogeitamar lehen mundu gerlan hilak. 19 eta 44 urte artekoak (28 urte bana beste). Famili batzu hunkituak izan dira bereziki, familiako bi baino gehiago galdu baitituzte: Elissalde, Etcheverria, Etcheverry, Andiazabal, Aristizabal, Pecotch, Salaberry. Gehienak Frantzia iparrean (Meuse, Marne, Aisne, ...) arroiletan erori dira, munduko gerla itsusi huntan hildako gehienak bezala. Beste batzu urrunago, hala nola Xemartin Ithurria Turkian.

Bi azkaindarren zorte iluna aipatu nahi nuke, itsasoan urperaturik desagertu baitira. Martin Etcheverry 1915ko abuztuan, eta Léopold Deliart (1883-1917) ahaidea, nire aitaginarrebaren osaba, Itzotz-Agerrian sortua 1883ko otsailaren 27an.

Léopold beste hogei lagunekin batean hil da, 1917ko apirilaren 5ean. Sukaldari zen Baionako Ernest-Le Gouve hiru mastako itsasuntzi beiladunean. Aleman itsaspeko batek urperatua. Nanteseko auzitegi goreneko tribunalak baieztatu du bere heriotza 1917ko abenduan.

MémorialGenWeb guneko zerrenda hunkigarria da. Izenen gainean klikatuz, gizon gaixo horiek pairatu sofrikarioak ezin asmatuak zaizkigu. Teknologi berriei esker (internet, numerizazio), artxibo eta paper zaharrak beren sekretua eta errealitate hitsa klik baten bidez begi bixtan argitaratuak dira.

Azkaingo oroitarriari ez nion orain arte kasu handirik ematen. Herriko etxeko agerkarian (2015ko urtarrilakoa) irakurri artikuluak digu jakinarazi nor den horren zizelkaria, Maxime Real Del Sarte, beste artikulu batean aipatuko dutana.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina