2010(e)ko abenduaren 28(a), asteartea

2011 atarian, agiantzak

urte berri on maite

osagarri ezin hobeago batekin,

atxik burua ametsez betea

haur baten pare

eta ahal guzia egin horien obratzeko!

Bihotz osoa eman egiten duzuenetan

harremanetan eta ekintzetan,

Ruper-ek diona:

"Zaindu maite dituzunak"

eta begi onez har besteak,

Zaindu eskaintzen duzun irriñoa

eta begitartea,

barneko ispilu,

ta... oraino...


zure aldi,

segi zure agiantzak ematen

...

URTE BERRI ON DENERI!

 

 


2010(e)ko abenduaren 24(a), ostirala

Euskaldunak erresistentzian

Erresistentzia hitzak gerla giroari pentsarazten du.


Frantziak, 1939-1945ko gerlan, etsaien kontra gordeturik borrokan segitu zutenak aintzat hartu ditu. Bizia arriskutan emanez, nazioa salbatu zuten, Vichyko gobernuak herria saldua zuelarik, burua makurtuta.

 

Betidanik euskaldunok erresistentzian bizi gira, Frantzia eta Espainia zapaltzaileen artean. Horretarako irauten du gure herriak. Zenbat zapaldua eta hainbat xutik!


Berrikitan Frantziak Aurore Martin-en estradizioa onartu du, lege guzien gainetik, debru pakta beltza Espainiarekin egina duelakoan.

Badakigu ere Espainiak ez duela funtski ETAren su-etena eta bakerik nahi, alabaina terroristak tresnatzat baititu bere politika komertzioarendako. Batasuna debekatzean azkartu baizik ez du egiten. Pentsa! Frantzian Le Pen-en partida debekatua balitz, zein indarra har lezaken!


Erresistentzian eta klandestinitatean bizitzea behartua...

Azken finean, geroz ta gehiago mendekatuz, geroz eta Herriari atxikiago bultzatzen gaituzte!

Denak Aurore Martin gira.

Euroaginduari ez!

Segi honi buruzko sustengu gunea http://auroremartin.over-blog.com/

 

 

2010(e)ko abenduaren 12(a), igandea

Jacques Brel

Xabier Leteren heriotzarekin berriz Jacques Brel aipatu da. *Imanolek ere "Ez nazazu utzi" kantu ederra euskaratu zuen. Hizkuntzen gainetik, poeta handiak kurutzatzen dira errexki, heien talendu eta dohainei esker!

 

"La chanson des vieux amants" entzutean, poetaren eta kantariaren interpretazio jeinu ikaragarria ikusten da...

 

* Ikus eta irakur eranskinetan Iruñeko Mikel Tabernak eman daukun zuzenketa: ez du Imanolek itzuli Brelen kantu hori baizik eta Xabier Letek (beste bertsio bat egin zuen ere Andoni Lekuonak). Milesker Mikel Tabernari!

2010(e)ko abenduaren 5(a), igandea

Xabier Lete: Maite izan dituenen berraurkitzearen esperantzan sartua

xabier lete25 urtez eritasunaren une latzak bizi ondoren, 2010eko abenduaren 4ean, larunbat arratsean, lur honetako biziari amor eman dio.

 

Joan da duela bost urte galdua zuen Lurdes bere emaztearen gana.

Hara zer zion Letek:

«Nik behar handi bat sentitzen dut mundu honetan maite izan ditudan haiek nonbait, ez dakit non eta nola, berraurkitzeko, bereziki Lourdes [Lourdes Iriondo emazte zena]. Ideia horretan gero eta sendoago nago, eta neure burua behar horretan estutzen dut, edo esperantza horretan bermatzen» (Berria, 2007-03-03 ).

 

Idazle, poeta, kantugile eta kantaria. Ez du zerrendaren luzetasunak gizonari balioa ematen, baizik eta bere izaeraren barnatasunak. Gure hizkuntzan bi hitzez laburbiltzen duguna, erranez: "Norbait zen!"  .

 

Prentsan aurkituko dituzue artikulu andana bat. Hemen Berria eta eitbk iragarritako artikuluak hautatu ditut, Felix Zubiak Xabier Leteri egin elkarrizketa filmatua eta haren biografia eitb-n.

 

Bai, agur eta ohore zuri.

 

 

(Xabier Leteren biografia, eitb, 2010-12-05)

2010(e)ko abenduaren 1(a), asteazkena

Nun zaude Lilo maite?

Igande goiza. Azaroaren 28a. Goizik jeikia bainintzen, Lilo enekin zen, eta usaian bezala ateetan zarrapoka ari zen geletan sartu beharrez... Semeak ez iratzartzeko, kanpora eman dut... Saiatu da ba berriz sartzea eta kanpoko atean patekin zarrapoka behin eta berriro...

Eta geroztik gure Lilo gatu maitea desagertu da, ez dugu nihun atxeman. Astelehenean, Txomin ibili da ondoko landan, bazter ikuska, debaldetan...

 

Berriki operatua izan zen, minbizia zuela eta... baina azken garai honetan arrunt pixkor zen eta, beti bezala, gatukume bat bezala, saltoka eta jostetan ari zen, batez ere Txominekin.

Omen animaleak gordetzen dira heriotza hurbil sendi dutelarik... Zertako ez gaitu abisatu? Hain maite ginuen, ttiki-ttikia etorri zen gure etxera (2002ko ekainaren 21a zen, oroitzen naiz, maiatz hastapenekoa zen), abandonatua zen. Gure etxeko gatuarekin hazi ginuen... behar ziren xertoak etabar guzia egin ginituen... semeak bereziki hari atxikiak ziren. Orai diote "bizia hala dela", "bizi eder bat ukan duela"...Baietz ba natura da bai baina...

Orai ni naiz gelditzen nigarra begietan... Lilo ile bola goxoa gogoan, munduko tristezia guziak nahas-mahas sendituz bihotzean...

lilo gatua

2010(e)ko azaroaren 30(a), asteartea

Pekin eta Wyandotte arrazako oilo bikoteak

2010eko azaroaren 28an, Tarn eskualdeko "Copains-câlins" elkarteak  antolatzen zuen lehen aldikoz Biarritzen "Animaliades" deitu xakur eta gatukumeen azoka.

Aitzin gostu bat emateko 2011ko urtarrilaren 15ean eta 16an Orthezen iraganen den azoka handiari, leiho bat idekia zen Iraty erakusketa gunean oilategietako arraza batzuei (lapinak ere baziren...).


Guretzat okasionea izan da tokiko hazle batzuen ezagutza egiteko (Uztaritze, Senpere eta Landesetakoak). Batek oilo (edo ahate, antzara, indi-oilo, etab.) arraza batean espezializatua, beste bat beste batean.


Joan gira deus asmorik gabe eta itzuli bi oilo pareekin...

Bat "Pékin gris perle" arrazakoa (lehen Bantam de Pékin deitzen zen baina berriki izenez aldatu du), bestea Wyandotte arrazakoa:

gris perla pekin 1

gris perla pekin 2

"Perla" oiloa, "Gris" oilarra

Jatorriz Txinakoa, Pékin "gris perle" oilo eta oilarrak lumak badituzte patetan eta biziki goxoak dira.

 

luma tenor wyandotte

"Luma" oiloa, "Tenor" oilarra (kantari izigarri pollita baita)

 

Hara gure bi bikote pentsioner berriak (mementoan beroan direnak, kanpoko etxola eta eremua egokitu artean, libertatea goza dezaten)!

 


2010(e)ko azaroaren 17(a), asteazkena

''Haragizkoa'' disko esperimentala

2010eko azaroaren 18an, goizean goiz jeikirik, Berria.info-n ukan nuen horren berri.

 

haragizko amoreak omar nabarroBerehala interesatu zitzaidan.

 

Omar Nabarroren "Haragizko amoreak" (Susa, 2010) oinarritzen da ekoizpen musikal hau.


Edorta Jimenez hasi zen poemak irakurtzen, Rafa Ruedezek kantu bihurtu zituen, horrela sortu zen "Haragizkoa" ikuskizuna mamitzen, Joseba Barrenetxea argazkilariak eta Jaime Nieto baxu jotzailea borobildu zutena.


Rafa Ruedez Zeljko McMullen estatubatuarraren soinu esperimetazioetaz inspiraturik, bai eta haren ekarpena baliatuz, disko horretako musika unibertsoa manera berezi batez landu du.


Emaitza: 9 poema diskoan. Ikuskizuna, Durangoko azoka garaian Ahotsenea gunean, abenduaren 6an zabalduko dute.

Bertan eta www.haragizkoa. com gunean salgai dago (ez da dendetan izango). Ni bezala xarmarturik geldituko zaizte, ez dut dudarik!

 

 

2010(e)ko azaroaren 16(a), asteartea

When a man...

Slow on bat... (a tope) sentimentala... bi artista handi hauei esker!

 ez da gehiago holakorik gozatzen...

 

2010(e)ko azaroaren 10(a), asteazkena

Zoe Bray margolariaren erakusketa bertsularietaz

zoe brayAntropologo eta margolari gazteak, ezagutzen ez zuen bertsularien munduan murgildu da, heien erretratoak eginez osatu duen erakusketa berrian.

 

Artista atipikoa, euskara ikasi berria duena, (bost hizkuntza badazki), Herria astekarian marrazkilari, ibilbide aberatsa duena, gizartea irakurtzen eta margotzen ari dena, bere gisan... Finala egunean, (2010/11/13) bere erakusketa ikusgai izanen da, Jai-Alain. Xanpun, Xalbador, Mihura, Otxalde, Mattin, Amets Arzallus, Ernest Alkhat ... etabar luze bat... 22 orotara. Hauen aurpegiek taula gainean izanen diren gazteen bertsulari familia osatuko dute eta aberastuko. Milesker Zoe zure ekarpenagatik!

Argazkia. Gara

XILABA 2010eko finala aitzin, Joanes Etxebarria mintzo

Zer erraiten nauzuen blog huntan berean Joanesi buruz? Entzun zer dion berak, iduritzen zautanaren hari beretik ari...Bertsoa.com-en:

 

joanes etxebarria finaleanHitzordua azaroaren 13 honetan, larunbatean, Donibane Lohizuneko Jai-Alai pilota lekuan, 17:00etan. Ez huts egin!

2010(e)ko azaroaren 5(a), ostirala

Elizondo Beartzun auzoko Napoleonen bidea

karta napoleonen bidea elizondo

Iepa irakurle,

 

Behako bat lehenik Miguel Anguloren kartari (Orreaga, Kintoa, Adi, Ortzantzurieta. Sua edizioak).

Erdian, Zarkindegi eta Berderitzko lepo artean, ikusten duzue eskuin aldera goruntz doan Napoleonen bidea.

(Baxenabarren ere, Garazi aldean, bide hunen aztarnak atxematen dira oraino.)

 

Urruska landetxeko jabeari ibiltzeko on zenez galdeginik, parte batzuetan bederen dudak zituela erantzun zaukun. Jakitekotan ikusi behar!

