2015(e)ko apirila 24, ostirala

Zerutiar adixkidea

Baratzean ari bainintzan
Papogorri hurbildu zitzautan
Hari ohartu bainitzaion
Elkar hizketan hasi zerautan 

Ai zer ziztu zoragarria
Bai zu kantari paregabea
Nork derautzu erakatsia
Ta nor xoratzeko ikasia?

Lumaduna arin airetan
Hodeien artetik zerutiar
Lili urdina baratzean
Ederra izanik ere lurtiar

Lurtiarra zerutiarrari so
Baita zerukoa lurtiarrari
Biak adixkidetu seko
Geroztik beti batean kantari

 

                                                                                                   Azkaine, 2015ko apirilaren 24a.

Zerutiar adixkidea

2015(e)ko apirila 20, astelehena

Mikel Erramouspe @euskalirratiak : '@eke_eus...

#Bertsularitza garatzeko @bertsulari eta @eke_eus...

@OndareBizia maiatzak 14-15 #ondareinmateriala...

2015(e)ko apirila 16, osteguna

J. M. Bedaxagar-en elkarrizketa @IEHkohitza biziki...

2015(e)ko apirila 12, igandea

Adi adi AKORDEOI EGUNA Azkainen maiatzak 16...

Voltoire ez da Voltaire

Hizki batek dena aldatzen du.

Ba omen dago Kanbon ene izen-deitura bereko emazte bat. Haatik haren deitura Delhiart da, kontrabandista famatu batena hain zuzen.

Izenak garena egiten baigaitu, ez da batere gauza bera hala edo hola deitua izaitea!

Egiari egia eta norberari berea ematea zor baitzaio, banoazue kondatzera nola Voltoire-n obra bati Voltaire-n jabegoa eman zaion.

2014ko uztailan 9an, blog huntan eta sare sozialetan albiste hau hedatu nuen: "Bordeleko unibertsitateak bere liburu xahar numerizatuetan Voltaire-n euskarazko erranzahar bilduma bazaukala".

Alabainan Michel de Montaigne Bordele 3 unibertsitateko katalogoko fitxan fidatu nintzen.

"Anciens proverbes basques et gascons" ale numerizatuari hurbilagotik behatu izan banion, jakingo nuen autorea ez zela Voltaire bainan Voltoire! (liburu hastapenean preseski ederki azaldua da autoreaz guti jakin izana).

Funtsean, internet galdezkatuz geroz ere, http://data.bnf.fr/10186598/voltoire/ BNF Frantziako Liburutegi nazionalak Voltoire (15..-16..)-i buruz fitxa zehatza eskaintzen digu.

Interneten bidaiatzen maite duen idazle fin eta zorrotz bati zor diot zuzenketa pollit bezain interesanta hau. Baliatzen naiz hemendik haren eskertzeko, internautekin trukatzea oso aberasgarri baita.

Azkenik, jakin zazue Xarles Videgain euskaltzainak Voltoire-n Tresora hirur lenguaietaka, franzesa, española eta haskara (1642, Baiona) liburuaren berrargitalpena prestatu zuela, lehen edizioan oinarrituta. Hortaz Joxemiel Bidadorren artikuluan (Euskaldunon Egunkaria, 2000-7-21 eta 28) zer edo zer gehiago jakiteko parada baduzue. Eta beha berak zer aitortzen daukun: "Voltoireren Tresora-ren berri ematerakoan akats larria labandu zitzaigun, izan ere, berriki agertu den liburu honen azken faksimila ez baitu Xarritonek atondu Xarles Videgainek baizik. Bihoa ezerren aitzinetik geure barkamen eskea huts galanta honengatik".

Voltoire ez da Voltaire, are gutiago Videgain Xarriton :)) !!!

2015(e)ko apirila 8, asteazkena

Aguxtin Alkhat-en elkarrizketa @eke_eus : "Nik...

2015(e)ko apirila 6, astelehena

Sarako 32. Idazleen Biltzarra (2015)

Urtero Sarak eskaintzen daukun euskal literaturaren eta musikaren azokak ez du zimur itxurik hartzen.

Aurten ere, goizeko hamarretan ideki orduko jendea agertu da eta buztana egiten hasi sartze txartelak ukaiteko. Arrakasta hor da beti, berritasunak argitaratzen diren ber. Egiazko mindegi bat. Nahiz batzuk galdera egin araberako irakurlegorik badenetz. Ez balitz, ez litaike publikoa horrela hurbilduko, ez, zer diozue?

