2008(e)ko urriaren 24(a), ostirala

Jorge OTEIZA eskultorea

Urtebetetzek hauxe dute grazia, parada emaiten baitaukute oroitzeko, aipatzeko, berdin ezagutzeko.
Eta egun hauetan ainitz aipu da Oteiza eskultorearen sortzearen 100. urtemuga.


Bai bistan da izena lotuko dugula Donostian ikusi eskultura handieri (argazki huntan Oteiza ageri da preseski bere artelan baten aurrean) bai eta ARANTZAZUko santutegian asmatu eta sortu dituen eskultura erraldoieri (beherean apostoluak santutegiko fazadan ageri) :


Betiko datuak eta ibilbidea aipa ditaizke, prentsa guzian aurki ditzakezuen datu berak funtsean, haatik internet sarean aurkitu dutan bideo hau dut gustukoena, Oteiza bera erakusten baitu (erdaraz mintzo ez baitzakien euskara nahiz Orion sortua eta jatorriz nafartarra). Gizonaren sua, indarra eta barne bizia ager-arazten duen dokumentu arraroa, bere alde mistiko eta razionalistekin  :


Nago ez direla aski izanen antolatzen diren ekitaldiak aparteko artista hunen jeinu guzia zilatzeko (hori baitute artistek, sorkuntza eremuak barnatzean eta jorratzean urrunago eramaten baigaituzte, egunerokotasun arruntetik baino aise urrunago, ortzi muga baino haratago oraino, poetak eta mistikoak bezala) !

Georgiako MZETAMZE kantari emazte taldea Azkainen urriaren 31an

Euskal Kultur Erakundeak komitaturik zonbeit egun pasatuko dituzte MZETAMZE taldeko georgiar emazteak hemen gaindi.

Azken urte hauetan EKEk euskal kulturaren eta munduko lau hegaletan dauden beste kulturen arteko trukaketa lantzen du, hala nola Georgia eskualdearekin gauzatua duen  harreman barnakorra. Duela 2 urte hemengo kantariak harat joan baziren, aldi huntan Mzetamze emazte taldea hunara komitatua izan da.



Garai huntan arrakasta gaitza biltzen duen  Euskal Herriko Abesbatzen Nazioarteko Festibala kari Azkaingo elizan entzuten ahalko ditugu (eta ikusten ahal !!) urriaren 31an ostiralarekin 21:00etan,  lehen partean Beñat Achiary eta Jesus Aured arituko zauzkigularik.
Kaukasia menditsua eta Itsas Beltzaren artean kokatua den herrialdeko ohiturazko kantuak emanen dauzkigute : besta, dolu, lo kantu edo lan kantu. Polifonia berezia, jantzi arraroak ba kolorez ba formaz (bai zinez ederrak).

Huna  taldearen harat-hunatak hemen gaindi :

2008ko urriaren 29a

    * Taldearen heltzea Baionara eta ongi etorria Euskal Kultur Erakundean.

2008ko urriaren 30a

    * 18:00 - Donibane-Lohizuneko Herriko Etxea
      Mintzaldia : Nato Zumbadze, etnomusikologoa Tbilissiko Kontserbatorioan eta Mzetamze taldeko zuzendaria.
      Gaia : "Georgiar polifoniak" (georgieraz frantsesezko itzulpenarekin).
      Philippe Oyhamburu-ren hitz hartzea (Tbilissin egin dituen birak kontatzeko).
      Euskal Herriko Abesbatzen Nazioarteko Festibala kari.

2008ko urriaren 31a

    * 10:00 - Baionako Musika Kontserbatorioa
      Topaketa-trukaketa Baionako Kontserbatorioko ikasleekin (ohiko musiken saila)
    * 21:00 – Azkaineko Eliza
      Mzetamze taldearen kontzertua
      Lehen partea Beñat Achiary eta Jesus Aured-ekin
      Euskal Herriko Abesbatzen Nazioarteko Festibala kari.