Harguibeletik itzultzean, Berderitzko "redoutes" edo gudu babeslekuetan (119garren mugarrian), iratze soro batean barna ibilirik, pagadian sartu gira. Bidexka ageri zen...

napoleonen bidea 1

Hastapenean, harri lauzak han-hemenka agertzen baziren, laster xendra egituratua eta biziki ongi lerrokatua ideki zauku begi bistan:

napoleonen bidea 2

napoleonen bidea 3

napoleonen bidea 4

Mementu batean, oihanetik ateratu gira. Pagoen aldaxken itzala ez dutela gehiago jasaiten,  sasia eta larrak nagusitzen dira bai eta oteak. Pottokak joan-jinez pasatzeko doia segurtatzen dute. Ezker, behi bat bere migarekin alhan, edo hobeki erran, geldirik, guri beha harrituak! Urrunago, beti ezker, borda eder bat:

napoleonen bidean borda

Laster berriz, delako Napoleonen bidea berriz lauza ederrez apaindua agertzen da (eta zer lana horren egiteko!) :

napoleonen bidea 5

Gu pentsaketa ari... garai hartako gudariek kanoien orgak pasatzen... zamariak, zaldiak, ...

napoleonen bidea 6

...Beti jausten ari ginela, zakur bat... eta emazte bat onddoketan ibilki gurutzatu ditugu. Adinekoa, alarguna, errabiatua onddo biltzen (ez ditu jaten, kontserbak egiten ditu lagunentzat). Egun osoa oihanean pasatzen du onddo miatzen, bazkaldu gabe, bere xakurra lagun. Ze topaketa pollita! eta euskaraz mintzatuz zein errex den harremanetan sartzea, edozein lekutan!

Erreka pasai lohitsu bat iganik, etxola eder baten aitzinean pasatu eta, hara! Urruskara buruz doan bide asfaltatua harrapatzen dugu. Hau berriz igo...

 

Eta baserrira allegatu gira, egun guzia mendian ibili ondoan, bidez bide bazterrak deskubrituz... ah balio zuen!

Oinez baizik ez dela gune bat ongi ezagutzen, hori baginakien!

2010(e)ko azaroaren 3(a), asteazkena

Urruska baserritik Harguibelera

Zerua, estalia. Airea, fina. Haizea, hotza. Urruska landetxetik abiatzen gira, gure gelako leihotik etxeko ahuntz baten agurra ukan ondoan (teilatupetik!)

ahuntza 1

Igoera jabal batek berehala Berderitzko lepora daramagu, 117garren mugarrira:

berderitzko lepoa 1

Saiatu gira mugako mugarri guziak harrapatzea. Ez ditugu denak aurkitu. 118garrena huts egin eta, hara laster 119garrena, delako Berderitzko "redoutes" edo gudu babeslekuen ondoan:

mugarria 119

Iduzkia goiz lanbroa zilatzen ari zen Alduden gaindi:

aldude 1

Hamekak eguerdi hirian, saiak bidelagun genituela, lepoz lepo 122 Bis markatu mugarrira allegatu gira:

saia 1

mugarria 122 bis

aldude esnazu maite

Haatik haizea fin-fin!

Belaungo lepora jautsi eta laster eihartzeko lepora iragan ginen:

eihartzeko lepoa

Argazki honetan ikusten duzuen bezala, bi elorrien ezkerrean, bide asfaltatua hor bururatzen da.

mugarria 125

125garren mugarria dagon leku hontarik Harguibel malda begiztatzen duzue. Horren gainean dago delako Harrikulunka famatua:

harguibeleko malda

harrikulunka 1

harrikulunka 2

Zer gozamen eta zer atsegin mendi gune hortan!

Beti harriturik gelditzen naiz mendiak ematen dautan indarraz!


Itzultzerakoan, beti huts egin genituen mugarrien ondotik ibilki ginela, lertxunak ikusi ditugu Belaungo lepo gainetik pasatzen:

lertxunak belaungo lepoan

Zarkindegi kaskoan betunez eginiko 121garrena atxeman dugu... bai eta ere zaldi ederrak:

mugarria 121 zarkindegia

pottokak

Argi-itzal, urdin-gris, laino-iduzki, hola joan zauku eguna. Ederra. Freskagarria. Betea. Urruska baserrira jautsi gira Napoleonen bide lauzatua hartuz, azken gainbehako bat Alduderi emanez:

aldude 2

Baztango Haizegoa deitu Elizondoko lagunak aipatua zigun Napoleonen bide hori. Kuriostatea piztu zaukun. Ez gira guti harritu.

