2015(e)ko apirilaren 6(a), astelehena

Sarako 32. Idazleen Biltzarra (2015)

Urtero Sarak eskaintzen daukun euskal literaturaren eta musikaren azokak ez du zimur itxurik hartzen.

Aurten ere, goizeko hamarretan ideki orduko jendea agertu da eta buztana egiten hasi sartze txartelak ukaiteko. Arrakasta hor da beti, berritasunak argitaratzen diren ber. Egiazko mindegi bat. Nahiz batzuk galdera egin araberako irakurlegorik badenetz. Ez balitz, ez litaike publikoa horrela hurbilduko, ez, zer diozue?

Batekin mintzatu, aspaldi ez ikusi beste batekin eleketan ahantzirik, harreman sozialen gune paregabea. Ez baita guti.

Aurtengo uzta aberatsa zinez bai, baina gustuko eskaintza guziei ezin buru egin, sakelak erretu eta hustu egin baitzait!

Xipri Arbelbide idazle nasaiarekin hizketan ari izan eta "Euskal Elizaren historia" liburua erosi onduan; Henri Duhauren "Bahnar deitu salbaiak" liburua eskuraturik, joan naiz Lucien Etxezaharreta Maiatz argitaletxeburuaren gana. Lehenik aldizkariaren 60. zenbakia eskaini daut ene partehartzea eskertzeko (bi olerki, blog huntan idatziak). Hor bi liburu erosi dizkiot: Eñaut Etxamendiren seigarren eta azken liburua, ezterentzubiarrak idatzi kantu eta olerkien bilduma (liburua + CDa); bai eta ere Piarres Troundayen "Galerna" obra.

Lucien Etxezaharreta, Maiatz. Idazleen Biltzarra. Sara, 2015-04-06

Lucien Etxezaharreta, Maiatz. Idazleen Biltzarra. Sara, 2015-04-06

Jean-Louis Davant Maiatz-en mahaian, "Aljeriaz" bere liburua aurkezten ari. Sara, 2015

Jean-Louis Davant Maiatz-en mahaian, "Aljeriaz" bere liburua aurkezten ari. Sara, 2015

Xede berezi batekin hurbildua nintzen aurten. Maite Idirin-en bi cederomak erosi ditut, 1968 eta 1975 urteetako kantuekin osatua. ausArt records Klasikart Orioko disketxeak proposatu dio euskal kantarixari urte haietan publikatu 45T disken berrargitaratzea, nihun gehiago aurkitu ez ditaizkenak. Garai hartan ez zuen geroztik landua duen boz lirikoa. Luze ta zabal mintzatu gira bere ibilbideaz, bai kantatze tekniketaz.

Disketxe hunen mahaian denbora luzatu dut eta begi kolpea bota Gorriti Historikoaren 5CDko bildumari bai eta Coro Easok 3 boz apaletan interpretatu Lorenzo Perosi (1872-1956)-ren Misa de Requiem obra zoragarriari, Donostiako San Bizente elizan grabatua. Klasikoa gustukoa dutenek hain segur jada ezagut lezakete, bestela itzuliño bat egin dezatela http://www.klasikart.com/ gunean, ez zaie damutuko eta baditeke beren gustuko perla aurkitzea!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina