2017(e)ko ekaina 10, larunbata

Erleak Legazpitik Azkainera

Bi kofoinetarik batek ez du negua iragan: erle kopurua ez aski azkarra, erlauntza handiegi koloniarentzat, hotzak joak?
Betiere, bat baizik geratzen baitzizaukun, Gipuzkoako erlezain elkarteari galdegina giniozkan bi nukleo (frantsesez "ruchette") beteak (urteko erregina bere koloniarekin). Ondorioz Legazpiko Martin Mujika Zufiriaren kontaktua eman digute eta haren gana joan gira gaur.
Bertako erlearen hobekuntza genetiko taldeko kidea da. Bere ofiziotik aparte, familian eta bere baitarik ikasi erlegintza afizioan pasatzen du denbora gehiena. Harekin ukan dugun harreman eta solas trukaketa aberasgarria izan da biziki! Zernahi argitasun ukanik itzuli gira, gure kofoin kopurua emendatzeko esperantzarekin.
Erosi nukleoak jarri ditugu hautatu lekuan, batek (24/7) bi lauki ume-sabaia (couvain) dituena eta besteak (25/7) bi lauki eterdi, biek erregin urdina kategoriakoa:





Elikagai pixka bat estresari ihardokitzeko eta airatu dira eguraldi paregabea baliatuz!



Arratsalde apalean gure erlauntzetara pasarazi ditugu:








Uda atarian garaia ona daukate hazteko eta erreserbak egiteko neguari buruz. Asiako liztorren kontrako zepoak zintzilik daude... eta tennis raketa prest! Eskerrak berriz ere Martin Mujika bere harrera bikainarentzat eta aholkuen gatik.

2017(e)ko apirila 9, igandea

DENAK GARA BAKEGILEAK : Baionako manifestua - 2017-04-08

2011ko urriaren 20an ETAk armak uzten zituela iragarriz, aro berri bat irekitzen zela idatzi nuen xumeki hemen, ondorioz denak Frantzia eta Espainia estadoen erantzunkizunaren beha ginaudela.
Badakigu geroztik nolako harrera erakutsi duten bata ta besteak, bainan bake bidean bakegileak xutitu dira, isilean, ausardiarekin, katazka konpontzeko engaiatu direnak.

2017ko apirilaren 8a Baionan: beste pausu historikoa bake bidean! Eta gizarte zibilaren pisua eta eragina erakutsi duena!

Huna Apirilaren 8ko manifestua, 4 hizkuntzatan emana: ikus http://artisansdelapaix.eus


Erran izan den bezala, atxik ditzagun gogoan manifestu hunen HITZAK, bidean aurkitu oztopo eta une garaietan

2017(e)ko otsaila 22, asteazkena

Gure ezkontberrien albumaren estalgia




Besta ederraren argazki-bilduma sortu nuen interneten Photobox-i esker. Horren babesteko hara gero nolako kutxa egin diotan nihaurk eskuz Ziburuko Liburu Azalgintza elkartean, Ainara berak sortu ezkontzako apaindurekin. Pollita ez!!

2017(e)ko otsaila 19, igandea

GUITON, Paul, "Route des Pyrénées", Arthaud, 1939

Liburu azoka batean Saran aurkitua, ale zaharra bezain arraroari ez dizkiot orri bazterrak berdindu eta leundu, liburu azalgintzan ohi den bezala. Larru urdin ilunez estali ondoan,  bi larru xirrixtek mendi lerro eta bideak ilustratzen dute. Elur lumaz apaindu dut Pirineotako gailur hauek airosteko. Hara emaitza!





Otsaila hila dela?

Nago natura etxean aurten beste urteetan baino ez ote den ederrago. Iaz, sasi bilakatua zena argitu ondoan, san josep loreak agertu dira ustez baratzezainak lerrokatuak. Kamelia sinpleak eta dobleak, pipa-loreak eta beste... Ez dit natura bezainbat beste deusik bihotza gisa hortan altxatzen... bai bada besterik... baina ez dauzuet salatuko!








Hola galdeginik ezin errefusa!