2008ko azaroaren 1a

    * 20:00 - Hondarribiko Eliza
      Mzetamze taldearen kontzertua
      Hondarribiko Udaleko Kultura Zerbitzuaren partaidetzarekin

2008ko azaroaren 3 eta 4a

    * Heleta - Bi egunez, "Itsasoa" kultura-ostatuan - Traboules konpainia
      Trukaketa-egonaldia Mzetamze taldearen eta Maddi Oihenart-Kattalin Indaburu-Céline Mounole hirukotearen artean; topaketa Heletako ikasleekin

2008ko azaroaren 4a

    * 21:00 - Heleta - "Itsasoa" kultura-ostatua
      Kontzertua Mzetamze taldearekin eta Maddi Oihenart-Kattalin Indaburu-Céline Mounole hirukotearekin
      Traboules konpainiaren partaidetzarekin

Egia asteburu guziz eta aste egunetan berdin zernahi ekitaldi antolatuak direla gure Herrian, eta maiz nora joan ez jakinean etxea gozatzen dugula. Baina aldi huntan komita luzatua zauzue eta ez zauzue dolutuko Georgiako emazte kantari hauen ezagutzera hurbiltzen bazirezte ; nork zuen erraiten berriki euskaldunak ez zirela idekiak ?

2008(e)ko urriaren 23(a), osteguna

Pier Pol Berzaitz xiberutar literatur altxorraren erakusle

Jadanik iragarri bezala, xiberutar kantari famatuak XVII. mendeko Arnaud Oihenart idazlearen maitasun olerkiak eskaintzen dauzkigu berriki Elkar argitaletxean ateratu diskan. Huna berak aurkezten daukula aspaldiko olerkaria eta bere obra poetikoa, aldi berean ere  disko hau osatzeko eraman duen lanaren berri emanez  :

2008(e)ko urriaren 20(a), astelehena

Onddo beltza gaitza !!!

Aaaaaaa!!!!!!!.... gure Inakiren balentria !!!



Onddo sasoina eta , baden edo ez den, betiko galdera...eta ibili gabe ezin trenka !
Huna beraz gaur  Iratiko oihanera abian zauzkula aitasemeak.
Eta ederrena nork atxemaiten ? Inaki semeak eta ez entraalekoa !
1,250 kilokoa, zapela gapelu baten pare !


Aree... beste argazki bat zueri bakarrik erranez afari on baten egiteko mentura dugula Pialenbordan !

2008(e)ko urriaren 18(a), larunbata

Iparraldeko Bertsulari xapelketa - Garaziko bertsu kanporaketaren berri

Lehenaren lehena erran ditaike, lehen Iparraldeko Bertsulari Xapelketaren lehen saioa Garazin iragan da beraz urriaren 18an Vauban zinegelan.
Sala betea, eta gehienik harriarazi nauena hauxe : ze gazteria hurbildu den, ba haur ba gazte. Egia erran taula gainean ziren bertsulariak gazteak izanki, gazteak gaztea tiratzen du .
Eta jadanik hortan berean uste dut antolatzaileentzat kausitze bat dela : entzuna nuen ere Odei Barroso parte hartzen duen bertsulari gazteak erraiten ongi litaikela xapelketa hunek publiko berri bat eta gazteria erakartzen balitu.
Nik hasteko, ez dut bertsu saiora joaiteko ohiturarik eta loriatu naiz.



Hemen ikusten ahal dituzue Maritxu Lopepe gaia emaiten Maddalen Arzallus-i eta Kritine Txoperenari. Gibelean ezkerretik hasita : Gillen Hiribarren, Xan Alkhat, Xumai Murua eta Sustrai Colina.

