17 urteko Azkaindarrak bertsu hauek bota zituen Herriko Etxeko balkoitik:
Ene bertsua nahiz-ta ezingo duen ulertu erdiak
elkar-ulertze gehiago behar luke biharko herriak
presoak eta iheslariak
ekar bitza deserriak
besta herrikoien doinuarekin
dantzatu zuen gerriak
euskaraz mintza eta uxatu
matxista urde, zerriak
betiko besta hauetan egin
ditzagun amets berriak.
Biharamunean horixe zion bertsulari gazteak bere twitter kontuan:
"Zenbait kontu atzokoaz: oximorona egitear, umiltasun ariketa narzisikoan. Barkatu kantaera kaskarragatik. Dardara eta eztarriko bolak tarteko, berezko kantari txarrak ezin zuen hobera egin. Lotsagarria jendeak Marseillesa kantatzea. Beharrik presoen alde eta indenpendentzia eskatuz oihuka aritu ginela. Zorionak arrantzale bizardunei ! Gurea ikurrina !"
Baionako bestetan ohidura bilakatu den bertsulari baten agerpenaz bi hitz: Euskal kultur erakundearen iniziatiba da hau, hastapenetik Daniel Landartek bultzatua, xedea zelarik Baionako hiriari bertsulari bat proposatzea besteen irekitzeko ekitaldian euskarak leku bat izan dezan, funtsean beste herri batzuetan egiten den bezala tokiko besteen kari (Sara adibide ederrena dugu). Lehenik Landartek gomita luzatu zien mugaz haindiko bertsulari famatu batzuei (Amuriza, Egaña, ea.). Gero EKEk nahi izan zituen Iparraldeko bertsulari gazteak lehenetsi, bertsularitza bizirik dagoela belaunaldi berrietan erakusteko.
Azken hamarkadari behako bat eman eta, oroit gira nor igo zen Baionako herriko etxeko balkoira eta bere adina guti gorabehera orduan:
- 2013: Xumai Murua (1985) - 28 urte
- 2012: Maddi Sarasua (1995) - 17 urte
- 2011: Odei Barroso (1988) - 23 urte
- 2010: Ximun Cazaubon (?)
- 2009: Ekhi Erremundegi(?)
- 2008: ?
- 2007: Patxi Iriart (1988) - 19 urte
- 2006: Eneritz Zabaleta (1984)- 22 urte
Besta erraldoi horien giroa EROKERIA da, populu masaren eragin itsua, zeren egarri ote? Ihauteri eta maskaradetan bezala, gizarte kodeak hausteko prest; Iruñeako karriketan bezala, korrika zezenen aitzinean; gehiegikerien parada basa askorentzat ere.
Bai zinez ulergarri da Servier-en biharamuneko sentimendu gazi-gozoak, baina, berarendako esperientzia bat gehiago izateaz aparte, garrantzitsuena ez da hor.
Garrantzitsuena berak erraten digu Berria egunkariaren bidez, goiz hartan berean: "Nire ustez badira gai batzuk Baionako bestetan oso present izaten ez direnak; euskara da horietako bat eta gure herriaren aldarrikapena beste bat, eta uste dut bi horien ildotik joango dela bertsoa, azkenean hor dagoen jendeak ere horrelako gauzak entzun behar baititu".
Eta uztailaren 24an beti Berrian: "... Nik uste aukera polita dela, eta bertsoaren zera hori mantendu behar dela. Sinbolikoa izan arren, euskarak leku bat du hasierako ekitaldian... balkoi horretan bertsolaria euskararen ordezkaria da, eta bertso hori da askok Baionako bestetan euskararekin izango duten ia harreman bakarra..." .
Besta kontsumitzaile jende andanak, bertako kulturekin, euskal (gaskoia ez ahantz ere) kulturarekin topo egin du irekiera ekitaldian berean: bertsularia balkoi leku ohoretsutik kantatzen, bizardunak teilatuan ikurriña hedatzen zutela.
Toki guzietan Herri bat garela aldarrika dezagun Bernat Etxepare-n Kontrapas gogoratuz!
Euskara,
jalgi hadi kanpora!
Garaziko herria
benedika dadila,
euskarari eman dio
behar duien tornuia.
Euskara,
jalgi hadi plazara!
Bertze jendek uste zuten
ezin eskriba zaiteien;
orai dute forogatu
enganatu zirela.
Euskara,
jalgi hadi mundura!
Lengoajetan ohi hintzan
estimatze gutitan;
orai aldiz hik behar duk
ohorea orotan.
Euskara,
habil mundu guzira!
Bertzeak oro izan dira
bere goien gradora;
orai hura iganen da
bertze ororen gainera.
Euskara!
Baskoak orok preziatzen,
euskara ez jakin arren,
orok ikasiren dute
orai zer den euskara.
Euskara!
Oraidano egon bahiz
inprimitu bagerik,
hi engoitik ebiliren
mundu guzietarik.
Euskara!
Ezein ere lengoajerik
ez franzesa ez berzerik
orai ez da erideiten
euskararen parerik.
Euskara,
jalgi hadi dantzara!
KONTRAPAS
Bernat Etxepare , 1545