Ondoko aldian erakutsiko dautzuedana...





2010(e)ko urriaren 29(a), ostirala

Urruska landetxea

Nafarroa garaian, Baztanen. Elizondo Beartzun auzoan. Elizondo plazatik 10 kmtan kokatua, Beartzungo auzoaren azken etxea dugu Urruska baserria, mugatik bi urratsetan dagona, Urruxka (edo Urrixka Aldude aldean dioten bezala) mendipean.

urruska 2

Hara nora eramaten daukun bide ertsiak: Urruska etxearen kafira. Paper zaharrenetan agertzen den data (eta etxe aitzinean zizelkatua den gisara) 1873 urtean bermoldaturik izan zen, aitzinagokoa daitekena etxekoandere gaztearen arabera.

urruska 1

Duela 20 urte, 1990 inguruan beraz, Joxepi etxekoanderea hasi zen kanpokoeri baserriaren ateak idekitzen. Lehenik xumeki. Gaur 5 gela badauzkate alokatzen dituztenak, komoditate guziekin hornituak, urteek eman xarma handiz apainduak.


Geletara daraman eskailerako paretek hainbat zertifikata eta sari erakusten dizkigute, Joxepiri eskainiak. Egun, Joxepiren alabak, Maria Josefak, segida hartua du, nahiz ama, beti bezain erne, azkar laguntzen duen. Lau belaunaldi bizi dira Urruskan. Amatxi (96 urte), Maria Josefaren aitamak eta bere familia.


Artzaintzak ez du gehiago pagatzen. Triste dira ardien hazkuntzaz bakarrik ezin baitute gaur gehiago bizi.

Landetxe bilakatuz, konpromiso ona atxeman dute mendiko aktibitate xume hori atxikiz (eta lurrak entretenituz), turismoaren bidez etxeko mozkinak zuzenki baliatzen baitituzte.

Harrigarri da ikusiz mendi zoko galdu horretan nola, teknologia berriak lagun, Urruskakoak idekiak diren munduari. Internet gune bat badaukate lau hizkuntzatan (katalandar frango ukaiten dituzte): www.urruska.com

Berriki ere telefona eta telebista sateliten bidez ukaiten dituzte.

 

Bezeroak, gehienak mendizaleak, edo pausa eta atsedena bilatzen dabilen herritar edo hiritarrak dira, batzuk urrunetik heldu.

 

Urruskatik ez zira jin bezala joaten, jabeen nortasuna, begirunea hain hunkigarria eta arraroa den. Guk behintzat hala bizi izan dugu: egia erran euskara hizkuntzak berehala harremana errexten eta berotzen du.

Egia da bai Baztango eta Azkaingo euskarak eite frango baduela.

 

Bi gau baizik ez gira egon. Baliatu gira egun pasa Urruskatik Aldude Harguibelera joateko. Ondoko aldian kontatuko dautzuetana.

urruska 3

2010(e)ko urriaren 23(a), larunbata

Joanes Etxebarria, Barkoxekoa

Barkoxe, Xiberoko herririk emankorrena. Maskarada, pastorala ohiduretan azkar dirauena. 2010 urte huntan, herri guzia mobilizatu da, Patrick Queheille buru, Attuli eta beste herriko semeak goraipatzeko Xahakoa pastoralean. Bestetik, Barkoxek hazi ditu dantzari finak eta goimailakoak, belaunaldiz belaunaldi adinekoen ganik ikasia.

 

 

Barkoxe aipatzerakoan ere, Topet Etxahun koblakaria heldu zauku gogora. XVIII. eta XIX. mendeak haatik urrun dira.

 

2010eko XI-LA-BA, Xiberoko, Lapurdiko eta Baxenabarreko Bertsulari Txapelketak "XXX" lelo berezia zekarren "Bertsularien lagunak" elkartearen 30. urtemuga ospatzeko.

