Itsas mundua, mundu bat. Frango ezezaguna.
Donibane Lohizunekoa izanik ere, ezagutzen ez nuena, bi mundu parez par baitira: lehorrekoa eta portukoa. Bien artean zubi guti.
Euskal kultur erakundeak "Eleketa" sailan (2007an hasia) adinekoen lekukotasunak biltzen ditu beren memoria gal ez zedin, transmizioa segurtatu beharrez. Baionako artxibategian atxikiak eta denek ikusteko gisan helburuarekin tratatuak dira.
Bilketa lan hori luzea baita, balorazio erakusketak antolatu ditu EKEk publiko zabalarentzat, asmoa jendartearen memorioa hari itzultzea baizik ez baita. 2009an "Amizkutarrak mintzo" erakusketak Donapaleu inguruko 30 lekukoen berri eman zuen.
2010an Donibane Lohizuneko portuko 26 pertsona filmatuak izan dira: arrantzale, arrantzale emazte, saregile, xaiero, arrain sal-erosle, patroi, platero, erizain, kontserbategietako langile. Itsasturiak, multimedia erakusketa bilketa berezi honen erakusleihoa dugu. 6 atal nagusi (arrantzalearen lanbidea, arrantza teknikak, itsasontzigintza, portuko lanbideak, Dakar, Donibane Lohizuneko portuaren antolaketa), horien ilustratzeko 72 bideo, ehundaka argazki lekukoek eta "Altxa Mutillak" Itsas Misioaren aldizkariaren fondoak emanik besteak beste, Sébastien Husté argazkilariaren potreta ederrak, ... hauek guziak erakutsiak lehen aldikoz Donibane Lohizunen irailaren 15ean (hilabete batendako), urririk.
Benetan ikustekoa eta entzutekoa, hain dira hunkigarri, erakaspenaz eta zuhurtziaz betea. Ze bizia!
Ez bazirezte hurbiltzen ahal, jakin ezazue erakusketa hori ibiltaria dela, abenduan Baionako artxibategian izanen dela, 2012ko udaberrian Donostian eta ondoko hilabetetan barnealdean ere nolaz ez. Ahantzi gabe interneten itsasturiak.com gunean lekukotasunak, lekukoen biografiak ikusteko parada duzuela! Har azue hastia portua gorpuzten duen jendeen ezagutza egiteko, balio du! (jasta, zonbait argazki)
1956ko azaroaren 4ean, "Pardon" meza portuan.
Dakarren, patroiak Madre generalarekin.
Beherean, laugarrena ezkerretik Jean de Aizpurua nire kuxia.