2009(e)ko maiatzaren 29(a), ostirala

2009(e)ko maiatzaren 25(a), astelehena

ITSAS BEGIA elkartearen bloga

Itsas ondareaz arduratzen den Ziburuko elkarteak bloga bat zabaldu berri du sarean : www.itsas-begia.com

Egia erran, jadanik bazuen Itsas begiak internet gune bat baina ez eguneratua.
Blog honen bidez, elkarteak antolatzen dituen ekitaldi parrastaren berri ukanen dugu.
Heldu den Mendekoste asteburuan antolatzen du "ZOKOA 2009, bela-arraun elgarretaratzea" (irudian klikatuz, programa guzia ukanen duzue)


2009(e)ko maiatzaren 22(a), ostirala

"Paroles d'écolos", Astobelarra argitaletxearen proiektua

Astobelarra argitaletxea, Xiberu aldean sortu da 2006an.
Hunen xede nagusia, naturaz testo laburrak argitaratzea, frantsesez eta euskaraz Litté-natura bildumapean, tokiko artista bati apaindura galdeginez.
2007an, agertu du Romain Gary-ren "Lettre à l'éléphant", 2008an "Les paroles du chef Seattle". Aurtengo, Jean Giono-ren "L'homme qui plantait des arbres" argitaratzeko xedea du.


Bestalde, "Humeurs & témoignages" sailan, "Paroles d'écolos" testu bilduma nahi lukete datorren udazkenean zabaldu : jadanik, hainbat eleberri, ipuin, kronika bilduak dituzte.
Ez da horretarako idazle ezaguna behar, bakarrik naturaz eta inguramenaz ardura eta sensibilitatea ukaitea nahikoa dira. Naturaz hitzegiten ahal duzue beste gai batzu aipatuz, hala nola politika, filosofia, poesia, zientzia, umorea.


Norberak bere idazlana igortzen ahal du irailaren 30a aitzin helbide huntara :

Editions associatives Le Grand Chardon-Astobelarra
Maison Pastou etxea
  64130 Moncayolle – Mitikile

Xehetasun gehiagorentzat Astobelarraren blogara jo dezakezue.

2009(e)ko maiatzaren 17(a), igandea

Putxerriko satorren arrakasta Azkainen


Azkaingo ikastolako burasoek jende aurrean aurkeztu dute lehen aldikotz "Putxerriko satorrak" Joselu Berasategirekin landu antzezlana, Jesus Aured akordeonistak ederki lagundurik.
Harrera gaitza ukan dute eta ttiki ta handi bildu dira nonbre handian : 360 bat sartze kondatu baita, Integrazio Batzordearen alde antolatu ikusgarri honendako.
Antzerki denboran ez txalotzea galdegina baizen, bururatzean txalo ederrak bildu dituzte, jendea xutik emanik zela.
Burasoek berek ziotenaz, gain-gainetik preziatu dute Joselu Berasategi koregrafoarekin lan egitea : hastapenetik, antzerkiaren ideiak elgarrekin sortu, bildu eta ikusgarria jende aurrean eman artean, 3 hilabeten lana sakona eta artistikoa eskatu baitu.
Esperientzia aberatsgarria, ondoko egunetan luzatuko dutena Beran Pantxika Teilleriarekin emanen baitute, bai eta ere Kanbon.

2009(e)ko maiatzaren 16(a), larunbata

"NORA" Mikel Urdangarin & Traspasos emozio bidaia


Mikel Urdangarin-ek eta Traspasos dantza taldeak  "NORA" ikuskizun berria eskainiko daukute lehen aldikotz maiatzaren 23an eta 24an Gasteizko Jesus Ibanez de Matauco antzokian.





Kantari ezagunak, pianoa eta biolina lagun, hamar bat kantu emanen ditu, Traspasos-ko dantzariek gorpuztuko dituztelarik sorkuntza honen sendimenduak.



Ondoko egunetan, Iparraldean ikusgai izaitea merezi lukeena dudarik gabe !

2009(e)ko maiatzaren 7(a), osteguna

Donostia hautagai 2016ko kultur Eurohiri nagusia izaiteko

Frantziako Marseillak 2013endako egina duen bezala, maiatz hastapen huntan Donostiak Bruselan bere hautagaitza aurkeztu du 2016. urtean Europako kultur hiri nagusia izaiteko. Berarekin batean, Espainiako beste 13 hiri hautagai dira (horietan Iruña) eta Poloniako 7.
Lehia idekia. Hiriarentzat garapen handi baten parada maila askotan batez ere, bistan dena, kultura arloan (eraikin berri, hiriaren itxuraldaketak,...). Huna bideo huntan Donostiak dituen kolore nagusiak :

2009(e)ko maiatzaren 3(a), igandea

Azkaingo ikastolako burasoen antzerkia maiatzaren 17an


15 buraso,
 
    dantzari eta antzerkilari,
 
        sator bilakatuak !!!

Kiroletan, 17:00etan. Integrazio Batzordearen alde.

2009(e)ko maiatzaren 2(a), larunbata

Espartin egilearen tresnak museoan

Ortzaizeko eskulan herrixkak, maiatz hastapen huntan 3 egunez antolatu bestara joan naiz Don Quichosse saltegi-museoaren bisitatzera. Maulen kokatu atelierran egiten dituzte hor saldu espartinak. Eskuz josiak, artisau bakar batzu bezala oraino.
Ikasketetarik landa egin dutan lehen lana, ezparzuarekin espartin zolen egitea izan da.
Molde xaharrean. 3 urtez Senperen.

1978ko urrian eraiki zen Senpereko bide zaharrean Amaya deitu espartin lantegia (nire etxetik bi urratsetan). Ezpartzua, paketa handitan ukaiten ginuen. Eta gaineko tresnarekin, espartin zolak egiten ginituen beste senpertatxa bat eta ni.


Hastapenak zailak izan ziren, sokak eskuak erretzen eta zauritzen baiginituzkin. Laster, lan hori desagertu da, espartin zolak Txinatik aise merkeago ekarrarazten baitzituzten. Ondorioz, badaiteke azkenetarik izan naizen lan horren egiten arizan dena.
Orain 30 urte gertatua. Geroztik atxikimen berezia daukat oinetako mota honentzat.
Badira (eta izanen dira luzaz) oraino espartin egileak, kostaldean eta barnealdean, beti modan baita oinetako sano hau. Urtero beren kolekzio berria aurkezten daukute, eskulan eder honek sorkuntzari tarte eta parte handia uzten baitio.
Komendatzen dautzuet Don Quichosse espartin egilearen gunea bisitatzea. Katalogoaz gain, espartinaren historiaz gauza asko jakinen duzue.

2009(e)ko maiatzaren 1(a), ostirala

New-Yorkeko euskal jatetxe bakarra

Eder Montero, Bilbotar sukaldariak Txikito deitu jatetxea atxikitzen du Chelsea auzoan New-Yorken.
Hiriko bakarra euskal sukaldaritza eskaintzen duena. Pintxoak, tripakiak, odolkiak, txipiroiak tintan, txakolinarekin (ez nakien txakolin gorria bazela)..... eta hanburger bat ere (ezinbestekoa) :



Harat joan edo pasaian zaretenontzat ez hutsegitego helbidea !

Pasaiako ekoportua

Entzuna baizik ez nuen, gehiagokorik jakin gabe. Beha Euskaltuben aurkitu dutan bideoa Pasaiako ekoportuaren egitasmo berriaz (2009-2020). Harrigarria, erraldoia. Segur eztabaida sortazaile dela halako proiektu ikaragarria. Bistan dena, ikusten ginituen , egunaz eta berdin gauaz, untzi handiak itsasoan ibai sartze atarian goaitatzen barneko portura sartzeko. Halere... Ikusazue !