 

Gabadiko finalerdiaren biharamun honetan, azaroaren 13an iraganen den finalaren afitxa osatu da.

Edizio honen sorpresa handia, Joanes Etxebarria barkoxtarra sailkatua dela finala jokatzeko.

 

Sorpresa lehenik beretako, lehen aldiz parte hartzen baitzuen halako txapelketa batean.

 

Joanesekin XI-LA-BAk bere zentzu guzia eta osoa hartzen du, hitzaren lehen xilabarena hain zuzen.

Hutsune bat bete da eta koblakari bat sortu.

Mixel Aire Xalbador II lehengo eskolako ordezkari sutsua baldin badugu, beste guziak, gazteagoak, bertsu eskoletako umeak, Joanes Etxebarria bien artekoa dela definitu nezake.

Duela hiruzpalau urte hasia (26 urte ditu), bertsu eskoletan baino gehiago Barkoxeko ostatuetan kobletan ikasia duela dio.

 

Teknika baino haratago, beretik, barne-barnetik ari da Joanes. Batzuk idazten duten moduan, edo pintatzen, berak koblakari gisa ez ote duen barneko berri azaltzeko bidea atxeman?  Ez bakarrik bere izenean, baizik eta Barkoxe eta Xiberuaren kultur ondarearen haritik, kate luze horren katebegi.

 

Heldutasunean eta barnebizian, batzuetan sendimendu gazi-gozo eta lazgarrietan, oinarritzen da ene gustuko koblakari baten jeinua.

 

XI-LA-BAk bete du aurtengoa eta bere historiakoa: bertsogintza fruitu biltzen hasi da Barkoxe aldean.

2010(e)ko urriaren 14(a), osteguna

Maddi Zubeldia Euskadi Irratian

logo eitbcom2010eko irailaren 25ean Erlaitzeko bestan Abbadiako kaperan kantatu ondotik, hegoaldeko prentsa (Argia eta Euskadi Irratia) Maddiz interesatu da. "Arratsaldekoa" saioan, urriaren 14ean, Arantxa Iturbe ziburutar kantariarekin mintzatu da:



zubeldia maddi 08

Gu gira beraz azkaindar hobendun horietarik eh Maddi?


2010(e)ko urriaren 8(a), ostirala

Gotzon Garate idazleak bildutako atsotitzak

Deustoko unibertsitatean erakasle zen jesuita idazle euskaltzalea, 2008an hil zen.

 

Baserrietan ibiliz 30 urtez, Gotzon Garate-k ahotik belarrira atsotitzak bildu zituen, Euskal Herriko zazpi probintziak zeharkatuz.

1998an, liburu batean 27 173 atsotitz (horietan 14 458 euskal atsotitz) argitaratuak izan ziren.

 

2010eko urriaren 8an, Elgoibar herriak Gotzon Garate herriko semea ohoratu du. 600 pertsona, zahar ala gazte, elgarretaratu dira. Egun osoa, Garatek bildutako 6 000 atsotitz irakurriak izan ziren:

 

 

Hizkuntzarako altxor bat, ahozko ondarea eta literatura paregabea!
Jendarte modernoaren eraginez edo bizimoduaren aldaketaz galtzen ari zaukuna.
AEKn edo eskoletan merezi luke atsotitzei buruz lan berezi bat eramatea, berriz sar diten gure eguneroko mintzairan.
Oroitarazi nahi nuke ere Eneko Bidegain-ek argitaratu zuela 2001ean "Elkarlanean"-en "Euskal esaerak - Expressions basques" liburuttoa, beti ene ordenagailu ondoan daukadana.

 


2010(e)ko irailaren 26(a), igandea

Maddi Zubeldia Abbadia jauregiko kaperan

2010eko Erlaitzaren besta berezia izan da, Anton Abbadia zientzialariaren eta euskaltzalearen sortzearen 200 urtemuga ospatu baita.

