2015(e)ko martxoaren 4(a), asteazkena

Baionako diosesa euskaraz

Berriki Mikel Duvertek gutun bat igorri dio Lionel Landart bikario generala eta Baionako erretorrari katedraleko euskarazko siñaletikari buruz. Berehala hitzordu bat eman dio. Pentsatzen dut ahal bezain laster naturalki doakion bere lekua emango diola gure hizkuntzari. Euskararen alde, aldarrikapenen ildoa landua da Elizan gizartean bezala.
Gaia sakondu nahian, interneten xekatu dut gure diosesaren gunea. Zorionez aurkitu dut indar bat egina dela Departamenduaren tokiko bi hizkuntzeri buruz: euskara eta gaskoina. Egia erran, euskara gaskoina baino gehiago garatua da.
Huna euskarazko artikuluen gunea. Aktualitatea hariaz gain, tarte ederra emana zaio euskarazko Liturgiari, elementu guziak eskainiz euskarazko mezak prestatzen duten jendearen laguntzeko, Aita Jose Antonio Pagolaren gogoetagunearekin ere besteak beste. Baliabide iturrietan oraino, Elizen arteko Biblia lapurtarrez osoki numerizatua eta irakurgai dagona amarauna.org gunean, hedabideen errefererentzia (Lapurdi Irratia besteak beste). Beste lotura baliagarriak: Bilbo, Gasteiz, Donostia eta Iruñeako elizbarrutiak edo diosesenak; Fedea eta Kultura (Atalai.net); Atxik berrituz Iparraldeko kristau kolektiboa bakearen alde Euskal Herrian. Gune eder bat deskubritu dut: Amunsa -rena, egunean eguneko liturgiaz, hain zuzen Dionisio Amundarain Sarasola Lazkaoko beneditanoarena.
Baionako diosesa euskaraz
Aktualitateari behako bat ematerakoan, heldu den azaroaren 8an Maulen iraganen den Euskal Herriko koralen biltzarra aipatua da, xehetasun guziekin, kantuen zerrenda osoa eta horien ikasteko soinuak (mp3) eskuragarri emanez.
Eliza egituran gidatzaile eta manatzaile gizonetan sineste guti dugunean, on da ikustea euskal girixtino sinesdun suharren fedea Biblian oinarritua, ez baldin badu ere gure gaurko gizartean ikusgarritasun handirik. Haatik lanean ari dena, ogiaren altxagarria bezala, edo xumeki Pedro Meca bezala, karrikan pobreen artean. Maulen emanen dugun Belokeko Iratzederren kantuak dion gisan: "Argi semeak alai kanta ilunbetan barna, gora bihotzak!"

1 iruzkin:

  1. Ohar bat artikulu egile hunen ganik, erraiteko idatzia izan dela ostegun goiz huntan eta eguerditan Herria astekaria eskuratzean Mizel Jorajuria Mandio-k justu gai hunen osagarri den iritzi artikulua idatzi duela "Jainkoa bizia jendea" sailan, titulu hunekin "Diozesako euskara frantsesez". Domaia da Herria-k ez duela internet gunerik, web nabigatzaile guziek irakur dezazuen nolako tirabirak duten bereziki Fedea eta Kultura taldekoek M. Aillet apezpikuarekin.

    ErantzunEzabatu