Oro har saio ona, freskoa, gaien aldetik denetarikoa, ni bezalako ikusle berriari, zinez atsegina izan zait segitzea.
Pronostikoetan, Sustrai Colina eta Maddalen Arzallus ziren aipatuenak eta bistan dena Sustrai bezalako batek jadanik taula gainean eta mail hortan ohituta dagoela.
Sailkapenean biak puntuazio berdinarekin lehen atera dira eta hirugarren Kristine Txoperena  : hau beraz Urdiñarbeko hirugarren kanporaketan parte hartzeko parada izanen du eta  bertze xantza bat gehiago Donibaneko finalera iristeko.
Erran behar dautzuet gehien gustatu zautana nor den : Maddalen Arzallus. Izpiritu ernea, laster heldu zaio errefera, aldi berean ez da axaletik ari, mamia emaiten dio bertsuari, ageri da ere ez duela hortan gelditu nahi. Iparraldeko lore hunek merezi luke hegoaldean loratzea, badu ere bestalde boz xoragarri bat eta aireen aldetik ze errepertorioa !(funtsean denek erakutsi daukute berritze ederra badela alde hortarik).

Bai zinez, ageri zen Garazin bertsularitzak emanikako aurrera pausuak eta bertso eskolen eraginez lortu berritzeak.
Teknika xorta, dohaina eta lan asko !
 Bide on hasitako bertsulari  gazteri ! ohore egiten diete heien aitzinekoeri eta gure kulturaren zutabe nagusia den bertsularitzari.

2008(e)ko urriaren 15(a), asteazkena

Piarres Larzabal-en IBAÑETA antzerkia Saran

1968an taularatu zuen lehen aldikotz Ibañeta antzerkia Piarres Larzabal apezak, Orreagako  Karlomañoren gudaldia gaurko aktualitateari uztartzen zuela.

40 urte geroago, P.Larzabalen heriotzearen 20. urtemugakari Oztibarreko Antzerki taldeak Ander Lipus bizkaitar zuzendari artistikoaren laguntzarekin Ibañeta antzerkia eskaintzen dauku.
Jadanik 2 aldiz emana izan da urriaren 3an eta 4an Larzabalen. Aldi huntan Saran emana izanen da urriaren 19an igandearekin 17:00etan Lur Berri salan. Jakizazue bestalde mintzaldi bat antolatuko dela azaroaren 22an Azkainen (bainan gerokoa gero!)

Huna Kanaldude herri telebistak bere uebgune berrituan zabaldu bideo hau :

extrait pour code de vidéo....

2008(e)ko urriaren 13(a), astelehena

IRATZEDER otoizlari eta olerkaria pausatu da

Astelehen huntan hedatu da berria, Belokeko frailetxean aspalditik ezindua zen Iratzeder Aitea Xabier Diharce pausatu dela 88 urtetan. Donibane Lohitzunen sortua aita Putxutegikoa ama Arbonakoa.
Bere euskaltasunaz jabetu pundutik euskalzale bezain otoizlari izan da : Jainkoarekin batean  Herriaren amodioa ukan du, berak zion bezala.
21 urtetan Belokera sartzen da Uztaritzen eta Baionan ikasketak segitu ondoan, 1948tik goiti 20 urtez frailegaien moldatzaile, 1972an aita Abade izendatua da.
1967az geroztik euskalzain oso.
Idazle oparoa : Biziaren olerkia, Biziaren gudaldia eta beste hanbat euskal-lan argitaratuak : "Aintzina"n, "Gure Herria"n, "Otoizlari"n. 2 antzerki : "Mortutik oihu" (1947), "Fededun Arbasoa" (1977). Azken hau haatik ez oraindik argitaratua.



Lan aipagarrienetan : aita Lertxundirekin 1963an salmo guziak euskararatuak. Batikano II. kontzilioa aitzin ere hasia zuten lana eta liturgia berritze mugimenduan euskarara itzultzea izan du xede nagusia.

Hanbat eta hanbat erran ditaike Iratzeder-ez oraino. Otoitz gizona gain gainetik .

Harzkizue bere liburuak bereziki olerki liburuak (batzu kantu bilakatuak dira). Huna olerki bat 1997an "Biziaren gudaldia" liburuan agertu olerki hau :


Euskara ukatzen duen...