Batekin mintzatu, aspaldi ez ikusi beste batekin eleketan ahantzirik, harreman sozialen gune paregabea. Ez baita guti.

Aurtengo uzta aberatsa zinez bai, baina gustuko eskaintza guziei ezin buru egin, sakelak erretu eta hustu egin baitzait!

Xipri Arbelbide idazle nasaiarekin hizketan ari izan eta "Euskal Elizaren historia" liburua erosi onduan; Henri Duhauren "Bahnar deitu salbaiak" liburua eskuraturik, joan naiz Lucien Etxezaharreta Maiatz argitaletxeburuaren gana. Lehenik aldizkariaren 60. zenbakia eskaini daut ene partehartzea eskertzeko (bi olerki, blog huntan idatziak). Hor bi liburu erosi dizkiot: Eñaut Etxamendiren seigarren eta azken liburua, ezterentzubiarrak idatzi kantu eta olerkien bilduma (liburua + CDa); bai eta ere Piarres Troundayen "Galerna" obra.

Lucien Etxezaharreta, Maiatz. Idazleen Biltzarra. Sara, 2015-04-06

Lucien Etxezaharreta, Maiatz. Idazleen Biltzarra. Sara, 2015-04-06

Jean-Louis Davant Maiatz-en mahaian, "Aljeriaz" bere liburua aurkezten ari. Sara, 2015

Jean-Louis Davant Maiatz-en mahaian, "Aljeriaz" bere liburua aurkezten ari. Sara, 2015

Xede berezi batekin hurbildua nintzen aurten. Maite Idirin-en bi cederomak erosi ditut, 1968 eta 1975 urteetako kantuekin osatua. ausArt records Klasikart Orioko disketxeak proposatu dio euskal kantarixari urte haietan publikatu 45T disken berrargitaratzea, nihun gehiago aurkitu ez ditaizkenak. Garai hartan ez zuen geroztik landua duen boz lirikoa. Luze ta zabal mintzatu gira bere ibilbideaz, bai kantatze tekniketaz.

Disketxe hunen mahaian denbora luzatu dut eta begi kolpea bota Gorriti Historikoaren 5CDko bildumari bai eta Coro Easok 3 boz apaletan interpretatu Lorenzo Perosi (1872-1956)-ren Misa de Requiem obra zoragarriari, Donostiako San Bizente elizan grabatua. Klasikoa gustukoa dutenek hain segur jada ezagut lezakete, bestela itzuliño bat egin dezatela http://www.klasikart.com/ gunean, ez zaie damutuko eta baditeke beren gustuko perla aurkitzea!

2015(e)ko apirila 5, igandea

Ziburun 'Elkarteak & sorkuntzak' erakusketa: patchwork

Ziburuko patchworkzaleak elkarteari izena eman behar eta, portuko Patxiku untzi famatuari keinu bat egin diote. Patch y Coud deitzen baita elkartea. Emazteak jostelanari atxikiak dira eta trebe, izan ohituraz eta beharrez ala hautuz. Bordagain dorrean erakutsi pieza andana guzia eskuz egina da, dena eskuz. Estalgi batzuen kasuan urteak pasatua.

Martine Grall elkarteburuak erakutsi dauku nola egin:

Ziburun 'Elkarteak & sorkuntzak' erakusketa: patchwork
Ziburun 'Elkarteak & sorkuntzak' erakusketa: patchwork

Ondoko lan zoragarri hau Normandiako emazte batek egina du:

Ziburun 'Elkarteak & sorkuntzak' erakusketa: patchwork

Artisautza huntan ere, teknika bat baino gehiago erabilia da.

Ziburun 'Elkarteak & sorkuntzak' erakusketa: patchwork
Ziburun 'Elkarteak & sorkuntzak' erakusketa: patchwork
Ziburun 'Elkarteak & sorkuntzak' erakusketa: patchwork

Patchwork egiteaz gain, ari dira brodatzen eta trikotatzen. Arrakasta ederra bildu duen elkartea, alabaina emazteei naturalki darioten eskulana baita.

