2012(e)ko azaroaren 16(a), ostirala

Xilaba: lehia bertsularitzan

Xilaba 2012 xapelketa iragan berri da. Ia oraindik ikaragarria izan duen oihartzuna entzuten da, bai hedabideetan eta jendartean. 
Aldi bakoitzak berea ekartzen du. Aurtengoan, Amets Arzallusen nagusitasunaz gain, azpimarra nezazke Maddi Sarasua gaztearen ekarpena, eta Odei Barrosoren eta Sustrai Colinaren arteko lehia hestua. Baina denek beren aztarna utzi dute, eta entzun dira bertsu biziki ederrak eta pollitak, Xumai Muruaren eta Maddiren arteko elkarrizketa huntan bezala:
 
Finala komentatzean, Andoni Iturrioz bertsuzaleak zion "ez zela normala" 2 000 ikusle aurrean kantatzea.
Bai ariketa krudela, bertsuak ontzeko gaitasunaz aparte estresa eta presioa kudeatzeko gaitasuna eskatzen duena. Publikoa hortaz ongi konturatzen dela uste dut eta txalo bakoitzean nahi dio bertsulariari bere performantzagatik eskerrak bihurtu. 

Baina xapelketak berarekin dakar bai beste krudeltasun bat: lehiarena. Odei eta Sustrai-en artean puntu erdi bateko tartea bakarrik! Harrigarria! Hori da xapelketa, epaimahaiaren puntuazioa, eta hori onartu behar lehia denaz geroz!
Ez daude denak ados lehiaketak egiteaz bertsularitzan nahiz hastapenetik argi utzi duen Joana Itzaina Bertsularien Lagunak elkarteko lehendakariak: "Xapelketaren helburua ez da lehiaketa eta xapela banatzea" baizik eta "Euskaraz aritzearen harrotasuna transmititzea".
Bertsulari batzuk hautatu dute xapelketan ez parte hartzea nahiago baitute plazetako saioen, eta bertsu-bazkari edo afarien adixkidetasun giro goxoa eta atsegina.
Galdera bat haatik: ez bazen sariketarik eta lehiaketarik antolatu Iparraldean, zertan izanen ote zen bertsularitza?
Nahi nuke gogora ekarri Teodoro Hernandorenak egindako lan handia. Bertsularitza peko errekan ikusirik, 1945-1946an Iparraldeko 3 probintziak kurritu zituen bertsulariak deskubritzeko. 16 aurkitu zituen:  Goikoetxea, Ximun Ibarra Zubikoa, Felix Iriarte Berjinanto, Xalbador, Mattin, Etxahun Iruri, Intzabi, Iriarte et Xetre 3 hazpandarrak, Heletako Aintziart, Arrangoitzeko Gariador, Amikuzeko Etchechuri, Suhuskuneko Larramendi, Irisarriko Larramendi, Hendaiako Melchior Otamendi, Urruñako Errexil. Urtero, 1946-1960 bitartean, sariketak antolatu zituen. Gogoangarri ere bi aldiz Parisen antolatu zituen saioak (1958an eta 1960an). 1958koak (Basarri, Uztapide, Mattin, Xalbador eta Etxahun Iruri) telebista-irratiei esker nazioarte mailan ukan zuen oihartzun handia mundu guziari bertsularitza ezagutaraziz.
Lehiaketen bidez publiko zabala hunkitua da, ez adituak bakarrik, gehienik saioetara hurbiltzen direnak halakoak baitira.

Zer erran BEC-en biltzen diren 14 000 ikusleetaz Euskal Herriko Txapelketa nagusia kari? Publikoak osoki euskaraz bizitzeko parada badu, identitate berekoa dagon herri baten kontzientziak bildurik, ez baita guti!
Iñaki Murua, Euskal Herriko Bertsozale elkarteko lehendakariak, ñabardura hau gehitzen du haatik. Teknologia berrien ekarpenak (pantaila handiak etabar) bertsularitza bere esentziatik urruntzen duela pixka bat, hunen funtsezko muina, nortasuna eta soiltasuna zaindu beharrekoa litaikena bere ustez.
Kontutan hartzeko ikusmoldea 2013ko txapelketa nagusiaren atarian!

2012(e)ko urriaren 8(a), astelehena

Qi Gong Txinatar ariketa Euskal herrian

le fer et la soie logoaJean-François Servier maisu azkaindarrak Le Fer et La Soie elkartea sortu zuen 1990ean ibilbide luze bezain aberats baten ondorioz. Besteak beste, 1995-1996 urteetan, Kunming-eko (Yunnan-Txina) txinatar medikuntza tradizionaleko unibertsitatean diploma lortu zuen. 

 

Orduz geroztik Qi Gong eta Tai Chi Chuan erakasten ditu Donibane Lohizunen, Biarritzen eta Baigorrin (soilikTai Chi Chuan arte marziala).

 

Duela hamar bat urte, lagun batek gomitatu ninduen Qi Gong kurtso batetara ikus dezadan zer zen. Ez nuen segidarik eman hameka arrazoinengatik.

 

Gaur, geroztik bizitako esperientziaz aberasturik, barne disposizioa daukat eta gogo handia ekialdeko praktika hau sakonki jarraitzeko.

 

Mundu bat da, gure mendebalde ikuspegitik frango ezezaguna. Zaila zaigu berextea yoga, Qi Gong eta Tai Chi Chuan. 

Qi Gong zer da? Jean-François Servier-en internet gunean dagon definizioak hauxe dio:

Qi = hatsa/energia

Gong = obra/lana

 

Mugimendu eztian oinarrituak diren ariketetan, arnasa eta konzentrazioa bidez harmonia xekatzen da, gorputzak bat egin dezan zeru-lurren indarrekin. Barne bizian eta oreka osoan oinarritua da.

Zumba gisako gimnastikatik zinez urrun.

 

Urriaren 7an, "Marche à suivre" ekitaldiaren bigarren edizioa antolatua zen Donibane Lohizunen. Auzapeza buru, jendea gomitatua zen oinez ibiltzea, Louis XIV plazatik, Santa Barbara, Erromardiko hondartzaraino, eta berriz portura itzultzea. Tokiko elkarteek animazioa proposatu zioten ibiltariei, horietan Le Fer et La Soie-k Erromardin. 

qi gong hondartzan 1

qi gong hondartzan 2

 

Usaian, kurtsoak sala batean emanak dira. Arraroa zen itsasoari begira aritzea! benetan lasaibide gaitza dago Qi Gong, ongi-izate eta hobeki-izate ekarle. Ondoko gauan loak aise hartzen nau... 


 


2012(e)ko irailaren 18(a), asteartea

Punttuka deitua

punttuka 1

"Ze izen bitxia gatu batentzat! beti halako izen arraroak hautatzen dituzu!" hara ingurukoek erraiten dautatena.

 

Bon! lehenik erran behar dut Begiurdin galdurik ez nintzela ni pentsioner berri hunen ondotik joana. Opari sorpresa bat da, senarrak koinatarekin hitzartu ondoan eskaini dautana. Bi hilabeteko "isabelle" deitu hiru koloreko eme xarmanta bat, hezia, barnean usatua eta garbia. Ez da gutti!

 

Zein izen eman? "Ez naiz kexu, atxemanen diozu ba zuk izen bat."

Interneten bilatu dut: 2012an gatuen izentegia H hizkiarekin hasten da. Bof!


Nik bertsularitza eta bertsulariak maite ditut.


2012: XILABA Iparraldeko xapelketaren hirugarren edizioa! Ez dut halere Xilaba deituko, interneten ibiltzen direnak, xapelketari buruzko informazioa xekatzean nire gatuari buruzko artikulua lortzen badute, bof bof!


Eh beh hara! deituko dut Punttuka! (* eke.org atarian: Bertsulariek punttuka aritzea biziki gustoko dute. Izan ere, ariketa horrek hatsa hartzeko parada ematen die. Bertsu bat edo gehiago osatu behar da 2, 3 eta 4 bertsulariren artean, bakoitzak lerro bat aldian kantatzen duelarik. )


Bertsulariek gustukoa dutela punttuka aritzea! eta zer erranik orduan entzulegoaz? punttuka ari direnen entzutea! loria hutsa: hiri-niri jostetan ari baitira bertsulariak, ziztu bizian eta umorez.


Beraz Pialenbordako gatukumea Punttuka deitzen da (eta ez Punttukom lankide internetzale batek ulertu duen gisan).


Ongi etorri alaitasun zabaltzaile berriari!

punttuka 3



2012(e)ko irailaren 17(a), astelehena

Aziako liztorrak erlauntzaren atarian

Azkainen, Olheta aldean Larrungo mazeletan, Chaban-Delmasen ontasunetarik hurbil dago erlauntza hau. Hor dira ere Aziako liztorrak, eta nunbre handian ikusten duzuen bezala (bospasei bederen).
 
Erle kofoinara sartu eta erleak atakatu nahian. Baina erleek beren gisan defentsan daude: ez dute liztorrek erleen xintxikatzea lortu, hor giñen bitartean bederen... 
 
Eta ondoan, 20 metrotan, erle mulko huts hau zagon zintzilik. Harrigarria!













Aurkikuntza arraroa, onddoketa eta basarana biltzera joan den batena! Basarana andana bat bai baina onddorik ez, ea ondoko ilargiak eta biharko euriak onik ekarriko duen!



2012(e)ko abuztuaren 19(a), igandea

Pirineotako fauna Ourtiga etxolarateko bidean

Cabane d Ourtiga 08-08-12 031

Ourtiga (Hautes-Pyrénées) etxolara igotzean, Pirineotako fauna zoragarriaren lekuko batzu aurkitu ditut. Haatik ez dakit zein diren! hauen izena ezagutzen baduzue eskertuko nizueke jakinarazteagatik!

Cabane d Ourtiga 08-08-12 054

Cabane d Ourtiga 08-08-12 055

Cabane d Ourtiga 08-08-12 052

Cabane d Ourtiga 08-08-12 057

Suerterik pollitena, oihanetik ateratzean, beti maldan gora doan xendra bidea segitzean, errekan zagon arrantzale honek justu momentu hortan amuarraina harrapatu du eta nik Klik! argazkitan hartu dut, bera deusetaz ez delarik ohartu!

Cabane d Ourtiga 08-08-12 024

Cabane d Ourtiga 08-08-12 025

2012(e)ko uztailaren 14(a), larunbata

Kamamila sendabelarra


Zendako hainbeste kamamila gure etxe inguruko soroan? ez dakit. Ez dut nihun holako fenomenorik ikusi nahiz ez den lore arraroa gure eskualdeetan.
Oroitzen naiz haur denboran amak igortzen ninduala gure eremuetako landa batetara kamamila biltzera (ez ziren gure gaurko etxean bezainbat halere). Aita zenak tentsioa beheititzeko horren tisana hartzen zuen.
Modernitatearekin batean, landareen erabilpena utzi dugu erremedio kimikoei lehentasun osoa emanez.

Egia erran, sendabelarren ezagutza murriztuz joan zaigu, transmisio eskasez. Landare hau nola erabili, zendako, zein neurritan? Hainbat galdera heldu zaizkigunak.

Kamamilaren kasuan osasun arazo askotan erabil daiteke: tentsiorako, azalerako, begietako narritadurarako (conjonctivite), hobeki lo egiteko, sukarra jausteko eta ilea horia atxikitzeko ahantzi gabe sabeleko minen kontra.
 

Lore buruak bildu, idortzerat eman, eta leku idor batean kontserbatu. Infusioak egiterakoan, ura berotu eta gatilu batean eman, lore buru batzu bota (hiruzpalau). Urak kolore horia hartua duelarik, loreak kendu eta edan emeki-emeki. Gostua eztitzeko eztia gehitu edo infusioa egin bi lore mota nahasiz (adibidez ezkia - tilura - loreak, loa hobetzeko kasuan).
Eraginkorra izaiteko, sendabelarren pratika areagotzea galdegiten du (maiz erabili, lore ezberdinen ezagutza egin etab.). Beste manera batez bizitzeko eta hobeki senditzeko.


2012(e)ko uztailaren 6(a), ostirala

Begiurdin gogoan

Begiak urdin duenari ematen zaion izengoitia.
Horietaz inspiraturik, Iratzeder beneditanoak olerki bat idatzi zuen bere arreba bati buruz.
Hari beretik ere blog hunen izena. Begiurdin. Urdinak nire begiak, Begiurdin nire gatu batenak bezala.


