Igande goiz huntan hartu dut berria: Emile Larre pausatu da atzo Kanbon 89 urtetan. Baginakien gaizki zagola azken denbora hauetan.
Maisu handi bat itzali zauku. Apeza, euskararen eta euskal kulturaren alde anitz bermatu dena. Militante sutsua. "Herria" aldizkariaren zuzendaria, idazlea, euskaltzaina, bertsularitzaren sustatzailea, ...
Ikus Emile Larre-n biografia :
- Euskal kultur erakundearen atarian
- Bidegileak sailan, Eneko Bidegain-en aurkezturik (PDF)
Euskal kultur erakundeak, nahi zuen daraman ahozko memoria bilketan Emile Larre filmatu, baina zorigaitzez jadanik eri handia zen. Zorionez, haren lekukotasuna bildua izan da 2010ean, Ahotsak.eus Euskal Herriko hizketa eta ahozko ondare bilketa sailan Xan Aireri esker.
Militante suharra izan denari agur eta ohore, Jean-Pierre Mendiboure (edo Mendiburu) bertsulariak idatzi bertsu hauen bitartez:
Apez euskaldun bertsuzalea ta gainera Euskalzaina
Baigorriar seme Emil Larre da euskal idazle bikaina
Bertsularien argitzaile ta epaile ere izana
Esker oneko agur batekin natorkizu zure gana
Ederra bezain balios baita egina daukuzun lana