2016(e)ko azaroa 10, osteguna

Piriniar ahuntzak eta eguraldi txarra

Koinatak 5 ahuntza baditu: 2 beren pittikekin eta akerra. Hamar egunez Portugalera oporretara joanik, 18 ardien eta ahuntzen ardura gure gain utzi du. Denak gure etxe ondoko soroan zeuden gure begipean.
Baina justu eguraldi txarra sartu eta, badu orain aste bat euria ari duela atertu gabe, haize ufakoen artean. Herenegun, ardi tropa soroz aldatu dugu, eraiki berria izan den bordan gehizatzeko eta belarraz asetzeko.
Bainan ahuntzekin zer egin? Bi amak eta akerra banaka lotuak dira kate batekin, ez zedin eskapa eta malurrak egin fruituondoetan eta auzoko baratzetan. Bi egunetarik soroan lekuz aldatuak dira: gogotik lotzen dira bazka berezi eta belar punta batzuei. Egunero ematen diegun ogi idorraz itsutuak dira ere.
Halere etengabe, mahai inguruan, galdera berak: hotza soportatzen ote dute? zein neurri egokiena hartu? Ene galderei erantzun batzu atxeman ditut goiz huntan Interneten: deskubritu dut Piriniar ahuntza arrazakoa direla! Arriskuan dagon tokiko arraza, azkarra. Mendiguneetako bizibaldintzei egokitua bada ere, halere gogor da libro diren pittikentzat: oilotegi aitzinera heldu dira aterbetzera, oiloen arto eta garia jaterat, hor dagon puxkeria azpiz-gora uzkaliz!








2016(e)ko urria 20, osteguna

Etxeko erle kofoinak udazkenean

Gure bi erlauntzei leku definitiboa eman diegu, etxetik urrun bizpahiru astez egon ondoan, Senpere Amotz auzoan. Orain oilaskoen oilategian daude.



Berehala Asiako liztorrak erle ihizian hasi dira eta guk haien kontra tenis partidak hasi:




Eskuko metodo eraginkorra! kofoinen aitzinean egon eta, klak!. Aldi batez, senarrak 15 bat harrapatu zituen horrela.
Etsai handi horiek nola ihiztatu? erlezain guzien arrangura nagusia bilakatua da. Interneten forumetan batzuek aipatzen dute oiloek jaten dituztela. Hasteko tenisean harrapatuak gogotik jaten ditu oilasko hunek (eta atzo ere hau bera zen!) eta senarrak ikusi du oilasko bat klixkatzen airean zebilen bat!





Joan den astean Gipuzkoako erlezain elkartearen egoitzara hurbildu gira materiala eta neguari buruz elikagaia erosteko. Harrigarri da zenbat azukre elikagai xurgatu duten egun batez! 
Utz ditzagun oraindik egun iguzkitsuetaz baliatzen eta beren lanetik bizitzen lehen hotzak heldu artean.

2016(e)ko iraila 15, osteguna

Orcival: Andremari basilika (2)

Mitrailei behako berezi bat ematea proposatzen dauzuet beste deusik gehitu gabe!






Egun batez baldin baduzue Orcivalera joateko parada, sartu eta utz basilikaren izpiritu eta atmosfera zuen baitan eragiten isiltasunean. Bada zerbait eta Norbait hor!

Orcival: Andremari Basilika (1)

Lehen inpresioa: Harrigarri da Orcival Puy-de-Dômeko herri ttikian halako basilika erraldoia topatzea. Auverniako arte erromanikoaren ikur nagusietariko bat:


Jondoni Joane atea. Arg. M. Deliart



Orcival herriaren historiaz deus guti dakigu bainan tokiko tradizioak dio X. mendeko Normandiarren erasoaldiek aitzineko eliza desegin zutela. Azken hau gaurko basilika gaineko mendian zagon "Ama Birjinaren hilobia" deitu lekuan kokatua zen. Hor lurperatua zitaken Birjinaren itxura bat ohoinen eskuetatik babesteko.
Artxibo zaharrek jakinarazten digute Ama Birjinaren erlikiak etorri zirela 878 urte inguruan. Ondorioz parropia, San Esteberi dedikatua zena, Andremariaren debozioari zuzendu zen.

Andremari basilika XII. mende hastapenean eraikia izan da, Auverniako Elizak bizi zuen garai oparoan. Erdi aroko gizarte horren eragile nagusiak Auverniako kondea, Clermont-eko apezpikua eta Brioudeko kalonje-kondeak ziren. 1043an eraikia izan zen Chaise-Dieu abadiari parte emana izan zen 1166an.

Gogoeta asko heldu zauzku bere neurri ikaragarriak ikusita. Eraikitzaileek ez zuten arte-ederretako monumentu bat gogoan baina isiltasun eta otoitz leku bat, "Jainkoaren etxea eta Zeruko atea" Yvon Aybram apezpikuak azpimarratzen duen bezala. Eta hala da. Gorputz eta arima guzia hartzen duena. Emozio sortzaile. Hara kripta adibidez:



Koru erdian Andremari itxura Jesus altzoan. Basilika eraiki den garai berekoa. Beilarien helburua. Bai, egia, ahantzi dut erraitea beila leku dela Orcival, bereziki Salbatorez. 







Argiaren presentzia mitrailen edertasunaren bidez izango dut aipagai ondoko artikuluan.