2012ko ekainaren 30ean, duela aste bat, Begiurdin hil da. Eri zen. Azken orena sendi eta, ez da gorde. Usaian bezala, jan du nik emanikakoa, haatik nekezia handiz. Pixka bat pausatu eta, etzan da lorio azpian, nire bistan eta hor hil da.
Nire pena eta nigarrak! Haurtzaroko oroitzapen frango jin zaizkit gogora, aitamen solasak, nire babesteko hitzak familiako gazteena bainintzen. Baratzeko lore ederrena, usainduena, oria, eskaini diot Begiurdin-i. Etxeko nausiak etxe ondoko gereziondo pean ehortzi du. Ez zitaiken bestela.
Etxekoek ezagutzen zuten gure arteko harremana. Gatu hori erdi salbaia zen, etxe ondoko zabor-ontzian jendeek gatuak abandonatzen baitituzte. Pixkanaka bildua nuen (baliosa da gatua gure etxean, oilotegiko artoan eta garian sagu eta holako frango ibiltzen baitira).
Haren ferekatzea lortu nuen. Baina ez nion gehiagokorik galdetzen. Kanpoan bizi zen. Maite nuen haren nortasuna, libertatea, erdi salbaia, erdi hezia, ni bezala, mendiko pottokak bezala. Aldi berean, eztia zen eta goxoa.
 
Begiurdinen eskasa sendi dut, beste gatu lagunek sendi duten bezala (Felixi eta Killika). Etxekoak konsideratuak izanik eta bazkatuak, ez dute hurbiltzera errexki uzten.

Begiurdin ez zen gatu bat. Begiurdin zen.


2012(e)ko ekainaren 3(a), igandea

Ama, bertsu hauek zuretzat

Amen besta ospatzen den egun honetan, ama zena gogoan eta zahartzera doan zure amari irakurle, nork bi bertsulari ospetsu hauek baino hobeki helaraz gure sendimendu bihozdunenak? Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus buruz buru 2009ko Euskal Herriko Txapelketa nagusian:

 

 

Milaka eskerrak zuei eta bi muxu Amari!

2012(e)ko maiatzaren 19(a), larunbata

Maiatza loreil eta hostaro

Ordenagailu ondoan, badauzkat sakelako bi Lur hiztegi ttiki eta Eneko Bidegain-en Euskal esaerak liburuttoa, eskupean ukaitea beti atseginak.

 

Maiatza... Erran zahar andana bat inspiratu du hilabete honek:

- Maiatz hotz, ez gari ez eta agotz.

- Maiatza euritsu, urtea ogitsu.

- Maiatza, urtearen giltza.

- Maiatzean euri, uzta jori.

- Maiatzeko lorea, urrea baino hobea.

 

Aldi berean, Ordiziako 500 urtemugakari argitaratutako egutegian, maiatz hilabetea hiruzpalau gisa desberdinez deitzen da: nik biziki maite dut loreil eta hostaro deitua delarik. Eta hala da bereziki aurten ukan dugun apiril euritsuaren ondotik, bazterrak ferde ta loretsu baitira:

bazterrak ferde 2

bazterrak ferde 1

hesia lore

weigelia panache

juniperus nuage

sceaux de salomon

euphorbe

Aspaldiko partez Salbatore zubiaz baliatu naiz baratzegintzan aritzeko (ezpela eta juniperusak taillatu, leiho eta etxe ingurua koloreztatu erositako urteko loreekin). Jakin ezazue kirola dela, nahiz seme batek hori erran dudalarik ederki irri egin duen!! 



2012(e)ko maiatzaren 7(a), astelehena

Puyobrau kontserbatorioaren geroa

Blog huntan jadanik ezagutarazi dauzuet Dubuc jaun-andereek atxikitzen duten kontserbatorioa Magescq herrian, Landesetan.

Beti plazerrez bisita itzuliño bat egiten diegu gure oilotegiaren bizizaleak berritzeko asmoarekin garelarik. Argazki guziak Flickr-en.

DSCF3479

Bantam de Pékin frisé

DSCF3464

DSCF3465

Indi oiloak (hemen Noir du Gers)

DSCF3475

DSCF3417

Saxe arrazako ahateak (arra eta emea)


 

Aurten haatik jakin dugun berriak kezkatu gaitu.

 

Jabea erretreta hartzekotan da eta ez du segidarik. Zer bilakatuko da gune aberasgarri hau eta bereziki azken 50 urteetan eraman duten obra? Oilo, ahate, antzara, uso, lapin, indi oilo, arraza xaharrak babesten, desagertu ez ditezen. 