Euskara ukatzen duen Euskalduna
ez da gizona.

Sistu-airerik ez badu,
zer da xoria?
Argi-dirdirik ez badu,
zer, iguzkia?

Ardi-joarerik ez badu,
zer da etxola?
Bihotz-pilpirik ez badu,
zer, xaramela?

Euskara ukatzen duen Euskalduna
ez da gizona.

Amets-lillurik ez badu,
zer da gau-loa?
Uhain-jauzirik ez badu,
zer, itsasoa?

Moltsak dirurik ez badu,
zer da irria?
Iturbururik ez badu,
zer, iturria?

Euskara ukatzen duen Euskalduna
ez da gizona.

84/11/7
eta famatu hau Elaudi taldeak kantatzen daukuna :

Gizonak… balaki

Gizonak isiltzen balaki,
nasaiki baluke naski
bere bizian olerki.

Gizonak sinesten balaki,
noiz-nahi lezake hunki
Jauna berekin ibilki.

Gizonak maitatzen balaki,
gozoki lezake aurki
zoin den bizia olerki.

Xabier Diharce "Iratzeder"

2008(e)ko urriaren 11(a), larunbata

Lehen Iparraldeko Bertsulari Xapelketa abian

Udazken huntan, bertsularitza mundua harro-harroa izanen dugu lehen aldikotz iparraldeko bertsulari xapelketa antolatzen baitu Bertsularien lagunak elkarteak. Azken 20 urte hauetan bertsu eskoletan egin lanaren lehen fruitu emankorra.

Probintzien itzuli bat egiten badugu, Bizkaian 2002an antolatu ziren txapelketak, Gipuzkoan Araban eta Nafarroan 2003an. Preseski Nafarroako xapelketa horietan zuten iparraldekoek parte-hartzen Euskal Herriko finaletara joan aitzin (sailkatuak balin baziren).

16 bertsulari lehiatuko dira, zaharrenak Xalbador II. 64 urte eta gazteenak Odei Barroso 20 urte dituela.
Parada ezin hobea eskainia zauku bertsularitzaz interesatzeko eta euskal poesiaz gehiago ohartzeko : altxor zinez arraroak dauzkagu gure kultur ondarean.


Jadanik hitzordua atxikia dut egutegian eta joanen naiz gure azkaindarra (Xumai Murua) eta bistan dena besteak ere sustengatzera !
Xehetasun guziak ibertsu. com gunean edo berdin Euskal Kultur Erakundearen uebgunean : link

2008(e)ko urriaren 10(a), ostirala

eitb.com uebgune berriaren aurkezpena

Urriak 10, ostirale huntan 18:00tan estreinatu da eitb. com  uebgune berria  hanbat berritasun dakarzkinak.
Aldi berean ere ETB3. kate digitala (ez dugu hemen oraino ikusten ahalko TNT bezalako tresnatxo bat behar bailitaike TDT deitua, ongi ulertu dutenez, eta mementuan Hegoaldean %8k dute errezebituko).
 Ez daude gibel euskaldunak teknologi berrien atal zabalean eta mugikorrean. Treina martxan hartzea hobe, aurrerapenak laster aldatzen baitira  mundu hortan , bestela frango kaia bazterrean egonen baitira.

Nik hasteko eitb24.com baliatzen nuen egunero informazio gune bezala (kasik gure AFP zela erran ditaike) ; beraz eitb.com gunean oraino informazio eta atal gehiago aurkituko dut. Egia erran, berriak interneten irakurri ondoan eta irratiak entzun ondoan, ez diot  -kasik-  so egiten telebistari (interneten salbu !)...beha....







