Azaroko azken egunak. Urteko garai ilunenean sartuak gira. Egunak labur. Laster eta harekin dakarren erran-zahar ezaguna.
Garai hauek maite ditut bero zakarrak bezainbat. Egurra erretzen ari da furnegoan. Goxo da barnean. Pausatzeko garaia.
Bazkaltzen ari nintzela, sukaldeko leihotik xorien harat-hunatak segitu ditut: lehen hotzak senditu ordu, suillarda zokoan atxeman gantza eta hazi borobilak zintzilikatu ditut. Barne zorionez betea, ikusi ditut jan ta jan, burua beheiti ta goiti, papogorriak eta arotz edo igeltzero txoriak (delako sitelle torchepot hegazti nimiño xarmantak).
Udako oporrak neguan prestatzen ditut: norat joan, zein etxe edo apartamendu alokatu, zer bisitatu, eskualde horri lotu dokumentazioa bilatu, liburuak, kartak manatu...
Halaber pasa den udari behako bat ematen diot, batez ere argazkiak berriz behatuz, bereziki erakusten duten argia... Joan den udako egonaldiaz ez dut oihartzun handirik eman hemen, edo egia erran batere. Alta zernahi argazki eder eta oroitzapen on badut...
Berant bada berant zintzilikatuko ditut bakarrik Bonneval-sur-Arc herrixkarenak: Maurienne ibarran dagon azken herria, mendian gora kokatua den etxe multxo ezin ederragoez osatua!