 

Biek pasio bera partekatzen dute bai bikotean bai bisitariekin, hitz egiteko denbora hartuz.

Alta ez da lana falta, egun guziz hor dira goizetik arrats. Hemen "Couveuse" tresna berririk ez, dena brikolatua da, arroltzeak eskuz biratzen dituzte egunean bi aldiz, goiz eta arrats. Arraza bakoitzak bere etxola dauka eta saiatzen dira ahal bezainbat bazterrak babesten axeriaren ataketaz (oihana hurbil-hurbila baita eta hunendako tentazioa handia!).

 

Bai holako jendea eskertzekoa da! Eta merezi du bisitaño bat...


 


2012(e)ko apirilaren 14(a), larunbata

Azkaingo ikastolak 40 urte

1972-2012. 40 urte. 10 haurrekin abiatu eta gaur 91 ikasle dituen ikastolaren besta ospatu genuen apirilaren 14an Kiroletan, haurrek antzeztu "Bidaia haundia" ikusgarriarekin hasiz.
azkain ikastola 00
Ondotik buraso ohiek ikastolan bizi izan dituztenen oroitzapenak gogorat ekarri zizkiguten agerraldi labur batzuen bidez... eta erran behar da garaiak aldatu direla hastapenak ezagutu dituztenentzat...
garai ezberdinak azkainen
Burasoak inplikatuak ziren osoki obretan, garbiketa eginez, kantina zerbitzua eskainiz (ez zen herriko kantinarik ikastolako haurrentzat), autoarekin taxia eginez ikasleak Angeluko lerratokira edo Uztaritzeko pizinara eramateko etabar  - hots kasik guzia haien gain zen -. Luzaz ama ikastola baizik ez zen izan, ikasleen kopurua beti mugatua zela.
azkain ikastola 01
azkain ikastola 02
Pixkanaka-pixkanaka burasoen kemenari esker, ikastola duin baten alde errebendikatzen zutela, lortu zuten herriko etxearen ganik beste eskolen pareko laguntza. Garapen handia izan zen lehen maila ideki zenean 2007an. Ikasturte hau finitzean orduko 13 ikasleek Azkaingo ikastola utziko dute kolegiora joateko. 
azkain ikastola 03
Artzain xakur lehiaketaren antolaketa hartu zuten:
azkain ikastola 06
azkain ikastola 07
Lehendakari egon den Fermin Mihurak bertsu batzu eman zituen 
azkain ikastola 08
Ardi errebelde antzeko buraso taldeak hastapenetik Azkaingo herriko bestetan parte hartu du taloak eginez, sekulako arrakasta bilduz.
Herri Urrats jantzi salmentari keinu bat eman zitzaion ere ikusgarrian:
azkain ikastola 09
Goizeko ekitaldia bururatu zen andereñoak ohoratuz: Yvette Etcheverry (1972-1983), Maddi Zubeldia (1984-1986) eta orai frantses erakasle dagona Azkaingo ikastolan, Gabi Goya (1987) eta 1988tik Bernadette Luro Iratzoki, ahantzi gabe Jacqueline Uhart urte luzez egon den laguntzailea:
azkain ikastola 12
(ezkerretik eskuinera)
Jacqueline Uhart, Gabi Goya, Maddi Zubeldia, Yvette Etcheverry, Bernadette Luro Iratzoki

Erakasle guziek aipamen berezia ukan zuten:
azkain ikastola 13
Publiko zabalaren aitzinean herriko familia ezagun batzuen belaunaldi ezberdinak bildu ziren, euskararen aldeko langile suharrak izanak, belaunaldiz belaunaldi transmisioaren katearen berme.
azkain ikastola 14
azkain ikastola 15
Azkaingo ikastolaren historia aipatzen duen dokumentu honetan, gaurko egoeraren berri jakinen duzue. Datorren urtean 100 ikasle bilduko duen egiturak toki eskasaz sofritzen du eta eraikin berri baten behar gorrian da gaur egun.
 
Garaiak aldatu baldin bada, eta beharrak ezberdinak, beti garatzen ari den ikastolak sekulan baino gehiago burasoen eta erakunde publikoen laguntzaren beharretan geratzen da. Marka ona ez?