2016(e)ko iraila 8, osteguna

Puy de Dôme sumendia

Ikasleak eskolako bidea hartu duten garaian, guk udako giroa luzatu dugu aste bat pasatuz Auvergne eskualdean Sancy mendikatean. Lehenik pausa!


gero bisitatzen ibibli gira eta ere, aspaldiko partez, oinez.
1 000 metro goratasunean ginauden jadanik gure aterbetxean La Tour d'Auvergne herrian, eta, gure Pirineotakoei konparatuz, hango bi mendi aipagarrienak ez dira hain altuak: Puy de Sancy (1 885 m) eta Puy de Dôme (1 465 m).
Azken huntara igotzeko, trein bat estreinatua dute 2012an. Ez da geroztik beste garraio molderik hartzen ahal mendi puntara joateko, ez auto ez bizikleta, nun ez den lehiaketa berezi batentzat edo sokorrientzat.
Senarrak bide zuzenena hartzen zuen bitartean, "Panoramique des Dômes" deitu treina hartu dut.




Meteorologia estazioa babesteaz gain, sumendi kaskoak duen berezitasuna Merkurio tenploaren aztarnak  eta hauen erreberritze obrak:



Beste oroitarri arraroa, 1911n Puy de Dôme gainean pausatu zenaren lehen hegazkilariarena:


360°ko bista zoragarria! Piknikatuta, mandozainen bidexkatik jautsi gira Ceyssat leporaino eta azkenik treinaren geltokiraino. Ibilaldi pollita. Pasatu egunaz uros!


2016(e)ko abuztua 12, ostirala

Begiurdin bloga "Larrungo Begiurdin" bilakatua

Jadanik 8 urte Begiurdin bloga sortu nuela UEUko formakuntza bat segitu ondoan.
Praktika eta errexa zelakoan, plataforma bat hautatu nuen, Overblog. 2014an, politika berri bat eman zuten martxan baizik eta ordaindu behar zela publizitaterik ez bagenuen nahi. Bego beraz bi sos pagatzea deliberatu nuen. Ba bainan ondoko urtean eta ondokoan oraino gehiago eskatzen ziguten! Ah hola da! berriki plataformaz aldatu dut lehengokoatik dena transferatuz publizitaterik gabe eta urririk den Blogger Google-n plataformara.
Eta orai http://larrungo-begiurdin.blogspot.com helbide berria daukat.

Aldiz, aterbetze aldatzeak artikuluen argazki guziak banan-banan hartzea eskatzen dit. Lan urria. Eta bada besterik egiteko bizian! Ez harritu beraz artikulu zaharrretan ez badira oraindik argazkiak ikusgarri.

Anartean uda da, joko olinpikoak hurbiletik segitzen ari naiz eta Andremari herriko bestak hor ditugu!!!

2016(e)ko uztaila 15, ostirala

Aldudeko gasnategiaren sustenguz

2015eko udan, Aldudeko gasnategiak diru biltze kanpaina handi bat egin zuen Bulb in Town plataforman bere proiektua garatzeko.
2014an, Euskal Herriko Esne Kooperatiba sortu zen esne salmentaren krisiari aurre egiteko, lekuan berean esnetegi bat eta gasnategia eraikitzeko asmoz.

103 ekoizle -ardi eta behi hazleak- biltzen ditu:



Urte bat beranduago kapitala bermatu eta garatzeko xedearekin diru biltzea zabaldu dutelarik, jendeak berehala erantzun du markak hautsiz (407 700€, 200 000€ espero zituzten). Ekimenak erakusten du badagola geroz ta engaiamendu gehiago tokiko eta elkartasunezko garapen ekonomikoa sustatzeko. Ikusten ditugu gazteak tokiko laborantxa bizirik atxiki beharrez ari direnak. Herrian inbertitzeak bere zentzu guzia badauka gaur egun ere.

Horiek hola nik ere enea eskaini nuen eta huna nun gaur gasnategiko ongileen kooperatiboko kide karta eta opari parte bat ukan dutan etxera:  4 kiloko ardi gasna Ossau-Iraty Aldarri markakoa ene izenarekin! Artzain makila geroago eskuratzekoa dut, oraindanik %10 beherakada eskainia zaut hil arte ("à vie")! Ez dea eder ta pollit? Bizi luze bat (eni ere beherakada ahal bezain luzaz baliatzeko) desiratzen diogu bihotz bihotzez Aldudeko gasnategiari!




2016(e)ko uztaila 10, igandea

Errege petentak

Haitzpean, zut dauden akanten artean, errege petentek laranja kolore biziaz argitzen dute iguzki gabeko xokoa. 
Crocosmia loreak euskaraz duen izena beti gogoan atxiki dut, irudikatzen duena hain da poetikoa. 
Baratzeko harri bitxia nahiz arrunta izan, aspaldikoa, errexki heldu dena, han ta hemen, margolari baten gisan, liranja kolorea ferdearekin, urdinarekin ezarria:



Arg. Maite Deliart

2016(e)ko uztaila 3, igandea

Zerbitzariren "Azkaine gure sorterria"




"Azkaine gure sorterria". Jean Elissalde "Zerbitzari". Elkar, 1985.

Jean Elissalde "Zerbitzari" (1883-1961) apez euskalzale famatua, Gerezietan hil zen. Azkaindarra zen sortzez. "Azkaine gure sorterria" (Elkar, 1985) liburua argitaratu zuen Euskaltzaleen Biltzarrak Elkar argitalpenarekin Zerbitzarik bere sorterriaz idatzi lerroak bilduz.
Azkaine ene bizitoki bilakatua da 1981 urteaz geroztik. Ez banaiz sortzez azkaindarra Zerbitzari bezala, jakin zazue azkaindartua naizela ezin hobeki ta ederki!