Donibane Lohizuneko Begiraleak dantza taldearen ikusgarria Louis XIV kiosko ospetsuan 2014ko abuztuaren 24an.
2014(e)ko abuztuaren 28(a), osteguna
2014(e)ko abuztuaren 23(a), larunbata
Xumai Murua: Fermin Mihura zena gogoan
Fermin Mihura azkaindar bertsularia zendu da 2013ko irailaren 30ean. Xumai Murua herritar bertsulariak bertsu hauk jarri dizkio 2014ko apirilean, herriko bestetan (abuztuan) herritarrek Martintxorekin kantatu ditugunak KantAzkain saioan.
Airea: Esperantzarik gabeko amodioa - Xabier Leteren moduan - bestenaz Mutil koxkor bat itsu aurreko
-1-
Lagun artean berotzen denak eman dezake bertsoa:
lerro mutur bat, kopla ttiki bat, ahal duenak osoa,
haginak zorrotz, ausikitzeko prest izaten da otsoa,
lumarik galdu gabe ihesi joanen zaio usoa;
denborek gure eskuetan utzi denborapasa goxoa.
-2-
Jolas zahar hau sortu zenetik iragana da denbora:
supazterretik plazara eta, handik supazter xokora,
zaharragoei entzunikoak gazteagoen ahora,
ez dute zertan denek aritu, maite dutenentzako da;
egun jolas hau maite zuen bat ekarri nahi dut gogora.
-3-
Noiz heldu garen ta noiz goazen ezin bada erabaki,
ahanzten ez den hura ez digu nehoiz nehork eramaki.
Herriak behar zuen garaian zuena eskeiniz beti,
urrats ttipika ibili zenak xuxenki eta xumeki,
Artzain izarrak gauaz bezala, bide bat digu ideki.
-4-
Inguruotan gure solasa hatsa galtzear zelarik,
aire xaharrak ezpain artean, hitz berri batzuk erranik,
Euskal Herriak bertsolari bat beti izan du Azkaindik,
Fermin Mihura ihaz zendu da, azken arnasa emanik;
Azkain bertsotan ari zareno biziraunen du oraindik!
-5-
Xoko Onako aldean edo Ikastolako bestetan,
plazako bertso saiotan edo bertsolari txapelketan,
kantuz bezala ibiltzen zena idatzizko ariketan:
Azkainen edo herritik kanpo ari zitekeen denetan,
bertsolaria ez baita mutu plazerrez deitzen denetan.
-6-
Plazerra soilik ez baita aski, behar da borondatea;
beharrezkoak biziraun dezan, hartu eta ematea.
Gure eskutan eten ez dadin usadioen katea:
denon artean gauza daitezen eskeini zuen partea,
Bertsularien Lagunak eta Bertsozale Elkartea.
-7-
Bertso munduan bezain oneski bertzetan ere zen ari:
ederki jartzen zizkion hitzak artzain xakurren bestari,
zenbait igurtzi emanikoa txirrindularen zelari,
Larrun puntara joan jinean xapela zuen estalgi;
bertsoak eta gehiok zor dio Fermin Mihura zenari.
-8-
Herri maitale nekaezina, fededuna, euskalduna,
gizon zuzena, langile fina, orotan zuhur jarduna;
kaskoa gogor zuen adina, bihotza zuen biguna,
hau nehork nahi ez zuen baina: gaitzak eraman ziguna;
bidean ez du guti egina, har diezaiokeguna.
-9-
Bertsolagunak bertan zituen, azken elizkizunean,
doluan dagon familiari laguntzen zaion unean.
Maite duguna galtzeak sortzen duen gogortasunean,
orok bihotza ideki zuen, bakotxak bere xumean,
eta Herrian argitaratu ziren biharamunean.
-10-
Bertsoak bere ditu malkoak, bereak ditu irriak,
onean emaniko guziak ditu ongi etorriak.
Fermin Mihura gogoan hartuz, hara hor bertso berriak;
bi mila hamalaugarreneko apirilean jarriak,
ez dezan nehoiz ahantz Azkainek, ez eta Euskal Herriak.
Xumai Murua
2014(e)ko abuztuaren 22(a), ostirala
Maddi Zubeldia ze interpretazio hunkigarria...
Maddi Zubeldia ze interpretazio hunkigarria soinu-artze bikain batek gain-balioztatua! Goraintzi hodeiertzen gainetik!
Igurikatzen
2014(e)ko abuztuaren 20(a), asteazkena
Centenaire 14-18 : découvrez les expositions ! - Actualités - Archives des Pyrénées-Atlantiques...
#1914koGerla 2 erakusketa berri #Centenaire14-18 : découvrez les expositions ! Archives 64 Béarn Pays basque http://t.co/Ll2CHqhCWu
2014(e)ko abuztuaren 17(a), igandea
Azkaingo Kornelio musika eskolako txaranga herriko bestetan
Aurten 20 urte ospatu dituen musika eskolak adin eder horren dinamikan segitzen du.
Besta komiteak lehen aldiz ofizialki gomitaturik karrikak eta ostatuak airostu dituzte abuztuaren 16an. 8-9 lagunek trikitixa, panderoa, biolina, saxofoia eta klarineta jotzen dute. Paradaz baliatu dira zapi berriak egiteko.
Gurekin kantuz egon den bidartar gazte alai hunek haste-hastetik preziatu du eta gogotik segitu musika talde herrikoia. Detxeparek euskararentzat zion bezala: "Musika, eskolatik jaldi hadi kanpora, plazara!". Kornelio azkaindar esku-soinujole famatuaren izena dakarren musika eskolak karrikatze ildo hori zabaldu nahiez dabil. Suerte on desiratzen diogu!
