XVIII. mendea, argien mendea deitzen balin bada erran ditaike Erdi Aroaz koloreen garaia izan zela.
Erakatsi daukuten Erdi Aroa, iluna eta bortitza zen. Gerlaren, izurrite eta gosetearen garaia, erlisionarena ere bai.
V. mendetik XV. mendera, 10 mende biziki gaizki ezagutuak.
"Sciences et Avenir" hilabetekariak Erdi Aroa gaiaz ale bat osoa argitaratzen du uda hastapen huntan.
Artikulu bati interesatu naiz berehala :
koloreen erranahiaz eta sinbolismoaz. 
XII. mende arte, jendartea Aurrehistoriatik heldu 3 kolore nagusi ezagutzen ditu : xuria ( kolorik gabekoa deitua ), beltza ( zikina denaren kolorea ) eta gorria ( koloretsua dena ).
XII. mendeak "Urdinaren iraultza" ezagutuko du.
Lehen, erromanoek barbaroeri lotzen zuten kolorea zen urdina. Eta huna urdina lotzen zaiola Amabirjinari, ordu arte beti beltzez dolu jantzitan agertzen zena. Zinez erlijio ikuspegi berria. Girixtinoen Jainkoa Argiaren Jainkoa bilakatzen da.. Eta argi hori...urdina ! Lehen aldikotz Mendebalalde huntan zeruak urdinez tindatzen dira -lehen gorri, xuri, beltza edo urre-kolorez agertzen zirelarik-. Ordu berean Amabirjinaren kultoa garatzen da. Zeruaren Erregina denaz geroz, urdinez jantzia izanen da.
Laster katedraleko mitrailak koloreztatuko dira.
( Beha ezker alde huntan VIII. mendeko ingeles ebanjelio bat keltiar hizkiz apaindua ). Ondorioz ere Frantziako Philippe Auguste eta Luis-Saindua deitu erregeak erresumaren kolore nagusitzat hartzen dute urdina.
Jendarte osoan, urdinaren moda zabalduko da jantzietan, oihaletan kodigo berri batek bizi soziala eta erlijiosoa hierarkizatuko duelarik.
Kodigo zaharrena fraileen jantzietan ikusten da. Beneditanoak umiltasunaren seinale beltzez dira. Ziztertarrak aldiz xuriz Jainko-argiaren sinbolo. XIII. mendean, fransiskanoak pobreziaren izenean ez dute kolorerik nahi, hortako "fraile grisak" izendatzen dira oihal lodi eta tindagabeaz bezti baitira.
XIII. mendean, gizarteak gorria, urre-kolorea eta urdina maite ditu. Beltza eta xuria errespetatzen ditu, horia eta ferdea bazterrera uzten eta ubela hastio.
XIV. mendean, aldaketa handiak gertatuko dira, koloreetan eragina izanen dutena. Izurrite eta gerlek penitentzi garaia idekiko dute kolore bizien ukatzearen ondorioarekin. Erregeak berak beltzez agertzen dira.
1500. urtearen inguruan kolonizatzaileek Ameriketako Maya eta Azteka zibilizazioak deskubritzen dituztelarik, heien kolore gehiegikeriak kisuz estaltzen dituzte. Huna berriz kolorea pagano munduari lotua.
Historiak saila guzietan bezala kolore munduan ere gorabehera harrigarriak ezagutu dituela lekuko !!!