2008(e)ko urriaren 8(a), asteazkena

Gotzon Garate jesuita euskalzalea eta idazle joria zendu da

Urriak 8, berri hau irakurtu dut eitb24.com gunean eta hunkitu nau, oroitzapenak gogorat etorri zaizkit eta berehala.
Duela urte batzu, Mixel Lekuona apeza gidari  eta antolatzaile (bera osagarri onean zelarik oraino) bizpahiru eguneko itzulia egiten ginuen iparraldetik hegoaldea hobeki ezagutu beharrez.
 Urte hartan, Bizkaian barna ibili ginen eta Bilbon Deustoko unibertsitatea bisitatu preseski Gotzon Garate-rekin. Ze gizon argia, gain-gainetik jakintsuna !  Esplikatu zaukun zenolako ikerketa lanak egiten zituen, New-York-era erregularki joaiten zela ...etabar luze bat hemen ezin kondatuzkoa...ondoko bideoak xeheki aipatzen daukuna zorionez...
Oroit naiz partikulazki anekdota ttiki xume batetaz : aitortu zaukun bizi erritmo arrunt zehatza zaramala (funtsean apez edo fraile baten bizia bezala) : erran nahi baita, goiz-goizik jeiki eta lanari lotu baina arratsetan berdin goiz-goizik ogeratu "oiloak bezala" zionaz ! Merexi du idatzi dituen liburuak irakurtzea, denetarik baititu ere idatziak polizia-eleberriak besteak beste eta Euskal Herrian berak bildu atsotizak... Agur Jauna !









2008(e)ko urriaren 7(a), asteartea

Juan Mari Arzak euskal herritar unibertsala

Urriaren 7an Juan Jose Ibarretxe lehendakariak Euskal Herritar unibertsalaren saria sukaldari ospetsuari eman dio. Ez dio horrek burua berotzen, ez pentsa ere,  gehienik gozatzen duen platera hauxe dela bi arroltze biperrekin , baina baserrikoak denak !!!, huna etb-n eman duen elkarrizketa :


Pastore Lore Azkainen urriaren 12an


Aurten ere, egitarau aberatsa 5. edizio huntako :

Larunbat arratsean, Bollendorf eta Azkaine arteko uztartzearen meza.
Igandean, urriaren 12an :
- 7etan, Larrunen, harrobiko aparkalekuan hitzordua pottokazain eta bolondresentzat.
- 9:30etan : pottoken bilketa Larrungo mazeletan eta Herrira jaustea.
- 10etan : Herrian : joaldunen eta dantzarien desfilea  2008ko sagar erreginarekin (aurten Cecile Gonzalez dugu) Sagarta-Sagarnoa kofradiarekin. Euskal dantzak Ximeldegi ondoko soroan. Pottoken allegatzea zaldunez inguraturik. Lehiaketa Frantziako "haras" zalditokiak epaile.
- 11etan : "Bronco Mosca" Wanekia taldearen ikusgarria ( cowboy-ak zaldiz).
12etan : bazkaria herriko ostatuetan.
- 15etan : WESTERN ikusgarria : mustang eta zaldi indianoa.
- 15:30tan : harri altxatzea Sebastien Marticorenarekin. Joseba Otaegi aizkolaria. Sagar tinkatzea Sagarta-sagarnoa kofradiarekin.
- 16:30tan : Primaderan taldearen kantaldia.

Egun osoa : Azkaingo baserrietako behi, zaldi eta ardiak ikusgai. GAPAL erakundeari esker : oilo, lapin, uso... Tokiko ekoizpenak (gasna, eztia...). Joaldunak. Ihiztarien lana ingurumenean. Marinelen eta itsas eskolaren lanak. Haurren marrazkiak.
Eta ahantzi gabe, jan-edateko turismo bulegoko karpa.

Azken edizioetan bezala  eguzkia lagun badugu, besta herrikoi apartekoa dudarik gabe !

2008(e)ko urriaren 4(a), larunbata

Pier Paul Berzaitz-en disko berria

Muskildiko kantariak disko berri bat plazaratzen du Baionako Elkar dendan urriaren 9an aurkeztua izanen dena.