 Ederki zen, haren ohoratzeko, euskal kulturak bere lekua ukan dezan antolatuak ziren ekitaldi guzien artean.

Maddi Zubeldia euskal kantaria gustu handiz ari izan da kantuz giro berezi horretan, tanpez betea zagon jauregiko kaperan.

zubeldia maddi 03

Ezkerretik eskuinera: Harkaitz Miner, Txomin Arizaga, Maddi Zubeldia, Jeannot Urtxegi

zubeldia maddi 05

Maddi a capela Ramuntxo bere senarrarekin

zubeldia maddi 08

zubeldia maddi 09

Publikoa gustora!

zubeldia maddi 10

zubeldia maddi 11

zubeldia maddi 12

zubeldia maddi 16

zubeldia maddi 14

zubeldia maddi 15

Maddik bidaiatxo bat eginarazi dauku.

Bere sentsibilitate barnakorrarekin, bizitzaren gorabeherak inspiratzen dizkion gogoetak eskaini dizkigu. Begirunea eta baikortasuna nagusitu zizkio, "Gracias a la vida" Violeta Parra-ren kantuarekin bukatu duelarik. Eskerrak bizia goraipatzeagatik, denetan hain goibel presentatzen daukuten mundu honetan.

2010(e)ko irailaren 22(a), asteazkena

Emozio kontuen eragina

Ideia frango berria da: emozioek osagarrian duten eragina. Sinetsi ala ez.


Dela urte batzu, liburu bat irakurri nuen: "Gorputzaren memoria".

Oroit naiz esplikatua zela nola somatizatzen ginuen, haurtzaroko oroitzapen txarrek edo emozio azkarrek berdin beranduago gorputz atal batean ala bestean mina sortuz. Sinetsi ala ez.


Gauza bat segurra: odoltxarrak ez dio onik egiten osagarriari.

Joan den uztailean, UEUko yoga ikastaro bat segitu nuen Baionan. Ariketak egitean, erakasleak zion mentalen eragina handia zela. Zure buruari erraten badiozu: "gaur, osagarri onean naiz, ongi naiz" eta hori egunero errepikatzen baduzu, behako amultsu eta maitagarri bat eskaintzen diozu zure gorputzari. Horrek gauza ona baizik ez dio ematen ahal!

 

Bai ados bai, baina aski ote dea? eta janaria? eta gizarte berri hunek biziarazten daukun griñaren, "estresa"ren eragina!

 

Ene ZEN egutegian, gaurko orrialdeak (2010eko irailaren 22a) dio:

 

Emozio sakonek eta pisuek toki gehiegi ez zezaten har,

emozio kontu arinak harzkizu:

liburu humoristiko bat irakurri,

zineman komedia on bat ikusi,

kalitatezko otruntza bat egin,

oihanean ibili,

10 minutuz, musika entzun

edo berdin deusez egin...

 

Aholku arruntak! preseski arruntak direlako gogoetagarri atxematen ditudanak.

 

 

2010(e)ko irailaren 12(a), igandea

Hurrak, tipulak eta beste: baratzea emankor

2010 urtea, hur-urtea bai!

hurrak 01

hurrak 02

Hur-ondo hauek daukute hoinbeste fruitu eskaini, lau-pataka eman-ta biltzea aski!

hurrak 03

Adixkide baten tipul landareak ere ederrak atera zaizkigu. Biziki ona den mota azukretu gozo hau haren familian belaunaldiz belaunaldi hazten dute eta prezioski atxikitzen!

tipulak 01

tipulak 02

Maikolak (ilarrak) ere idortzen ari dira artoarekin batean

maikolak 01

maikolak 02

Meloin hunen argazki hau Maia lankideari eskaintzen diot (zale gaitza da ta!)

meloina

Mahatsa ospatzen den sasoinean, ezin egon etxekoen berri eman gabe!

mahatsa 01

mahatsa 02

Merezi du ba baratzeak etxeko jabearen artatze lan batzu, ongi ordaindua ta!!!