Nafarroa garaian, Baztanen. Elizondo Beartzun auzoan. Elizondo plazatik 10 kmtan kokatua, Beartzungo auzoaren azken etxea dugu Urruska baserria, mugatik bi urratsetan dagona, Urruxka (edo Urrixka Aldude aldean dioten bezala) mendipean.
Hara nora eramaten daukun bide ertsiak: Urruska etxearen kafira. Paper zaharrenetan agertzen den data (eta etxe aitzinean zizelkatua den gisara) 1873 urtean bermoldaturik izan zen, aitzinagokoa daitekena etxekoandere gaztearen arabera.
Duela 20 urte, 1990 inguruan beraz, Joxepi etxekoanderea hasi zen kanpokoeri baserriaren ateak idekitzen. Lehenik xumeki. Gaur 5 gela badauzkate alokatzen dituztenak, komoditate guziekin hornituak, urteek eman xarma handiz apainduak.
Geletara daraman eskailerako paretek hainbat zertifikata eta sari erakusten dizkigute, Joxepiri eskainiak. Egun, Joxepiren alabak, Maria Josefak, segida hartua du, nahiz ama, beti bezain erne, azkar laguntzen duen. Lau belaunaldi bizi dira Urruskan. Amatxi (96 urte), Maria Josefaren aitamak eta bere familia.
Artzaintzak ez du gehiago pagatzen. Triste dira ardien hazkuntzaz bakarrik ezin baitute gaur gehiago bizi.
Landetxe bilakatuz, konpromiso ona atxeman dute mendiko aktibitate xume hori atxikiz (eta lurrak entretenituz), turismoaren bidez etxeko mozkinak zuzenki baliatzen baitituzte.
Harrigarri da ikusiz mendi zoko galdu horretan nola, teknologia berriak lagun, Urruskakoak idekiak diren munduari. Internet gune bat badaukate lau hizkuntzatan (katalandar frango ukaiten dituzte): www.urruska.com
Berriki ere telefona eta telebista sateliten bidez ukaiten dituzte.
Bezeroak, gehienak mendizaleak, edo pausa eta atsedena bilatzen dabilen herritar edo hiritarrak dira, batzuk urrunetik heldu.
Urruskatik ez zira jin bezala joaten, jabeen nortasuna, begirunea hain hunkigarria eta arraroa den. Guk behintzat hala bizi izan dugu: egia erran euskara hizkuntzak berehala harremana errexten eta berotzen du.
Egia da bai Baztango eta Azkaingo euskarak eite frango baduela.
Bi gau baizik ez gira egon. Baliatu gira egun pasa Urruskatik Aldude Harguibelera joateko. Ondoko aldian kontatuko dautzuetana.