Arnaud Oihenart (1592-1667) olerkari zenaren poemak
  musikatu ditu. Idazlearekin batean bere olerkiak deskubritzeko okasionea, Xiberutar kantariaren artista talenduekin batean.
Bi arrazoin ezin hobeagoak arreta handiz udazken fruitu gozo hau goaitatzeko (Durango hurbiltzen ari dela ageri da !)



Euskalzaindiak 90 urte - XVI.Biltzarra Iruñean


1918-1919.....2008-2009 Euskalzaindiak 90 urte. Adin ederra ! Erakunde ospetsuak ospatuko duen urtebetetzearen lehen ekitaldia XVI. Biltzarra izanen da Iruñean  urriaren 6etik 10era Baluarte Batzar Jauregi eta Auditoriumean.

Pirinoetako hizkuntzak : lehena eta oraina. Mendi katean aurkitzen diren hizkuntzak, euskara, okzitanoa-kaskoina, aragonesa eta katalana aztertuak izanen dira. Hitzaldiak euskaraz, espainolez, frantsesez etabar...egitarau trinkoa, aberatsa Euskalzaindiaren gunean xeheki aurkituko duzuena link
Egitarauaren aniztasuna ilustratzeko, adibidez urriaren 8an literatura aipagai izanen da, Aurelia Arkotxa euskalzain berriak "ibilaldi poetiko bat Pirinoetan" eskainiko du eta Aingeru Epalzak "Hartzaren bortz hatzak". Arratsean, Bernardo Atxagak euskal poemen irakurketa eskainiko du emanaldi artistiko batean.

Harrigarri da bestenaz gure Herri ttiki huntan zenbat ekitaldi desberdin bezain aberats antolatuak diren ! eta ez bakarrik baina partzuergoan auzoko Herrialdekin .

2008(e)ko urriaren 3(a), ostirala

Zapatagintza Hazparnen : zakua hustu

Eihartea Hazparneko kultur elkarteak urriaren 4etik 12ra zapagintzaren garaiaz jabetzeko parada eskainiko diote herritarrei.
 Alabaina, garai aberats horren ondotik ez da errex izan , familia ainitz lantegietan enplegatuak baitziren, askorentzat diru iturri bakarra, hortarik landa herria bera pobretu baita dirustatze publikorik gabe haren funtzionamendurako. "txoke" hori irensteko garai horren dolua egin behar !

Patxi Arotzarena Herriko etxeko axuanta entzun dut irratian aste kulturalaz mintzo : hauxe zion herritarrek "zakua" hustu behar zutela berriz beste zerbaitekin betetzeko. Preseski, hori da Eihartzearen helburua eta askotan memoria edo ondarea aipagai direlarik, askok uste dute behako "paseista" dugula. Ezin da aitzina begiratu eta geroa eraiki, erroak eta oinarriak sendotu gabe. Haritzarenhedaduran, aldaxketan eta hostoerietan berehala ageri da erroak sanoak dituenez ala ez, eri denez edo eihartzen ari.

Konkretuki, lekukotasun bilketa bat eraman dute Hazparnen (alabaina aste hori antolatzean ohartu baitira kasik deusik ez zela) tokiko eskolak, langile eta nagusi ohiak, Radiokultura, mediateka, Historia komisioa, hots ahal bezain bat jende inplikatuz.
Programari buruz, ez naiz xehetasunetan sartuko, beha Eihartzea kultur elkartearen gunean :

link


Hazparnen zapagintza izan bada,  beste industria mota batzuk markatu dute ere gure Herria : hor, ezpartingintza (eta lekuko naiz, hogoi urtetan artisautza horretan desagertua den ofizio batean ari bainintzen) ; han, kontserbategiak eta gogoan ditut Donibane eta Ziburu aldekoak. Zenbat jendek ez dute industria hortan parte hartu !
Alta garai horiek ez dira hain urrun eta merexiko luke Hazparnen eraman duten urratsa beste gune hauetan egitea.
Oraina irakurtzeko, gakoak iraganean gordeak !!!!!!!