2015(e)ko martxoa 23, astelehena

2013ko Txapelketa Nagusiko finalistak Baionan

Sekulan gertatu ez dena! Euskal Herriko bertsu Txapelketa Nagusiko 8 finalistak Baionan izanen ditugu apirilaren 18an, larunbatez, 18:00etan. Ipar Euskal Herriko ikastolen alde, Seaskak Herri Urrats kanpaina baitan antolatua.

2013ko Txapelketa Nagusiko finalistak Baionan

Barakaldoko BEC areto famatuan, Amets Arzallus txapeldun izan zen! Aldi huntan Baionako antzoki ederrean bertsularitza munduko 8 maisu entzuteko parada bikaina eskainia zauku. Gaualdiaren irabaziak Ziburuko Kaskarotenea ikastolaren alde izanen dira.

Txartela 10€tan salgai seaska.eus gunean edo ikastoletara hurbilduz, edota ere apirilaren 18an, antzokian bertan, 17:00tarik goiti.

Ez huts egin parada paregabe hau eta jadanik atxik gogoan Herri Urrats maiatzaren 10an dugula.

2015(e)ko martxoa 13, ostirala

''Domaia da euskaraz dela!''

Berrikitan, bi solas egin ditut Itsas Begia elkarteko bazkide batekin. Euskal itsas ondareaz antolatu duten erakusketa datorren udan Baionako artxibategian izango da eta karia hortara Departamenduak Euskal kultur erakundeak itsas ondareaz bildu dituen lekukotasun zati zonbait ikusgai emango ditu. Solaskide hunek EKEren Itsasturiak erakusketa kritikatu du erranez: "Domaia da, elkarrizketak euskaraz dira. Itsas ondareaz interesatua girenak ez dakigu denek euskaraz". Erantzun diotalarik: "Baina erakusketa lau hizkuntzatan da?", erantzun daut: "Baina soilik bildumatxo bat beste hizkuntzetan!".

Ez dauzuet gordetuko ene harridura, ikusiz pertsona horren jarrera, ideietan frango idekia uste nuelarik. Beraz, euskarak burua makurtu beharko luke, gehienik mintzo den hizkuntzaren aurrean, ulergarritasunaren "izenean". Artetik erraiteko, Itsas Begia elkartekide izan bainaiz denboran, badakit hauen sortzaile eta jarraikitzaileak zenbat atxikiak diren euskarari eta elebitasunari.

Ez dauzuet nik erakatsiko hizkuntza bat galtzen dela erabiltzen ez delako, eta frantsesak ber arazoa duela ingelesarekiko.

Eztabada antzuetan energia galtzea baino, eta baitakizue ene erantzukizun hoberena blog hau euskaraz idaztea dela, zabaltzen dauzuet Kike Amonarrizen bideo pollit hau goiz huntan sarean ikusia:

2015(e)ko martxoa 6, ostirala

'Mugak II', Ttitto Aguerre-n erakusketa Angelun...

2015(e)ko martxoa 4, asteazkena

Baionako diosesa euskaraz

Berriki Mikel Duvertek gutun bat igorri dio Lionel Landart bikario generala eta Baionako erretorrari katedraleko euskarazko siñaletikari buruz. Berehala hitzordu bat eman dio. Pentsatzen dut ahal bezain laster naturalki doakion bere lekua emango diola gure hizkuntzari. Euskararen alde, aldarrikapenen ildoa landua da Elizan gizartean bezala.
Gaia sakondu nahian, interneten xekatu dut gure diosesaren gunea. Zorionez aurkitu dut indar bat egina dela Departamenduaren tokiko bi hizkuntzeri buruz: euskara eta gaskoina. Egia erran, euskara gaskoina baino gehiago garatua da.
Huna euskarazko artikuluen gunea. Aktualitatea hariaz gain, tarte ederra emana zaio euskarazko Liturgiari, elementu guziak eskainiz euskarazko mezak prestatzen duten jendearen laguntzeko, Aita Jose Antonio Pagolaren gogoetagunearekin ere besteak beste. Baliabide iturrietan oraino, Elizen arteko Biblia lapurtarrez osoki numerizatua eta irakurgai dagona amarauna.org gunean, hedabideen errefererentzia (Lapurdi Irratia besteak beste). Beste lotura baliagarriak: Bilbo, Gasteiz, Donostia eta Iruñeako elizbarrutiak edo diosesenak; Fedea eta Kultura (Atalai.net); Atxik berrituz Iparraldeko kristau kolektiboa bakearen alde Euskal Herrian. Gune eder bat deskubritu dut: Amunsa -rena, egunean eguneko liturgiaz, hain zuzen Dionisio Amundarain Sarasola Lazkaoko beneditanoarena.
Baionako diosesa euskaraz
Aktualitateari behako bat ematerakoan, heldu den azaroaren 8an Maulen iraganen den Euskal Herriko koralen biltzarra aipatua da, xehetasun guziekin, kantuen zerrenda osoa eta horien ikasteko soinuak (mp3) eskuragarri emanez.
Eliza egituran gidatzaile eta manatzaile gizonetan sineste guti dugunean, on da ikustea euskal girixtino sinesdun suharren fedea Biblian oinarritua, ez baldin badu ere gure gaurko gizartean ikusgarritasun handirik. Haatik lanean ari dena, ogiaren altxagarria bezala, edo xumeki Pedro Meca bezala, karrikan pobreen artean. Maulen emanen dugun Belokeko Iratzederren kantuak dion gisan: "Argi semeak alai kanta ilunbetan barna, gora bihotzak!"

2015(e)ko martxoa 1, igandea

'Xalbador, izena eta izana' E. Dorronsororen dokumentala

Eneko Dorronsoren dokumentala estreinatua izan zen Iparraldean Hazparnen Zinegin festibalean. Arrakasta gaitza bildu zuen. Jendea ezin sartuz ere kanpoan gelditu zen, horietan Bizkaitik jinak.

Geroztik hainbat herritan ikusgai da, bereziki Gipuzkoan.

Haatik, hastapenetik egilearen asmoa Iparraldean ahal bezainbat zabaltzea izan da, alabaina Ipar Euskal Herriko bertsularitzaren figura handienetarikoa baita Urepeldar olerkaria.

19. Korrika kulturala kari, ikusteko aukera emana zauzue martxoaren 3an Kanbon, 5ean Baionan Atalante zinegelan, Garazin 6an eta Alduden 7an, egilearen presentziarekin (ikus xehetasunak eke.eus -eko agendan).

Ez baduzue jadanik ikusia, eta nik Hazparnen gozatzeko aukera izan baitut, gain-gainetik gomendatzen dauzuet. Zinez balio du. Seme-alaben lekukotasunak bildu ditu du Enekok, hots Xalbador gizonaren eta familiaren potreta intimoa ezagutzera eskainia zauku. Dokumentalaren estetika biziki ederra azpimarratzekoa da. Urepeleko mendien edertasuna ezagutzen, edo berdin hobeki erran, ezagutzen ez dutenek, errexkiago ulertuko duzue nola Xalbador artzaina olerkari eta bertsulari handi bilakatu zen.