2015(e)ko azaroa 26, osteguna

Neguaren atarian, uda gogoan: Bonneval-sur-Arc

Neguaren atarian, uda gogoan: Bonneval-sur-Arc

Azaroko azken egunak. Urteko garai ilunenean sartuak gira. Egunak labur. Laster Santa Luxi eguna eta harekin dakarren erran-zahar ezaguna.

Garai hauek maite ditut bero zakarrak bezainbat. Egurra erretzen ari da furnegoan. Goxo da barnean. Pausatzeko garaia.

Bazkaltzen ari nintzela, sukaldeko leihotik xorien harat-hunatak segitu ditut: lehen hotzak senditu ordu, suillarda zokoan atxeman gantza eta hazi borobilak zintzilikatu ditut. Barne zorionez betea, ikusi ditut jan ta jan, burua beheiti ta goiti, papogorriak eta arotz edo igeltzero txoriak (delako sitelle torchepot hegazti nimiño xarmantak).

Udako oporrak neguan prestatzen ditut: norat joan, zein etxe edo apartamendu alokatu, zer bisitatu, eskualde horri lotu dokumentazioa bilatu, liburuak, kartak manatu...

Halaber pasa den udari behako bat ematen diot, batez ere argazkiak berriz behatuz, bereziki erakusten duten argia... Joan den udako egonaldiaz ez dut oihartzun handirik eman hemen, edo egia erran batere. Alta zernahi argazki eder eta oroitzapen on badut...

Berant bada berant zintzilikatuko ditut bakarrik Bonneval-sur-Arc herrixkarenak: Maurienne ibarran dagon azken herria, mendian gora kokatua den etxe multxo ezin ederragoez osatua!

Bonneval-sur-Arc. Argazkia: Maite Deliart (2015)

Bonneval-sur-Arc. Argazkia: Maite Deliart (2015)

Neguaren atarian, uda gogoan: Bonneval-sur-Arc
Neguaren atarian, uda gogoan: Bonneval-sur-Arc
Den xori arruntenari ere besta egiten diot, kasu egiten baitiot!... eta zeruaren urdin hori!

Den xori arruntenari ere besta egiten diot, kasu egiten baitiot!... eta zeruaren urdin hori!

Neguaren atarian, uda gogoan: Bonneval-sur-Arc

Udan, iduzkiaren argipean, eta gaur segur, xuri-xuria, elur estalgi lodi batean gordea, Bonneval-sur-Arc, bisitatzea merezi duen herrixka panpiña, biztanleek arta handiz begiratzen dutena beren menditar nortasuna zainduz.

Datorren udan... zendako ez beste mendigune bati buruz, berdin Puy-de-Dôme edo Sancy aldera!

2015(e)ko azaroa 11, asteazkena

Senior

Ez zauku ba guri beti iduritzen adina hartzen ari girela bainan etxera errezebitzen dugun publizitateak oroitarazten dauku!

Atzo promozio bat ukan dut Notre Temps seniorren aldizkarira harpidetzeko prezio ezin hobeago batean. Halako zerbait egin zait: beraz senior bat naiz! Zahar kolpea hartu dut tanpez.

Alta 56 urte beteko ditut heldu den otsailan eta nere burua ez daukat oraindikan kategoria hortan sartua.

Anekdota hau komentatzen ari ginaudela bazkal denboran, senarrak erran daut errugbian 20 urtekoak seniorretan sailkatuak zirela. Aaaa milesker bizikide!

Lan munduan adin muga hori 45 urtetan emana da (lantaldeko zaharrena nintzela banakien, beraz senior "ondu eta heldua" naiz orduan!)

Lan mundutik ateratzeko epea haatik, 67 urte... momentuko.

Ikusita ere biziraupena geroz eta luzeago dagola, biziaren erdia senior bezala konsideratuak gira!! Hauxe ba komedia jenden klasifikatzeko usaia hori.

Betiere, ez nau horrek laguntzen trenkatzeko: Notre Temps aldizkariari harpidetu bai ala ez! Zer diozue?

2015(e)ko azaroa 3, asteartea

Sü Azia-k crowdfunding kanpaina bat abiatu du...