Kontaktua: Patch y coud - Elkartetxea; J. B. Carassou etorbiudea. 64500 Ziburu

Martine Grall 06 61 82 12 34

Ziburun 'Elkarteak & sorkuntzak' erakusketa: portzelana

Portzelana lantzen duen elkartea Zokoan kokatua da. Azitak xuriak eskuratu, hauen tindatze lanak urratsez urrats egiten dituzte, etapen artean labean ematen dutelarik beren obra. Hemen ere, lan artesa ikaragarria, marrazten eta margotzen jakitea galdegiten baitu.

Ziburun 'Elkarteak & sorkuntzak' erakusketa: portzelana
Ziburun 'Elkarteak & sorkuntzak' erakusketa: portzelana
Ziburun 'Elkarteak & sorkuntzak' erakusketa: portzelana
Ziburun 'Elkarteak & sorkuntzak' erakusketa: portzelana

Kontaktua: Ciboure porcelaine elkartea - Pilota plaza, Untxin auzoa. 64500 Ziburu

Agnès Dunoyer 06 07 21 85 42

2015(e)ko apirila 3, ostirala

Ziburun 'Elkarteak & sorkuntzak' erakusketa (2015): Liburu azalgintza elkartea (2)







Jean Roland, Jackie Cochet, Geneviève Sirol

Kontaktua: Cercle de reliure d'art de Ciboure - Liburu azalgintza elkartea
Elkartetxea; Jean-Baptiste Carassou etorbidea. 64500 Ziburu
Jean Roland 05 59 26 98 26

2015(e)ko apirila 1, asteazkena

Ziburun 'Elkarteak & sorkuntzak' erakusketa (2015): Liburu azalgintza elkartea (1)

Ziburuko herriko etxeak Aste Saindua hautatu du herriko 4 elkarteen sorkuntzak publiko zabalari erakusteko: 'Patch y Coud' patchwork egilea, portzelana lantzen duen elkarte bat, 'Terre d'ombres' bai eta Liburu azalgintza elkarteak. Bordagain dorrean apirilaren 2tik 6ra, ostegun saindutik Bazko astelehen arte. Prentsa txostenak elkarte bakoitzaren aurkezpentxo bat egiten dizue:

Estreinaldia (2015-04-01)

Goazen lehenik elkartearen ezagutza egitera, frantsesez 'Cercle de reliure d'art' deitua.

Mahaia eta Jean Roland elkarteburua


G. Sirol, Annie Dalesme diruzaina, Jacques Sirol idazkaria

Gure elkartean, maila ezberdinak badira: batzuk aspalditik ari direnak eta esperientzia handikoak, beste batzuk berriki sartuak eta beren neurrian urratsez urrats bermatzen direnak. Betiere, denak artoski, bakoitzak bere sorkuntza partea emanez eta garatu nahian.
Izan goi-mailako ala apalagoko apainketa, biak sendimenduz balio berekoa dira, norberak landu obra bakarra.
Aipamen berezi bat Sirol jaun-andreentzat. Liburu apainketaren pasionea duela hogei urte sortu zitzaioten. Elkartean egin lanari segipen bat ematen die etxean duten atelieran.
Ondoko obra Jacques Sirolek bere buruari eman desafioaren emaitza da: lan miresgarria!

'La tristesse d'Elsie', Jacques Sirol jaunak apaindu liburu arraroa

Ez da bere andrea Geneviève senarraren itzalean egotekoa den emaztea! Huna 'Les dames galantes' obra. Gibelaldean, "la vénus de Willendorf"-en itxura. Liburuaren ilustratzeko apaindura berak asmatua du:

'Les dames galantes', Geneviève Sirolen apaindura.

Askok pentsa lezakete: "Zinez ikaragarriko maila eta artelan zaila guretako". Bai segur, erakutsi dizuedanaren heina altua da.
Nihaur biziki urrun nago hortaz, gehienik denbora libre eskasez. Alabaina elkarteko gehienak erretretan dira.
Baina, egiten duguna ez baldin bada hein hortara heldu ere, arte artisautza hau lantzea merezi du. Gogoratzen digu mendeetan barna ardurenean ofizio hau monastegietan egiten zela, denbora eta pazientza anitz hartuz.
Liburua, jakitatearen zabaltzeko tresna bat da. Hunen apaintzea, balorizatze urrats bat, sorkuntza eta garapen pertsonal iturri.
Ondoko aldi batez, elkarteko beste obra batzuk aurkeztuko dizkizuet.