2008(e)ko abenduaren 18(a), osteguna

Santo Tomas tradizioan, xerrikia nagusi

Ez dugu iparraldean hunen ohitura handirik, nahiz eta orain ezagutzen ari den hegoaldean ospatzen den besta hau. ETBn zerrama eder bat ikusten dugu hautatua, eta txistorrak jaten dira denetan.
Santo Tomas egunean beraz xerrikia errege : alabaina, xerri hiltze sasoina dugu hemen gaindi ere, eta negu hotz mina haragia lantzeko garai hoberena da, gero urte guzian urinetan edota beste gisan kontserbatzera emaiten den xerriki goxoa preziatzeko.



On dagizuela !!!

2008(e)ko abenduaren 13(a), larunbata

Santa Luxi

Santa Luxi eguna
argitu gabe iluna



Abenduaren 13ko erran zaharra, eguraldiak egiaztatzen daukuna !

Ez etsi, egun batzuen buruan, jadanik sendituko da egunak pixkanaka luzatzen ari, kasu egiten badiozue behintzat.
Negu betean on da, uda, beroa eta argiari pentsatzea. Neri, Hairako oihanean dauden pago argitsu eta majestatez beteak gogora heldu zaizkit !

2008(e)ko abenduaren 9(a), asteartea

Les ailes pourpres, dokumental berria


Afrikan, Tanzania iparraldean, Natron deitu laku bat badago, miresgarria, "flamants" deitu xori arrosen babesleku.
Abenduaren 17an, zinema geletan agertuko da, ez huts egitekoa den dokumental arraro hau.




Naturaren misterioa, edertasunaren gozatzeko beharra dugu eta !

2008(e)ko abenduaren 5(a), ostirala

ISAKUTU, artisautza bultzatu

Langabezia azkarki emendatzen ari, industria hunkitua, hanbat enpresa gotor hetsiak. Zendako artisautza ez gehiagokorik lagundu ?
Lehen, eskulanbide parrasta bat bazen, mendea aldatu dela, baietz, badakit .
Geroztik, ikusten dugu mende berriak mugak badituela eta jokamolde berri batzu asmatu beharko ditugula.
Komertzio eta lan  ganbarek indar gehiago eman dezatela mikro lantegiak sortzen !


Isabelle Arresse-Igor (41 urte) bere gain hasi da duela 2 urte Pausun (Béhobie) eta aitortzen du ez dela ainitz lagundua izan ele ederretarik aparte, nahiz 3 000 € ko diru laguntza eskuratu duen (ez da hori beste mundukoa !)
Alta, zer esku trebeak, eta lana sorkuntza mailan !
ISAKUTU deitzen da bere tallierra, etxe barneko broderia lantzen du, nola paretetan, hala sofa eta jarleku edota holako mubleetan. Berak dion bezala, selauru-huste batean 8 € tan erosi jarleku bat berpizten ahal duzu beren eskuetan emanez geroz. 10 urte Tahiti ugartean egon ondoan, hango eta hemengo kulturetan du inspirazioa atxemaiten.
Artisautzaren aniztasuna eta sorkuntza sustatuz, lan mundu uniformal huni beste aurpegi bat eman diezaiogun !!

Agiña mendian

Igandean, 12:30tan Lesakako Agiña mendian haizatuko dira Mikel Laboaren hautsak. Jorge Oteizak aita Donostiaren omenez zizelkatu lanaren ondoan.
Gisa hortan, eskultura ederrak, biez bat, bigarren artixta bat omenduko du.

Hilen erritoetaz ari zaukularik, Aita Marzel Etchehandi beneditanoak gaitzesten zuen jendearteak mila oroitarri mendian ezar ditzan, gure arbasoen triku-harrietaz gain. Gure mendiek errespetu hartze baitute.

Aipamen hori egin eta, Xabier Leteren kantu xoragarri hunekin gogoetatzera uzten zaituztet, Leteren hitz barnakor hauek Laboa berak ere kantatu baitzituen,

Izarren hautsa


Izarren hautsa egun batean
bilakatu zen bizigai,
hauts hartatikan uste gabean
noizpait ginaden gu ernai.
Eta horrela bizitzen gera
sortuz ta sortuz gure aukera
atsedenik hartu gabe:
lana eginaz goaz aurrera
kate horretan denok batera
gogorki loturik gaude.

 
Gizonak badu inguru latz bat
menperatzeko premia,
burruka hortan bizi da eta
hori du bere egia.
Ekin ta ekin bilatzen ditu
saiatze hortan ezin gelditu,
jakintza eta argia:
bide ilunak nekez aurkitu
lege berriak noizbait erditu
hortan jokatuz bizia.

 
Gizonen lana jakintza dugu;
ezagutuz aldatzea,
naturarekin bat izan eta
harremanetan sartzea.

 

Eta indarrak ongi errotuz
gure sustraiak lurrari lotuz
bertatikan irautea:
ezaren gudaz baietza sortuz
ukazioa legetzat hartuz
beti aurrera joatea.
Ez dadukanak ongi ohi daki
eukitzea zer den ona,
bere premiak bete nahian
beti bizi da gizona.

 
Gu ere zerbait bagera eta
gauden tokitik hemendik bertan
saia gaitezen ikusten:
amets eroak baztertuz bertan
sasi zikiñak behingo erreta
bide on bat aukeratzen.

 
Gu sortu ginen enbor beretik
sortuko dira besteak
borroka hortan iraungo duten
zuhaitz ardaska gazteak.
Beren aukeren jabe eraikiz
ta erortzean berriro jakiz
ibiltzen joan direnak:
gertakizunen indar ta argiz
gure ametsa arrazoi garbiz
egiaztatuko dutenak.

Eta ametsa zilegiztatuz
egiaren antziduri
Herri zahar batek bide berritik
 ekingo dio urduri;
guztien lana guztien esku
jasoko dugu zuzen eta prestu
gure bizitzen edergai;
diru zakarrak bihotzik ez du,
lotuko dugu gogor eta estu
 haz ez dedin gizonen gain.

2008(e)ko abenduaren 1(a), astelehena

Mikel Laboa

Kantagintzaren monumentu bat joan zauku abenduaren lehen egun huntan, triste uzten daukula.

Mikel Laboaren ekarpena ezin neurtuzkoa dela erraiten ahal dugu, oraingo gaztek Laboaren kantuak ezagutzen eta kantatzen dituztelarik. Gizona joan baina bere obra hor betirako gozagarri eta sorkuntza iturri, izarren hautsen artean dirdiran !