2014(e)ko abuztuaren 16(a), larunbata
Borce: latsa harria eta lau iturriak
Aspe ibarreko Erdi aroko herrixka hunek badauka oraino beste altxorrik. Irudika dezagun garai hartako bizia, emazteak bokata garbitzen... eta gizonak haier beha!
Ez nuen behin ere holakorik ikusia. Latsa harriari datxikola, ez bat, ez bi, baina lau iturri, ezin hobeki lerrokatuak. Baliagarritasuna edertasunez apaindua!
2014(e)ko abuztuaren 15(a), ostirala
2014(e)ko abuztuaren 14(a), osteguna
Borce: Eliza
Oporretan ibiltzen naizelarik maite dut tokiko ondarea bisitatzea, otoiz-etxeak barne. Garaiak jarrera berezia eskaintzen dio arimari. Ez dira beti idekiak, zorigaitzez, ez baitira bisitari guziak intenzione onekoak, eskuin ta ezker egiten diren ebasketak lekuko.
Borceko elizak zabal-zabalik du atea. Gehiago dena joko bat proposatzen dauzu, ea aurkitzen dituzun gorderik diren bi itxura misteriotsu hauek!
XII. mendeko ur benedikatu-ontzia hor dugu eskuin sartzean, gizaldiz gizaldi fededun eskuek leundua eta higatua:
Nahiz ez naizen aditua, ez diot apaindura mailan estilo romanotik aztarna handirik aurkitu eliza huni... Ibili naiz zoko-moko bi itxuren bila. Alferrik. Gelditu naiz, isiltasun osoan, bakarrik nintzen-eta... Ene burua otoitzean ahantzirik ere, aspaldiko partez, xirio bat emanik... Paul Claudelen olerki famatua irakurtu dut ("La Vierge à midi : ... Parce que vous êtes la femme, l'Eden de l'ancienne tendresse oubliée, dont le regard trouve le coeur tout à coup et fait jaillir les larmes accumulées..."), baita ere Mariaren aldare ondoko otoitza... Joatean, mezutxo bat idatzi dut sartzean zabalik zagon liburuan. Borceko elizaz oroituko naiz. Mirakuilutxo.
2014(e)ko abuztuaren 13(a), asteazkena
2014(e)ko abuztuaren 12(a), asteartea
Bilhare tontorra
2014(e)ko abuztuaren 11(a), astelehena
'Cabane du Boué' etxola - Lescun
Delako "Cabane de Boué" Lescuneko zirkoan. Gida guzietan hauxe idatzia da:
"Sortie facile,presque à l'horizontale". Lehen egun baten programa aproposa beraz aztalak berotzeko.
La Fontaine-n alegian bezala, hemen geldi hor argazki bat hartu, bista gozatu, arrunt mantxo abiatu naiz, erbi edo apo-armatu, zuek hauta, inguruko lore ta aberei so.
Ikusi dut ba panel hau:
Baina gero pagadian barna galdu bainaiz ... Behien joarea entzuten nuela-ta, haien xendra segitu dut... beti ta beherago... Ez du kanorerik etxola bat hain behera mendian! Nirekin suertea zinez.. Behien jabea ustegabean topatu dut: "La cabane du Boué, c'est plus haut, par ici...". Patarra goiti noa beraz ... Nun dut xapela? hor nuen alta. Galdu dut! Berriz beheiti... Azkenean doble denbora eman ondoan etxola agertu zait!
Erbia bezala jautsi naiz, bide onetik aldi huntan! segur ba bide ona hartu banu arrunt ibilaldi errexa kausituko nuela! Errexegia doaike! Biharamunean haatik, bi pentsaketa eginik, erabaki dut zuhurrago ibili beharko nuela ondoko egunetan... ez baita beti topatzen bide onean emateko tokiko laborari edo artzainik...
2014(e)ko abuztuaren 10(a), igandea
Borce herrixka Jakobe bidean
Borce herria Aspe ibarreko "harri bitxia". Astiarekin bisitatzen dena. Ene oroit-hari huntan, artikulu bat baino gehiago eskainiko diot, argazkiak ttanttaka ixuriz.
Urrats bat, oinez. Kosta da. Izaeraren energia guzia eskatzen du.
Naizen lekutik haratago heltzeko zenbat eman behar? Umorez erantzun daiteke ezta? panel huntan adierazi bezala
Xori kantaria
Mendian gora
Lescun zirkoa,
"Soum de" lañotsu
Ni gogoetatsu,
Borda hegian
Irakurtzean.
Isiltasuna
Soinuz betea:
Xorien kanta
Ta traktorea,
Abelzain hotsa
Behi joarea,
Zakurren zaunka
Eulien nazka,
Han hegazkina
Hor auto tuta.
Xoriak beti
Kantuz ibilki,
Bat airatu zait
Triste ote da?
Xorien kanta
Misterioa.
Norbaitek daki
Horien berri?
Lainoarekin
Haize hotz ta fin,
Hozturik-eta,
Fite barrura.
Ene galderei
Erantzunik ez...
Kantuz hasi naiz.
Lescun. 2014/08/04.
2014(e)ko abuztuaren 1(a), ostirala
Gerla Handiak 100 urte - EGILEA
#1914koGerla Gerla Handiak 100 urte: Eskualduna eta Euzkadi agerkarietako testuak digitalizatu ditu @Susa_news -ek http://t.co/dIdpmHXmE4
Gerla Handiak 100 urte - EGILEA
hemeroketa.com
1914ko uztailaren amaieran hasi zen Europa eta mundua astindu zuen gerra, Gerla Handia, I. Mundu Gerra. 4 urte iraun zuen, milioika hildako, milioika zauritu eta triskantza izugarria utziz.